X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Bilboko Arte Ederren Museoak bat egin du Grabatuaren eta Papereko Artearen Nazioarteko FIG Bilbao Jaialdiaren VI. edizioarekin, eta museoko estanpen multzo zabaleko 59 grabatu izango ditu ikusgai 2018ko otsailaren 26ra arte, konposizioko elementu adierazkor gisa kolorea izatea hari gidaritzat hartuta.

Museoa elkarlanean aritzen da FIG Bilbaorekin, 2012an lehen edizioa izan zenetik, eta, harrezkero, urtero egin ditu erakusketak, hala nola Giovanni Battista Piranesi (2012), Mimmo Paladino (2014) eta Lucas van Leyden (2015) artistei eskainitako monografikoak; edota Sardiniako grabatuari (2013) eta Vivanco Bildumari (2016) buruzko erakusketa kolektiboak. Elkarlanaren oinarrian museoak paper gaineko obraren azterketari eta zabalkundeari tradizioz eskaini dion jarduera dago, haren funts ugariak 10.000 obratik gora baititu, eta horietatik 3.000 grabatuak baitira.

Ildo horretan, azken urte hauetan museoak paperari buruzko erakusketa asko antolatu ditu, bere funtsetan oinarrituta: XV. mendetik XVIII.era arteko marrazkiak eta grabatuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma (2005), Carlos de Haes. Marrazkiak eta grabatuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma (2006); Cézannetik Légerrera. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma (2009); Goya. Asmatutako estanpak (2012); edo, oraintsuagokoa dena, kartelgintzari eskainitako Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (2015).

 

FIG BILBAO Bilboko Arte Ederren Museoan

Hasieratik bertatik, Grabatuaren eta Papereko Artearen Nazioarteko FIG Bilbaok batera uztartu ditu merkataritzako proposamena eta obra grafikoa ezagutzeko, ikertzeko eta balioesteko planteamendua, grabatuaren kultura ezagutzera emateko, ikusleak erakartzeko eta artearen merkatua bultzatzeko asmoz. Esparru horretan sortu da Beltzetik harago. Koloretako grabatua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman erakusketaren babesa.

Erakusketa hau urteko programazio zabalaren parte da, beste erakusketak, eztabaidatzeko mahaiak eta azaltzen ari den grafikari buruzko topaketak bezala, adibidez, datorren larunbatean, irailaren 28an, Bilboko Zabalgune eraikinean goizez izango den Open Portfolio programa bezala. Programatutako jarduerak FIG Bilbao Azokarekin batera amaituko dira, azaroaren 16tik 19ra bitartean egingo dena, Musika eta Kongresuetarako Euskalduna Jauregian, eta horrek Bilbo nazioartean emango du ezagutzera, batez ere Atlantikoko arkuan, grabatua eta paper gaineko artea zabaltzeko merkatuaren erdigune gisa.

Oraingoan, FIG Bilbaok eta museoak balio didaktikoa daukan proposamen bat hautatu dute, koloretako grabatuaren historia eskainiko baitiete ikusleei, hasieratik gaurdainokoa, bildumako 59 estanparen bidez. Museoko Bilduma Saileko buru den Javier Novok aukeratu ditu estanpak, eta erakusketaren katalogoko testua idatzi du, Espainiako grabatuari buruzko literaturari benetako ekarpen ona eginez.

Paul Cézanne, Francisco Iturrino, Joan Miró, Francis Bacon, James Rosenquist, Luis Gordillo, Eduardo Arroyo, David Hockney, Allen Jones, Robert Motherwell, Mimmo Paladino eta Cristina Iglesias dira ibilbide horretan aipatutako artista esanguratsuetako batzuk.

XV. mendetik aurrera, grabatuaren teknika izan zen irudiak ezagutzera emateko Europan gehien erabili zen sistema. Ale asko prezio merkean estanpatu ahal zirenez, eta garraiatzea eta zabalkundea egitea erraza zenez, gehienbat XVIII. mendetik aurrera, estanpak merkaturatzeko eta bildumatzeko joera azaldu zen Europa osoan. Horrela, bada, erreproduzitzeko teknikak pixkanaka hobetu ziren, eta estanpak fintzeko eta artistikoki hobeto burutzeko moduak bilatu ziren.

