X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Carmelo Ortiz de Elgea (Vitoria-Gasteiz, 1944) pintoreari eskainitako atzera begirako erakusketa hau berrogeita hamar bat piezak osatzen dute; lanek artistaren ibilbide osoko jardueraren gaineko errepasoa eskaintzen dute, bere ezaugarri den figurazioaren eta paisaiaren ikuspegi bereziarekin, nagusiki formatu handietan adierazita. Komisarioa Javier Viar izango da, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, eta erakusketa sei ataletan dago banatuta, artistaren ibilbideko beste hainbeste etapa aztertzeko asmoz.

Hastapenetan, aurreko mendeko 50eko hamarkadaren hasieran, zeinu espresionistako paisaiaren pinturan aritu zen buru-belarri; izan ere, Ortiz de Elgea pintore goiztiarra eta autodidakta izan zen. Hasierako lanetan, Madrilgo Eskolako paisajismoaren eragina izan zuen, batez ere Benjamín Palenciaren lanena, eta, ondoren, informalismo abstraktuarena eta Antoni Tàpiesen pintura materikoarena.

60ko hamarkadaren erdialdean, aldi batez, pop art mugimenduarekiko interesa erakutsi zuen, eta kolore lau eta distiratsuen paleta eskuratu zuen, bai eta elementu tipografikoen, collage fotografikoen eta figurazio kartelgiletik eratorritako irudien erabilera ere. Garai hartan, 1966an, Arabako abangoardiako artisten Orain taldeko sortzaileetako bat izan zen.

Aldi horren ondoren, eta hamarkada horren amaieran, bere pintura figurazio original gisa zehaztu zen, oso irudimentsua eta erreferentzia autobiografikoekin, perspektibaren legeetatik kanpoko espazio batean nahasten diren morfologia eta eskala desberdineko pertsonaiekin.

1973an, bere ibilbideari bira eman, eta koloreko plano handiko pintura abstraktu egituratuari ekin zion, paisaia modukoak osatzen zituztela, naturalismoaren eta geometrizazioaren arteko bidean, giza irudiaren erreferentzia desagertuta. Etapa hori laburra izan zen; izan ere, 80ko hamarkadaren hasieran, Ortiz de Elgea figuraziora itzuli zen, bere lanetan gutxi gorabehera zirriborratutako paisaiak eta abstrakzioak sartuz, askotan ausazko ekintza piktorikotik eratorriak. Era berean, inguru hurbileko iurdiak eta egiten zituen bidaia ugarietako irudiak gehitu zituen.

Horixe da Carmelo Ortiz de Elgeak harrezkero izan duen erregistroa, pintura-interesak figuraren eta paisaiaren arteko harremanean ardaztuz, koloreak eta keinu piktorikoak zuzendutako izugarrizko energia sortzaileko mundu batean, irudimenaren eta artistaren erreferente propioen artean dabilela.

 

ORTIZ DE ELGEA ERAKUSKETA. ATZERA BEGIRAKOA (1963-2016)

 

Carmelo Ortiz de Elgea (Vitoria-Gasteiz, 1944) baliabide tekniko tradizionaleko artista da. Kolorearen arloan duen gaitasunari esker, eta marrazkiarekin zein pintzelkadarekin darabilen askatasuna kontuan hartuta, aukera estilistiko ugari garatu ahal izan ditu. Paisaien margolari gisa definitu izan du bere burua, eta modu goiztiar eta autodidaktan hasi zuen bere ibilbidea, berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran. Madrilgo Eskolako paisajismo espresionistaren eragina izan zuen hastapenean, eta, handik gutxira, Tàpiesen pintura materikoaren eta informalismoaren eragina jaso zuen. 1966an, abangoardiako artista arabarrez osatutako Orain taldearen kide sortzaileetako bat izan zen –Juan Mieg, Joaquín Fraile eta Alberto Schommerrekin batera–, eta bere obra pop art delakoaren esparruan sartu zen denbora batez. Etapa horren ostean, kolore distiratsuko figurazioa landu zuen, non pertsonaiak elkarrekin nahasten diren, erreferentziarik gabeko espazio batean. 1973an, kolore-plano handiko margolan abstraktuak egiten hasi zen. Lan horiek paisaia zabalak irudikatzen dituzte, tarteka naturalistak eta tarteka geometrikoak, giza figurari buruzko erreferentziarik gabekoak. Tarte laburra izan zen; izan ere, laurogeiko hamarkadaren hasieran, figuraziora itzuli zen, eta, funtsean, joera horrekiko fidel jarraitu izan du gaur egunera arte.

Erakusketa honek Ortiz de Elgearen ibilbide osoa errepasatzen du, eta XX. mendeko zenbait mugimendu plastikorekin izan duen harremana azaltzen du, bere produkzioko piezarik nabarmenenetako batzuen aukeraketaren bitartez.

