X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Uda honetan, museoko bisitariek María Josefa Huarte bildumaz gozatu ahal izango dute, Nafarroako Unibertsitatea Museoaren eskuzabaltasunari eta Petronorren babesari esker. Gure ingurune kulturaleko bildumagintza pribatuaren adibiderik adierazgarrienetako bat da bilduma hori.

47 artelanek osatzen dute bilduma –horietatik 40 Bilboko museoan daude ikusgai–, eta, besteak beste, Jorge Oteizaren, Pablo Palazueloren eta Antoni Tàpiesen obra-multzo esanguratsuak daude, bai piezen kalitateagatik, bai hiru sortzaileen garapena erakusten dutelako. Horiez gainera, ospe handiko 19 artistaren lanak daude guztira, esate baterako: Pablo Picasso, Mark Rothko, Vasili Kandinsky, Eduardo Chillida, Eusebio Sempere eta Manuel Millaresenak.

2008an, bilduma dohaintzan eman zioten Nafarroako Unibertsitateari; horrek eragin zuen erakunde horri erantsitako museoaren sorrera, zeina Rafael Moneo arkitektoak (Tutera, Nafarroa, 1937) diseinatu zuen eta 2015eko urtarrilean inauguratu zen.

María Josefa Huarte bilduma

María Josefa Huarte Beaumont (Iruñea, 1927-2015) Madrilen kokatutako nafar enpresarien familia batean jaio zen, eta familiaren mezenasgo artistikoak garaiko proposamen berritzaileenetako zenbait bultzatu zituen –besteak beste, Oteizaren Asmo esperimentala, Nueva Forma aldizkaria, Alea taldea edo 1972ko Iruñeko Topaketak–.María Josefa Huartek berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran ekin zion bere bildumari, joera abstraktu geometriko eta informalistak lehenetsiz. Bere bildumaren berezitasuna da, haren aitak eta nebek egin zuten bildumagintzaren barnean txertatzen den arren, María Josefak bere gustu pertsonalari eta zenbait autore eta formarekiko gustu pertsonalari jarraitu ziola bere bilduma sortzean; prestakuntza modu autodidaktan jaso zuen, galeria eta artisten estudioetara joanez.
María Josefa Huarte bilduma (Nafarroako Unibertsitatea Museoa) hemeretzi artistaren ia berrogeita hamar lanek osatzen dute (margolanak eta eskulturak, batez ere), eta berrogeita hamarreko eta hirurogeiko urteetako Espainiako artea berritzeko ekarpena egin zuten proposamen estetiko zenbaiten ikuspegi panoramikoa eskaintzen du; esate baterako, abstrakzio geometrikoa, informalismoa, pintura materikoa eta keinu-pintura edo arte zinetikoa.

 

Ildo horretatik, abstrakzioa modernotasunerako bide estetiko gisa ulertu zuen, eta, aldi berean, espiritualtasun-bide barneko eta pertsonal gisa. Horrek erakuts dezake Palazueloren obrarekiko bat-etortzea; izan ere, lehen artista abstraktuetako batzuen lorratza jarraitu bazuen ere, esate baterako, Kandinskyrena, arteak irudiak eta metaforak sortzeko zuen gaitasuna aldarrikatu zuen berak, eta, halakoen bidez, esanezina adierazteko, gure begiei ezkutua zaien hori kontatzeko ahala. Tápies eta Oteizarekin batera, Palazuelo da bilduman ondoen errepresentatutako artistetako bat; hirurak ere ohiz kanpoko piezekin agertzen dira, beraien ibilbide artistikoen zati handi bat berreraikitzea ahalbidetzen duten piezen bidez.

María Josefa Huartek Nafarroako Unibertsitatea Museoari lagatako lan nagusien aukeraketa bat aurkeztu da orain museoan, eta bisitariari artelanekiko elkarrizketa bat proposatzen zaio, museoaren muntaketaren ondoriozko obra eta autoreen arteko harreman formal eta kontzeptual berrietatik abiatuta. 

Erakusketa dela-eta argitaratutako katalogoan María Dolores Jiménez-Blanco arte-historialariaren testu bat dago, María Josefa Huarteren bildumagintzaren lana aztertzen duena, orduko Espainiako artearekin eta kulturarekin harremanetan. Hain zuzen, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea da bera, eta Espainako arte-bildumagitzari buruzko ikerketa garrantzitsuak egin ditu.

 

Irudian:
Antoni Tàpies (Bartzelona, 1923-2012)
Incendi (Sutea), 1991
Akrilikoa, marmol-hautsa, aglutinatzailea, pigmentuak eta berniza egurrean
Nafarroako Unibertsitateko Museoa

 

Babeslea:

Laguntzailea:

Sarrera Erosi

Zerrendara itzuli