X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Henri de Toulouse-Lautrec margolariak (Albi, 1864 – Saint André-du-Bois, 1901), XIX. mendeko bigarren erdiko paristar buhameriaren kronikarietan onenak, margolan honetan Madame Poupoule-ren erretratua egin zuen. Madame Poupoule prostituta entzutetsua zen eta, noizbehinka, artistaren modelo; izan ere, beste bitan ere margotu zuen, 1899an eta 1900ean hain zuzen.

Koadroa bere karreraren bukaeran egin zuen. Obra intimista da, Degas-en joeratik gertukoa, eta Toulouse-Lautrec-en 1890. hamarkadako obran nabari den sentikortasun aldaketaren eredua. Alabaina, hamarkada hartan, edariarekin zeuzkan arazoak larritu egin zitzaizkion; 1899an psikiatria klinika batean sartu zuten, hilabete batzuetan.

Hala, bere karreraren hasieran Parisko gaueko bizitzaren alderdi alaienak gogoratzea interesatzen zitzaion arren, azken urteetan dantzariak, koristak eta prostitutak erretratatzen zituen, pertsona isolatu eta malenkoniatsuak. Margolan hau da XIX. mendean artista ugariri (horien artean, Courbet, Manet eta Seurat) interesatu zitzaien emakumezkoen toilette generoaren adibide: Madame Poupoule apaintze-mahaiaren aurrean eserita ageri da, bere baitan bildua, ispiluko islari begira.

Obra hau daukan izaera introspektibo eta amets-giroagatik da nabarmena. Emakumea apaintzen ari zela atzeman dute ustekabean, eta norberaren begiespenean galdua dago. Orrazia dauka eskuartean eta, adats gorriek aurpegiaren alde bat tapatzen dioten arren, haren begiradak eta ahoaren keinuak ispiluan bere irudia ikusteak eragiten dion etsipena agertzen dute. Pintoreak, eszenan, ahalik eta elementu gutxien jarri ditu: apaintzeko tresna bakar batzuk aurrealdean.

Toulouse-Lautrec Albi-ko familia aristokratiko batean jaio zen. Denbora baino lehen margotzen hasi zen haur mengel eta gaixotia izan zen; gainera, haren hankek hazteari utzi zioten, hezurretako gaixotasun arraro baten ondorioz. Pintatzen ikasten 1882an hasi zen, Léon Bonnat eta Fernand Cormon-en eskutik; haiek formazio artistiko tradizionala eman zioten, Naturalismoaren estetika erakutsi zioten.

Aurrerago, pintore inpresionisten proposamenak gustatu zitzaizkion eta, hala, irudikapen ezin hobeetatik urrun zegoen eta artistaren gertuko errealitatea erakusten saiatzen zen arte horretan trebatu zen.

Hasieran pintzelkaden adierazpen- -aukerak eta kolorea interesatzen zitzaizkion eta, gero, interes horri grabatu japoniarrak gehitu zizkion; grabatuen bilduma ere egin zuen. Manet, Degas edo Renoir pintoreek bezala, bizitza modernoaren aldaerak agertu nahi zituen, batik bat Montmartre-n aurkitzen zituen egoera eta pertsonaien bitartez. Parisko auzo hura Toulouse-Lautrec-en bizitzaren eta karreraren muin bihurtu zen, eta betikotu egin zuen haren obrari sona eman zioten energiaz eta kolore biziz betetako ehunka koadro, kartel eta grabatuetan.

Zerrendara itzuli