X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Bilboko Arte Ederren Museoak Anselmo Guinea (1855–1906) margolari bilbotarrari eskainitako lehenengo erakusketa monografikoa aurkezten du. Horretarako, 80 lanetik gora bildu dira, erdia baino gehiago sekula argitara eman gabeak, eta beste asko jendaurrean jarri gabeak duela 100 urte baino gehiagotik. Beraz, aukera aparta da margolari honek argiarekin zuen birtuosismo finaz eta argia islatzeko modu bikainaz gozatzeko; izan ere, funtsezko margolaria da mende aldaketako euskal pinturaren eraldaketa estetikoak ezagutu ahal izateko. Gainera, museoko Aholku Batzorde Artistikoko kide den Mikel Lertxundi Galiana historialariak ikerketa-lan zorrotza egin du erakusketarako. Ezagutza eta ikerketa arloko lan hori jasota geratuko da museoak erakusketa dela-eta argitaratuko duen katalogoan.

Lanen hautaketak Guineak landutako generoak hartzen ditu kontuan –eszena kostunbristak, paisaia eta erretratua–, bai eta erabili zituen teknikak ere –olio-pintura batez ere, baina akuarelak eta marrazki preziozistak ere bai–. Ibilbideari hasiera emateko, 1870eko hamarkadan Bilbon pintatutako paisaia errealistak egongo dira ikusgai. Gero, Guinea Italian egon zen 1881 eta 1887. urteen artean, eta egonaldi horrek bere interesen esparrua zabaldu zuen, ekialdeko pinturara, kasaken pinturara, eta historiazko eta ohiturazko pinturara joz. Urte horietan, bere teknika eta maisutasuna finkatu zituen argia islatzeko orduan. Hamarkadaren amaieran, harreman estua izan zuen Adolfo Guiard (Bilbao, 1860–1916) margolariarekin, eta, horren ondorioz, Guinea zenbait ezaugarri inpresionista erabiltzen hasi zen, batez ere konposizioen atzealdeetan aplikatuta.

XIX. mendeko azken urteetan, Parisera bidaiatu zuen, eta bertatik bertara ezagutu zituen inpresionismoa, puntillismoa eta modernismoa. Une hartatik aurrera, bere pintatzeko moduak aldaketa nabarmena izan zuen, argitsuagoa eta arinagoa izatera pasatuz. Euskal kostunbrismoa eta paisajismoa berritzeko egin zuen ekarpena funtsezkoa izan zen, eta ekarpen hori Adolfo Guiard, Darío de Regoyos eta Manuel Losada margolarienekin elkartu zen. Industrializazioa paisaia aldatzen hasi bazen ere, Guineak ikuspegi landatarrari eutsi zion, eta, horretarako, hainbat tipo eta gai aurkitu zituen Arratiako haran idilikoan. Mende-aldaketako urteetan, bertako zenbait bildumagileren lagun egin zen, eta, batez ere, Ramón de la Sota ontzi-jabearekin; hori dela eta, bere erregistro tematikoa handitu eta itsas eszenak pintatzen hasi zen. Gainera, beiratearen aukera artistikoak jorratu ahal izan zituen ikuspuntu modernistatik.

Erakusketari amaiera emateko, 1902 eta 1905. urteen artean Erromako egonaldietan egindako lanak egongo dira ikusgai. Garai hartan, errealismo sozialean oinarritu zen, eta, berriz ere, kostunbrismo italiarrean. Azken joera hori Italiako bildumagileen eskaria asetzeko jorratu zuen, haiek beti egon baitziren interesatuta Anselmo Guinearen ibilbide artistikoan. Margolaria, baina, gazterik hil zen, eta bere ibilbidea errotik moztuta geratu zen.


Irudian:
Anselmo Guinea (Bilbao, 1854 - 1906)
Jendea, 1904
Olioa mihisean, 147 x 190,5 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa

Babeslea:

Anselmo Guinea (1855-1906)

Zerrendara itzuli