X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Anselm Kiefer (Donaueschingen, 1945) nazioartean osperik handiena duen artista alemaniarra da. Bere lana kultua eta konplexua da, eta, memoria kolektibo alemaniarra pizteaz gain, introspekzio pertsonalerako bidea ere bada.

Zazpi jauregi zerutarren liburua (Sefer Hechaloth) lanak laurogeiko hamarkadatik aurrera izan duen ohiko erreferentzietako bat erakusten du: literatura espiritual hebrearra, eta, zehatzago esateko, Kabala. Zenbait tradiziok, modu sinbolikoan, eskaileraren irudia erabiltzen dute, arima zerura igo dela adierazteko. Hemen, Kieferrek bidaia espiritual hori interpretatzen du; hain zuzen ere ere, liburuan, jakituriaren eta ezagutzaren transmisioaren sinbolo gisa agertzen da gai hori. Lanaren formatu handiak eta kolore gorren paleta murritzak, mihiseko berunean edo paperean ere badaudenak, lanaren seriotasun handia areagotzen dute.



Erlijioa, Kieferren arabera

Málagako Arte Garaikideko Zentroak, CAC Málaga, bere bilduma iraunkorrean daukan artistarik enblematikoenetako bat Anselm Kiefer da (Donaueschingen, Alemania, 1945), egungo Europako arte garaikidearen artista adierazgarrienetakoa. Seber Hechaloth (2002) lana bere baliabide eta inspirazio-arrazoirik nagusienen adierazpen osoa da. Mitologia germaniarra, alkimia, filosofia, Kabala, Biblia edo bere herriaren historian berriki gertatutakoa dira inspirazio-iturri izan dituen gaiak.

Seber Hechaloth (Zazpi jauregi) izeneko lanak mistizismo judutarra eta AzkenJudizioaren eguna heldu arte fededunak egin beharreko bidea ditu oinarritzat. Bide hori, berez, igoera malkartsua da, eta erlijioaren ikuspuntu berezia eta subjektiboa islatzen du, hain zuzen ere, erritu judutarraren printzipioena. Eskailera berezi hau osatzen duten zazpi mailak tamaina handiko liburuak eta eskuizkribuak dira eta lanetik bertatik irteten dira, mihisea baino haragoko bolumen-sentsazioa eskainiz. Baliabide hori aurretik erabili izan du Kieferrek beste konposizio batzuetan, eta, horietan guztietan, ilusio espaziala eta optikoa sortu ditu. Kieferrek material eta ehundura mota guztiekin egiten ditu saiakuntzak bere estudioan, Barjacen, Avignonetik gertu dagoen herritxo batean, eta, honezkero, zenbait urte daramatza lanean bertan.

Zazpi mailak, aldi berean, inspirazio judutar nabariko ideia batean oinarritzen dira: zazpi jauregien edo tenplu jainkotiarren liburua. Lanaren goiko aldean, "Mercaba" (karroza) berba irakur daiteke. Erlijio judutarrean espiritualitatea esan nahi du, eta igoera horren unerik gorenena da, liburu sakratuen bitartez erdietsia.
 
Horrenbestez, lanaren interpretazioak erlijioaren eta fededunak Azken Judiziora arte egiten duen ibilbidearen gaineko ikuspuntua planteatzen du. Era berean, Kieferrentzat, su eta ke arrastoekin hondatutako eskuizkribuz osatutako lanaren itxura orokorretik abiatuta, adierazi dezake suntsipena espiritualtasunetik berpizten dela, hots, Fenix hegaztia hobetzeko aukera dela beti. Hedaduraz, herri judutarrak Alemania nazian, eta, hainbat mendez, mundu osoan pairatutako sarraskiaz eta jazarpenaz ere dihardu.

Málagako CACen erakusketa iraunkor honen Apokalipsi espazioan lan hau ikusteko aukerak hausnarrarazi egiten dio bisitariari: bere sinesmenen gainean, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren gainean, horiek guztiak lau metroko garaiera eta hiru metroko zabalera duen mihise erraldoi batean islaturik daudela. Hori da, hain zuzen ere, Kieferrek erakutsi nahi duena bere lanarekin, eta hori da, halaber, ikusleekin mantendu nahi duen elkarrizketa. Artistarentzat, identitate kulturala eta pertsonala adiskidetzeko eta baieztatzeko bidea da.

Horregatik, Bilboko Arte Ederren Museoan aurkezteko aukerak are gehiago handitzen ditu herrien arteko tolerantzia eta komunikazio-balioak, inoiz ezkorra ez den Kieferren lanak aldarrikatzen duen enpatia iraunkorra. Argi eta garbi, erlijioa ulertzeko beste modu bat da, kanon tradizionaletatik aldentzen dena, eta norberaren parterik barrukoenaren eta pertsonalenaren, sinesmenen eta espiritualitateen parte izateko.

 

Fernando Francés
Málagako Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaria, CAC Málaga


Kiefer, Anselm
Sefer Hechaloth, 2002
Olioa, akrilikoa, emultsioa, metala, papera eta beruna mihisean, 381,6 x 280,6 x 30,5 cm
Centro de Arte Contemporáneo de Málaga

Babeslea:

Anselm Kiefer

Zerrendara itzuli