 

OBRA GOIZTIARRAK (1963-1968)

argolariak Aretxabaletan bizi izan zituen haurtzaroa eta gaztaroa, Arabako hiriburutik gertu, landa-giroan eta naturarekin harreman zuzenean. Bere aurreneko obrek inguruan zituen mendi, baserri eta lautada zabalen paisaia islatzen dute, modu zuzen eta adierazkorrean. Gero, hirurogeiko hamarkadaren hasieran, Madrilgo Eskolako paisajisten koloreak hartu zituen; batez ere, Benjamín Palenciarenak. Hori horrela, mihiseak materia piktorikoz betetzen hasi zen, eta, aurrerantzean, bere lanak ez ziren hain naturalistak eta deskriptiboak. Obra horiek informalismoaren barruko margolan abstraktuen sorta batera garamatzate; bertan, olioaz gain, egileak beste elementu batzuk ere erabiltzen ditu, Esfera arteko keinua lanean gertatzen den moduan. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, pop art joeraren baliabide estilistikoetako batzuk erabiltzen hasi zen; besteak beste, karteletatik jasotako irudiak edo collagearen teknika.

 

FIGURAK PAISAIAREKIN (1968-1971)

1968. urtearen inguruan, urte gutxiko tartean, giza figura izan zen Ortiz de Elgearen margolanetako protagonista. Garai hartan, kromatismo biziko paisaia handien serie bat egin zuen, non, perspektiba saihestuz, mota guztietako pertsonaiak agertzen baitira. Emaitza gisa, mundu aske eta nahasia lortu zuen, eta, bertan, fantasia, umorea eta erotismoa sartu zituen. Bainua lanean, urmael baten inguruan biluzik dauden emakumezko bainulari batzuek eszena klasikoa osatzen dute, baina, atzealdean, txapel gorridun gizon bat agertzen da, eta horrek eszena osoa eraldatzen du. Paisaiaren behaketa lana pertsonaia biluzi batean dago oinarrituta; eserita dago eta gorantz ari da begira, bere baitan bilduta, Adan Paradisuan munduaren zentzuaz pentsatzen balego bezala.

 

PAISAIAREN INGURUKO ABSTRAKZIOA (1973-1978)

Urte gutxi batzuez, Ortiz de Elgeak pintura abstraktuari ekin zion, egitura geometrikoen eta kolore-plano handien bitartez antolatuz espazioa. Kolore-plano horiek airetik ikusitako paisaia zabalen efektua sorrarazten dute. Lehenengo koadroek kubismo sintetikoa gogorarazten dute, eta bilakatuz doaz, gero eta abstraktuagoak eta espresionistagoak izatera heldu arte. Halaxe ikusten da, adibidez, areto honetan bildutako formatu handiko seriean. Paisaia zurrunbilotsuak iradokitzen dira bertan, zerua eta lurra nahasiz.

 

PAISAIARA ITZULERA (1980-1987)

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, lan esperimentalak egin zituen adierazpide berrien bila; emaitzen artean, hortxe daude zenbait margolan: Txarola, oraindik ere abstraktua, edo Animalia zauritua, non berriz ere agertzen baita identifikatzeko moduko paisaiara bueltatzeko interesa. Garai hartan, perspektibaren erabilera berreskuratu zuen. Horretarako, zenbait elementu erabiltzen zituen (esate baterako, bideak edo zerumuga), eta, horiei esker, espazioa ezagutzeko modukoa zen. Gainera, kasualitate hutsez, nerabezaroan pintatutako lehenengo paisaiak aurkitu zituen estudioan, eta horrek naturarekiko harreman zuzena berreskuratzera animatu zuen.

 

PAISAIA FIGUREKIN (1983-2008)

Hemen bildutako lanetan, paisaiak nagusitu egiten zaizkie figurei. Pertsonaia, basoa zeharkatzen edo Argi kontra (Korres) lanetan, figurek galdu egin dute izaera indibiduala, eta itzalen edo espektroen antzera agertzen dira. Jagolea obran, masta edo zutabe baten kontra dagoen pertsonaia isolatu bat ikusten da, panorama zabal baten aurrean. Bilbo I lana Bilbok laurogeiko hamarkadan jasandako eraispen industrialari buruzko serie baten parte da. Bertan, giza itzal bat paisaia industrialean integratzen da, lekuko harritua izango balitz bezala. Beste koadro batzuetan (adibidez, Karabinaren oharkabekeria deitutakoan), bi edo hiru pertsonaia agertzen dira, baina maniki bizigabeak balira bezala tratatuta.

 

AZKEN ALDIKO PAISAIAK (2000-2016)

Ortiz de Elgearen paisaietako asko abstrakzioaren mugan daude kokatuta, motiboaren aurrean egindako zirriborroetatik abiatuta pintatutakoak badira ere. Halaxe gertatzen da Su-loreak, Asturiasko paisaia edo Nahaspila obretan, non landareen pilaketak irudi ia ezagutezina osatzen baitu. Alabaina, azkenaldian egin dituen obren artean ere, badago paisaia figuratiboetarako tokirik; horietako batzuk margolariaren bidaia ugarien ondorioz sortutako emaitzak dira, adibidez, Artzain-etxolak Kalifornian, Renoko (Nevada) egonaldi batetik bueltan pintatutakoa; edo Mangladia, Guatemalan naturalean egindako zirriborro batetik abiatuta pintatutakoa.

 

 

Irudian:
El mariscador, 2008
Diptiko
Olioa mihisean, 200 x 500 cm
Artistaren bilduma

Babeslea:
Carmelo Ortiz de Elgea

Zerrendara itzuli