X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

A(r)teak zabalduz

TOPAKETA BIRTUALA

Topaketa honetan izango dira Hans Ulrich Obrist, Londresko Serpentine Galleries museoko zuzendari artistikoa, eta Miriam Alzuri, arte historialaria eta museoko teknikaria. Artistak bere obraren eta sorkuntza-prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu.

Estreinaldia abuztuaren 14an (ostirala), 20:00etan, YouTuben daukagun kanalean.

Banco Santander Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak Obra Gonbidatua programa jarriko dute abian berriro ere, Maider López artistak museoak egindako aginduari erantzunez sortutako site-specific sormen lanarekin. Arnasa museoaren kanpoaldetik ikusten den argi instalazio bat da. Egunero ikusteko aukera izango da, ilunabarretik goizeko ordu batak arte, gaurtik aurrera eta uda osoan zehar.

COVID-19aren ondorioz sortutako osasun krisiaren testuinguru berrian, museoak eta Banco Santander Fundazioak Maider López (Donostia, 1975) artistari esku hartze artistiko bat sortzeko eskaera egin diote, erakundearekin berarekin elkarreraginean jardungo duena eta, aldi berean, ikuslea bultzatuko duena arteak eta museoek gizartean betetzen duten zereginari buruz gogoeta egitera. Lehenengo aldia da museoak sorkuntza artistiko bat ex profeso eskatzen duena –lehena Obra Gonbidatua erakusketa formatuak daraman 19 urteetan eta 63 edizioetan–. Oraingo honetan, gainera, estuki lotuta dago bertako espazioarekin eta gaur egungo egoerarekin.

Arnasa izan da horren emaitza. Instalazio horretan museoaren argiaren intentsitatea arnasaren erritmoaren arabera graduatuko da, eta artistak proposatuko du, era horretara, museoak, itxita eta gizakirik gabe egonda ere, zabaltzea eta "arnasten" jarraitzea, bizirik eta inguruneko bizitzari lagunduz. Sortzailearen arabera, "kaletik ikusteko pieza bat da, museoari kanpotik begiratzeko eta hirian txertatzeko pentsatua".

Arnasa (2020)

Gaur egungo osasun krisiak egoera guztiz berezia eragin du, eta egoera horretan itxita egon dira ia mundu osoko museoak; hala ere, lanean jarraitu dute: galeriak ukitu gabe egon dira, koadroak eta lanak ondo mantentzeko giro baldintza egokiak eduki dituzte, museoko langileen zaintzapean beti. Ikuslerik gabe ere margolanak hor egon dira, eta, beharbada, baita jendearen imajinarioan ere; baina, batez ere, museoan egon dira.

Maider Lópezen lanaren bitartez zabaldu egingo ditu Bilboko museoak bere mugak, eta bisitaria, orain arte absente, paseari bihurtuko da –Charles Baudelaireren noragabeko flâneur–, zeinak ez baitu lana museo barruan ikusiko, kanpotik baizik, hirian noraezean ibiltzeak eta aire zabalaren premiak kolektiboaren grina bihurtu diren historiako garai honetan.

Honela deskribatzen du Maider Lópezek bere lana:


"Museoak argiaren bitartez arnasa hartzen du. Eraikin barruko argia gradualki pizten eta itzaltzen da, arnasketaren erritmo bare eta etengabean. Argitasuna leiho eta beirateetatik irteten da, museoa zabalduz eta barrua eta kanpoa konektatuz. Argiaren intentsitate aldaketa kaletik ikusten da, eta bertatik igarotzen denak ikusten du museoaren barrualdeak argia jariatzen duela, arnasa hartuko balu bezala, eraikinaren barruko bizitzara eramanez.

Museoko areto guztiak pizten eta itzaltzen dira aldi berean, gradualki. Museo osoak arnasa hartzen du, unitate bakar bat balitz bezala, eta horrela ikusiko da fatxada guztietan.

Argitasunetik iluntasunerako trantsizioak eta alderantzizkoak 8 segundo inguru irauten du, eta argi trantsizio bakoitzean gutxi gorabehera 3 segundoko gelditasun une bat egongo da (argitasuna edo iluntasuna). Eraikinak arnasa hartzen duen pertzepzioa denborek eta arnasketa maiztasunak ematen dute: arnasa hartzea (argitasunera trantsizioa), airea gordetzea edo apnea (argiaren lasaitasun laburra), arnasa botatzea (argitasunetik iluntasunerako trantsizioa) eta apnea (iluntasuna), eta esaldi horien etenik gabeko jarraitasuna.

