X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Ordóñez-Falcón bilduma, nazioarteko argazki bilduma pribaturik garrantzitsuenetakoa, 80ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Enrique Ordóñez bildumagile donostiarrak familiatik jaso zuen legatu baten −besteak beste, Cartier-Bressonen argazki bat zegoen bertan− eta bere emazte Isabel Falcónekin konpartituko zuen irudiaren munduarekiko pasio baten ondorioz.

Argazki bilduma honen zati bat Espainiako zenbait museotan dago gordeta (Gasteizko Artiumen, Bartzelonako MACBAn, Valentziako IVAMen, Santiagoko Arte Garaikidearen Zentro Galegoan), eta bildumak arte diziplina honen historia osoa hartzen du, bere erakargarritasun handiena irudien izaera originala −kopia guztiak garaikoak dira− eta hautaketaren kalitatea izanik.

Guztira, bilduman 1.500 obra baino gehiago daude. Lan horiek garai, joera eta teknika mota guztietakoak dira, eta argazkigintzaren historiako autorerik garrantzitsuenek egindako obrak dira, hasi XIX. mendeko aitzindarietatik (Talbot edo Southware&Hawes, adibidez) eta artista garaikideetara heldu arte (Cindy Sherman edo Zhang Huan, besteak beste). Bilduma hiru corpusetan bana daiteke: XIX. mendeko maisuak, gerra arteko abangoardiak, eta argazkigintza garaikidea eta bideoa.

Bilboko Arte Eder Museoari 5 urterako egindako gordailu hau 1845 eta 1930. urteen artean datatutako 61 argazkiz dago osatuta, eta, bertan, XIX. mendeko argazkigintzaren historiako maisu eta aitzindarien lanak daude. Horien artean, Talbot, Baldus, Belloc, Bisson Frères, Cameron, Clifford, Cuvelier, Du Camp, Emerson, Evans, Fenton, Varin Frères, Frith, Henry, Hill&Adamson, Le Gray, Marconi, Marville, Muybridge, Nadar, Nègre, Pierson eta Robert daude.

Argazki-irudiak lortzeko esperimentatzen zuten aitzindarien lanak daude, esate baterako Talbotenak. Era berean, industria-argazkilarien lanak ere badaude, hala nola, Baldus edo Cliffordenak, zeintzuek metalezko eraikuntza berrien eta makinen epika edo hirigintza arloko eraldaketak islatu zituzten. Horiekin batera, garraioaren garapenak bidaiak bultzatu zituen, eta, horrela, zientzialariek eta turistek bidaia horiek dokumentatuko zituzten irudiak eskatu zituzten. Du Camp, Charnay edo Fithen lanak testuinguru horretan kokatzen dira. Azken batean, irudi multzo aukeratu honi esker, mende oso bateko modernitaterako aurrerabidea deskubrituko dugu.

 

Irudian:
Ezezagun (XIX mendea)
Sans titre, 1880-1890
Ferrotipoa / Papera. 8 x 5 cm

Laguntzailea: Fundación Centro Ordóñez-Falcón de Fotografía

Ordóñez-Falcón bilduma

Zerrendara itzuli