X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Azken hiru urteotan, hau da, 2003 eta 2005. urteen artean, Arte Eder Museoak Carmelo Ortiz de Elgearen (Vitoria-Gasteiz, 1944) zazpi lan jaso ditu dohaintzan: sei olio eta eskultura bat, denak ere tamaina handikoak eta oso esanguratsuak margolari arabarraren bilakaeran. Eskultura hori eta sei olioetatik bost artistak berak eman ditu dohaintzan, eta seigarren olioa bildumagile partikular baten eskutik heldu da. Gure bilduman modu filantropikoan sartu diren piezak aurkezten ditugu orain. Lehenago, margolariak zenbait marrazki eta olioren dohaintzak egin zituen, eta 2000. urtean emandako horietako bi ere sartu ditugu erakusketan, gai aldetik hurbil daudelako azken hauetatik.

Oso margolari aldakorra da eta bere lanetan aldaketa handiak sartzen ditu konposizio, kolore edo ehundura aldetik; gainera, beti dago zabalik estimulu deskriptibo, narratibo edo esperimentaletara, baina, hala eta guztiz ere, Ortiz de Elgea beti izan da fidela zenbait gairekiko, eta, horietatik, gehien erabili duena giza figuraren eta paisaiaren arteko elkarbizitzaren gaia izan da, edo garapen libreko espazio imajinarioak sortu ditu, paisaien ezaugarriekin. Pertsonaiak ohiko jarreretan agertzen dira, ekintza normalak egiten, eta, hala ere, ekintza arraro eta bitxiak dirudite, ematen dituzten irudien eta mundua okupatzeko duten moduaren arteko ezohiko korrelazioagatik.

Hemen aurkezten diren koadro guztietan aurkitu daitekeen gai nagusi horren bitartez, artistaren bilakaeraz gain, imajinazioz eta energiaz betetako proposamena ikusi daiteke, 1967ko Ibiltariaren tentazioak lanari esker, adibidez. Lan horrek pop artearen eragina dauka, eta Ortiz de Elgearen pinturaren oinarri den ezaugarri nagusietako bat erakusteko balio du. 1970eko Dantza, berriz, Ortiz de Elgeak 1968 eta 1973. urteen artean garatutako etaparen erakusle ona da, eta kontakizun figuratibo fantasiosoa lantzeko lehen aldi originala izan zen. Aurrerantzean, ildo horrek euskal pintura garaikidearen ziklorik interesgarrienetakoa osatu du, izan duen bilakaera konplexuarekin. Dantza lanean, proportziorik gabeko figura komikoak zatika erakusten den hondatutako paisaia batekin nahasten dira, eta horrek guztiak kolore argi-argiko mundu barregarri eta absurdua sortzen du.

Geroagoko lan batzuk, esate baterako 1983ko Argi kontra (Korres) eta 1987ko Udazkena errekan, dramatikoagoak, ilunagoak eta barrokoagoak dira. 1992ko Santu baten momia lan ironiko baina adiskidetu eta, beharbada, lirikoaren ostean, eta Bizkaiko eraispen industrialaren eta gertakari horren ondorioz sortu ziren paisaia fantasmagorikoen benetako gertakariei buruzko 1993-1995eko Bilbo I lanaren ikuspuntu urratuaren ostean, 1983-1997ko Momien lapurra eta 1997ko La faluca lanetara heltzen gara. Bidaia da bien inspirazio iturria -oso ohiko gauza Ortiz de Elgearen pinturan, eta, horrela, lantzean behin hurbileko paisaiarekiko duen interes nagusitik aldentzen da-, eta, hain zuzen ere, Egipto da iturri nagusi hori; lan horietan, nola edo hala, zikloaren hasierako ozartasuna eta joie de vivre delakoa berreskuratzen dira.

Zerrendara itzuli