Proiektuak kontuan hartzen du COVID-19aren osasun krisiaren ondoriozko testuingurua. Kaletik ikusteko pieza bat da, museo kanpotik begiratu eta hirian txertatzeko modukoa.

Museoa, itxita ere, bizirik dago. Bi hilabetez museoa hutsik bisitatu nuenean, sentitu nuen obra horiek guztiek hor jarraitzen zutela, nahiz eta gu ez egon. Bizitza-sentipen oso indartsua izan zen, museoa itxita egonda ere, lagungarria dela sentitu nuen, lorategi bat bezala, bertara ezin sartu bagara ere eta zuzenean ezin badugu ere hura ikusi edo hartaz gozatu, bertako zuhaitzek eta landareek denon bizitzari laguntzen diote, airearen bitartez, erleak ere joaten dira...

Nire lanak existitzen diren osagaietan du abiaburua, zeinak dislokatzean egoera berri bat sortzen baitute, errealitate komunak eraldatuz. Kasu honetan, argien erritmoa dislokatu, eta agerian jartzen da museoaren bizitza, hura zabalduz, mugimendua emanez eta animatuz. Espazio publikoan eta arkitekturan esku hartzen duen instalazio bat; gauzen eta lekuen estatismoa hausten du eta ikusteko eta gure ingurunearekin harremanak edukitzeko modu berriak bilatzera bultzatzen gaitu".

Arnasa museoaren kanpoaldetik ikusi ahalko da ekainaren 4tik aurrera eta uda osoan zehar, ilunabarretik goizeko ordu batak arte. Sorkuntza lan efimeroa da, eta bideoz eta argazki bidez jasoko da haren lekukotasuna.

 

 

Ficha técnica


Bilboko Arte Ederren Museoa
Koordinazioa: Javier Novo González (Kontserbazio eta Ikerketa Sailaren koordinatzailea)
Miriam Alzuri Milanés (Erakusketa Saileko teknikaria)
Argiteria: Eneko Rekalde Larrinaga (Argiteria eta Sistemak alorraren arduraduna)
Francisco Alonso Muñiz (Argiteria eta Sistemak alorraren laguntzailea)
Ikus-entzunezkoak: Ramón Ganuza Álvarez (Grabazio eta edizioaren laguntzailea/Fotografia)
Kanpoaldean
Argiteria: Karmelo Tamayo Gutiérrez (Spazio Viabizzuno Vbobilbao)
Andoni Ramos Rodríguez y Alberto Robledinos Sanchez (Ditalight)
Grabazioa eta edizioa: Pablo del Caño Ayuda

 

Maider López

Maider López (Donostia, 1975) Arte Ederren lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Londresko Chelsea College of Arts-en egin zituen graduondoko ikasketak. Nazioartean oihartzun handiena duen euskal artistetako bat da.

Arkitektura eta eremu publikoa abiaburu duten ekintzetatik eta esku hartzeetatik abiatuta osatu da bere lana; egunerokoa hautemateko eta harekin harremana edukitzeko modu berriak proposatzen dizkio ikusleari. Bere lan askotan izaten da ikusleen parte hartzea, eta leunki aldatu den espazio batean sartzen ditu, haren parte izan daitezen.

Lópezen lana estatuan zein nazioartean erakutsi da. Veneziako Biurtekoan parte hartu zuen 2005ean (The Experience of Art, 51 Biennale di Venezia), Xarjakoan 2009an (Provisions for the Future, Sharjah Biennial 9, United Arab Emirates) eta Istanbulekoan 2013an (Mom, am I a Barbarian, 13th Istanbul Biennial).

Horrez gainera, hainbat proiektu egin ditu espazio publikoan eta erakusketak egin ditu museoetan eta hainbat kultura erakundetan, hala nola: Galería Espacio Mínimo, Madril (Zoom in, 2017); Matadero Madrid (1645 Tizas, 2016); Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia, eta MARCO, Vigo (Desplazamiento, 2015 eta 2016); Les Ateliers de Rennes, 4ª Biennale d'Art Contemporain, Rennes, Frantzia (Play Time, 2014); Lower Austria Contemporary (Mountain, 2013); SKOR. Foundation Art and Public Space eta Witte de With Contemporary Art, Herbehereak (Polder Cup, 2010); Centre Pompidou-Metz, Frantzia (Eclats, 2010); SCAPE, Christchurch Biennial of Art in Public Space, Zeelanda Berria (2008); Guggenheim Bilbao (Chacun à Son Goût, 2007) edo Caixa Forum Bartzelona (Columnes, 2006).

Babeslea:

Zerrendara itzuli