X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

"Lecuonak goreneko solairuan zeukan estudioa, ganbara moduko batean, urtebete nuenetik hogeita zazpi urte bete nituenera Bilbon bizi izan nintzen etxe berean. Han ikasi genituen marrazketako oinarriak, baita pinturakoak ere, nire garaiko bilbotar gehienok, marrazketa eta pintura zale nahiz profesional gisa landu ditugunok".

Miguel de Unamuno, Recuerdos de niñez y de mocedad, 1908


 

Antonio María Lecuona (Tolosa, Gipuzkoa, 1831-Ondarroa, Bizkaia, 1907) kostunbrismoaren aitzindari gisa nabarmendu zen euskal pinturan; eta ospetsua da, halaber, XIX. mendearen bigarren erdian jaiotako artisten belaunaldi baten irakasle izan zelako hiru hamarkadaz. Haren ikasleen artean, nabarmentzekoak dira, batik bat, Anselmo Guinea, Adolfo Guiard, Manuel Losada, Francisco Durrio, Alberto y José Arrúe eta Gustavo de Maeztu.

Lecuonaren errepertorioko obra nagusietako bat dohaintza partikular bati esker bilduman sartu dela eta –Euskal ohiturak olioa, 1860–, erakusketa txiki bat eskainiko dio museoak egileari, eta erakusketa horretarako bildu dira hark margotutako dozena bat mihise, artista irudikatzen duen igeltsuzko busto anonimo bat, eta David Teniers II.a margolari flandestarraren pintura bat (Anberes, Belgika, c. 1610-Brusela, 1690), Prado Museoak maileguan utzia. Horrekin batera, katalogo batean bilduko da Lecuonaren obra ia osoa, Mikel Lertxundi Galiana arte-historialariak aztertua, historialari horrek haren ibilbideari buruz idatzitako testu batekin batera. Testua euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, dohainik jaisteko moduan, gure Irakurketa aretoan.

Lecuona 1851 inguruan iritsi zen Bilbora, eta han hartu zituen lehen eskolak, Cosme Duñabeitia margolari bilbotarra irakasle zuela. Handik bi urtera, Madrilgo San Fernandoko akademian eman zuen izena, eta, 1857an, ikasketak amaitutzat emanda, oposizioetara aurkeztu zen, baita atera ere, Zientzia Naturalen Museoan marrazkilari zientifikoaren plaza betetzeko. Lehiaketa irabazi zuen. Garai hartan Teniersen obra aztertu zuen, eta sarritan kopiatu, Pradon, baita Madrilgo eskola kostunbrista garaikidearen obra ere.

Orobat miretsi zuen bere lagun Antonio de Trueba idazlearen lana (Galdames, Bizkaia, 1819-Bilbo, 1889), zeinak lortu baitzuen ospea kontakizun herrikoiei esker, Lecuonaren pinturetako gaiekin identifikatzen direnak horietako asko. Margolaritza eta literaturako eragin horiei guztiei esker, eta ukitu erromantikoko erregionalismoarekiko interesak bultzatuta, ikonografia propio berezi bat garatu zuen, tokiko eredu eta ohituren gorespenean oinarritua; eta generoko euskal pinturaren oinarriak finkatu zituen horrela. Lecuonak eta Truebak biek zuten halako kostunbrismo zirtolarirako, baina, aldi berean, moralizatzailerako joera, erromantizismoak oinordekotzan utzitako nekazari-ereduak erakusteko xedeari uko egin gabe.

Irudian:
Antonio María Lecuona (Tolosa, Gipuzkoa, 1831-Ondarroa, Bizkaia, 1907)
Euskal ohiturak, 1860
Olioa mihisean. 111,3 x 168,2 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa

Zerrendara itzuli