Horrenbestez, berehala utzi zuten bazterrean grabatuen eskuzko edertzapena, eta teknikak esperimentatzen hasi ziren, kolorea era mekanikoan sartu ahal izateko, adierazkortasuna emate aldera. Gutxi gorabehera artisautzakoak ziren zenbait prozedura probatu ondoren ‒besteak beste, Europako iparraldean estanpatze xilografikoak egin zituzten, zurezko hainbat ziri erabiliz ingerada eta itzaletan, tonuerdi eta argietan; Italian chiaroscuro teknika zegoen, eta Ingalaterrako grabatzaileek erruz erabili zuten mezzotinta‒, XVIII. mendean sistematikoki hasi ziren koloretako grabatua ekoizten Frantzian. Jean-François Janinet, Gilles Demarteau –haiek egindako bi eta hiru estanpa ditugu ikusgai, hurrenez hurren– eta beste artista batzuek ez zuten elementu osagarri huts gisa erabili; haientzat, ezinbesteko osagaia izan zen, teknika honek zituen adierazpideen barruan, eta hainbat xafla gaininprimatzen zituzten, bakoitzak kolore-arloa ondo zedarrituta zuela. Iraultza hori 1796an burutu zen Alemanian, Aloys Senefelderrek litografia asmatu zuenean.

XIX. mendean, Japoniako artistek izugarrizko abilezia lortu zuten koloretako grabatua egiten; zabal hedatu zen eta garrantzi handia izan zuen lanen corpusa hezurmamitu zuten. Erakusketan obra horietako batzuk ditugu ikusgai, museoan ekialdeko arteko Palacio bildumak lagatako grabatuen multzo bikain eta ugaria baitago. Herri-inspiraziokoa zen ukiyo-e generoko pintura berezia da, eta Utamaro, Hokusai eta Hiroshige artistak dira genero horretan adierazgarrienak.

Koloretako hozkadura berezi horiek zabal mugitu ziren Europako pintoreen artean, eta, azkenean, bertako artistek estilo horretako motiboak, enkoadraketak eta tinta lauak bereganatu zituzten. Aldi berean, Parisko zirkuluetan, koloretako litografiaren goraldia izan zen. Erakusketan ditugun Chéret edo Cézanneren lanak horren adibide argia dira.

Ordutik aurrera, artista ugarik sartu zuten kolorea sistematikoki paperezko produkzioan, besteak beste, Cezánne, Miró, Iturrino, Bacon, Jim Dine, Joseph Beuys, Cy Twombly, Vieira da Silva eta Zao Wou-Kik.

XX. mendean, arte grafikoak ‒besteak beste, litografia, carborunduma, serigrafia eta offseta‒ ugaltzearekin eta prozedurak merkatzearekin batera, panorama izugarria zabaldu zen artistentzat, lehen abangoardiekin hasi eta gaurdaino iritsi arte. Man Ray, Joan Miró eta Roberto Matta eragin surrealistaren adibide gisa ditugu erakusgai; Oskar Kokoschka, berriz, gerra garaiko Europako kartelgintza politikoaren adibide paradigmatikoa da.

Mendean barrena, kolorea elementu nagusi gisa duten joera artistiko batzuek –hala nola espresionismo abstraktuak, pop arteak edo Colour Field deitutakoak koloretako grabatua erabili zuten, euskarri ezin hobea baitzen beraien lorpenak gauzatzeko eta gizartean hedatzeko.

Horrela jokatu zuten, besteak beste, Robert Motherwell, James Rosenquist, Allen Jones, Richard Hamilton, Jim Dine, David Hockney eta Kenneth Noland artistek. Bestetik, Alemaniako Jörg Immendorff eta Georg Baselitz neoespresionistek linolioa berreskuratu zuten. Horrez gain, bestelako berezitasunak aipatzearren, teknika mistoak sartu zituzten, esate baterako, Mimmo Paladino, Enzo Cucchi, CyTwombly eta Larry Riversen obretan.

Espainiako artean, serigrafia da 60ko hamarkadatik aurrera gehien erabili zen prozedura. Erakusketan, Luis Feito, Alfredo Alcaín, Luis Gordillo, Equipo Crónica eta Rafael Canogar artisten adibide gailenak bildu ditugu, besteak beste.

Azkenik, erakusketa honen bidez, aukera ona daukagu museoaren bildumako zeharkako ikuspegia erakusteko, garai desberdinetako eta nazioarteko maisuek egindako hainbat alerekin, grabatuan ardura berezia jarriz jardun zuten euskal artistak barne hartuta, hain zuzen, Francisco Iturrino, Darío de Regoyos, Gabriel Ramos Uranga, Mari Puri Herrero, Andrés Nágel, Marta Cárdenas eta Cristina Iglesias.

 

Irudian:
Frank Stella (Malden Bei, Estatu Batuak, 1936)
Louisiana Lottery Co (Luisianako Loteria Korporazioa), Multicoloured Squares I (Kolore askotako karratuak I) seriekoa, 1972.
Koloretako litografia paperean, 405 x 560 mm
Museoaren bilduma

Babeslea:
Beltzetik harago

Zerrendara itzuli