1975etik baliabide teknikoak eta zaharberritze-irizpideak betebehar museistiko berrietara egokitu ditu, Museoaren bilakaeran modu aktiboan parte hartuz. Bere egiteko nagusia Museoaren bilduma kontserbatzea da, eta gauza bera egitea Museoaren instalazioetan dauden artelan edo ondasun kultural guztiekin. Era berean, funtsezko zeregina dauka artelanen gaineko ezagutza zientifikoari dagokionez eta lan horiek jendartean zein komunitate zientifikoaren artean hedatzeari dagokionez.
Kontserbazio prebentiboaren helburua artelanetan izan daitezkeen kalteak saihestea da, eta zeharkako zenbait ekintzatan gauzatzen da:
Kontserbaziorako tratamenduak edo, hala deitu baitzaie ekintza horiei, kontserbazio sendagarriak, artelanaren gaineko ekintza zuzenak dira, eta artelana hondatuta dagoenean baino ez dira aplikatzen. Horren bitartez, besteak beste, materia finkatzen da eta egonkortze estruktural edo kimikoa ahalbidetzen da. Zaharberritze-ekintzei esker, normalean, artelanak itxuraldaketa bat izaten du, eta neurri horiek artelanen irakurketa bueltatzeko edo ahalbidetzeko asmoz aplikatzen dira, artelanaren esanahia aldatu gabe. Jendeak lan horrekin identifikatu izan ditu beti kontserbatzaile-zaharberritzaileak, baina, gaur egun, beharrizan museologiko berriak direla eta, kontserbazio eta ikerketa ekintzak ere sustatzen dira. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman pieza ugari daudenez, diziplinarteko lana egin beharra dago, eta, ondorioz, gero eta lankidetza gehiago eta gero eta aditu-truke gehiago dago zenbait erakunde publikorekin; esate baterako, Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuarekin, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluarekin edo Pradoko Museo Nazionalarekin.
Bildumako lanak eta, horri lotuta, euren egileak ezagutzea du helburu. Ikerkuntza dokumentala eta analisi zientifikoko teknikak aplikatuz, pieza bakoitzaren historia materialari eta teknikari buruzko informazio zehatza eskuratzen da. Argi ultramoreak lanaren azalaren inguruko datuak ematen ditu; erreflektografia infragorria geruza piktorikoaren maila sakonetara iristen da; erradiografiak egituraren eta eraikitzeko ezaugarrien berri ematen du; eta azterketa estratigrafikoari esker, materia piktorikoa sakonago ezagutzen da. Teknika horiek, sarritan, lotuta daude pigmentu, zama-material, aglutinatzaile eta bernizen osaera zehatzari buruzko analisi kimikoekin. Halaber, erabilitako ehunak aztertzen dira, hala nola, mihisea, euskarrien zurak eta eskulturako materialak.
Informazio hori biltzeko, sarri askotan, adituen diziplinarteko lankidetza behar izaten da, eta, lan hori egiteko, irizpide zientifikoak erabiltzen dira Kontserbazio eta Zaharberritze Sailean. Modu horretan, ikertzen ari garen artelanaren kontserbazio egoera ebaluatu daiteke, patologia posibleak diagnostikatu daitezke eta tratamendurik egokienak finkatu daitezke. Baina, beste muturrera jota, egileak lan egiteko zeukan modu zehatzera hurbildu gaitezke, eta, gainera, haren lanaren arlo estilistiko eta kontzeptualak ere ulertu ditzakegu. Laneko teknika eta metodologia horiek oso informazio aberatsa ematen dute, eta, horrela, artelan bat historiako aro jakin batean kokatu daiteke edo artista baten ibilbidearen berri jaso daiteke. Azken batean, datu horiek funtsezkoak dira ondasun kulturalak ikertu edo horien gaineko esku-hartzeak egiteko orduan.
2013an hasita, Iberdrolak laguntza ematen dio museoaren zaharberritzen eta kontserbazioko urteko egitarauari. Hitzarmena 75.500 euroko urteko kopuru berriztagarrian finkatuta dago. Horri esker, bildumaren baitan hautatutako artelan batzuen tratamenduak egin daitezke eta Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak egiten duen lanaren zati bat mantendu.
Iberdrola Museoa Programa 2018
Iberdrola Museoa Programa 2017
Iberdrola Museoa Programa 2016
Iberdrola Museoa Programa 2015
Iberdrola Museoa Programa 2014
Iberdrola Museoa Programa 2013
: Premia bereziak dituzten pertsonak
Iberdrola Fundazioaren ikerketarako bekak eta laguntzak eman dira
Laguntzailea: