X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Museoak XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako espainiar paisaiari buruzko erakusketa handi bat hartuko du, zeinak ardatz nagusitzat José Entrecanales Ibarra (Bilbo, 1899-Madril, 1990) eta Santiago Corral Pérez (Santander, 1907-Madril, 1989) bide, ubide eta portuetako ingeniariek 1940 eta 1970eko hamarkaden artean garatutako bildumak dituen. Herrialde atzeratu bateko azpiegituren eraldaketan lan egin zuten biek, eta interes handia erakutsi zuten Espainian mende erdi lehenago genero moderno berezkoenean, paisaiarenean, izandako berrikuntzari buruz. Hala, asmatu zuten kalitate eta berrikuntza ahalmen handieneko margolariak aintzat hartzen, eta obra garrantzitsuz hornitutako bilduma oparoak osatu zituzten; horien artean nabarmentzekoak dira, oparotasunarengatik, Aureliano de Berueterenak (Madril, 1845-1912) eta Darío de Regoyosenak (Ribadesella, Asturias, 1857-Bartzelona, 1913), espainiar margolari inpresionista bakarrenak.

Erakusketa honen interes nagusia da, batetik, Entrecanalesek eta Corralek bildutako obren bikaintasuna, eta, bestetik, bildumak osatzeko erakutsi zuten jarrera irmoa, ezohikoa haien garaian.

Erakusketako pintorerik kosmopolitena eta erradikalena izan zen Regoyos, eta gure museoak kontserbatzen du haren bildumarik onena. Bilbo ardatz izan zen Regoyosentzat, eta, hiri honen zein gure museoaren modernitate bokazioaren ondorioz, berezkotasun eta suhartasun osoz hartuko da museoan erakusketa hau. Halaber, Aureliano de Berueteren piezen multzo oso esanguratsu bat hemen lehen aldiz erakusteko aukera ere bada erakusketa.

Aipatutako bildumetako hirurogeita hamar inguru lan bilduko ditu erakusketak –gehienak 1890 eta 1920 arteko data dutenak–, batez ere, Beruete eta Regoyosen paisaiak, eta osagarri izango dira haien garaikide Agustín Riancho, Francisco Gimeno, Santiago Rusiñol eta Joaquín Sorollaren beste batzuk.

Komisariotza: Javier Barón Thaidigsmann, Prado Museo Nazionaleko XIX. Mendeko Pinturaren Kontserbazio Sailaren burua.

 

 

Irudian:
Aureliano de Beruete
Manzanaresko ibaiertza, 1906
Olioa mihisean. 57 x 80 cm
Bilduma partikularra

 

José Entrecanales Ibarra Fundazioak babestua

 

Zerrendara itzuli