X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Batez ere CajaSurreko eta Kordobako Diputazio Probintzialeko fondo artistikoetatik hautatutako 84 lan eta Kordobako beste erakunde eta museo batzuetako pieza nabariak.

Miguel Clementsonen komisariotzapeko erakusketa honetan, Kordobako artista ospetsuenek egindako lanak eta euren jarduera hiriaren loturapean garatu zuten beste artista batzuen lanak jarriko dira ikusgai. Horrez gain, familia handien eta fundazio erlijiosoen mezenasgoaren eta bildumagintzaren ondorioz Kordobako bildumetan dauden lanak ere egongo dira ikusgai. Azken batean, Kordobako hiriko ondare artistikoaren aberastasunaren adierazgarri izango da erakusketa, eta bere izenburua, Kordobaren distira, Urrezko Mendeko Luis de Góngora olerkariaren (Kordoba, 1561-1627) bertsoetatik hartu da.

Erakusketa Viana Fundazioak antolatu du, eta, bertan, CajaSurrek eta Kordobako Diputazio Probintzialak bat egiten dute. Instituzio horiek euren fondo artistikoen zati esanguratsua lagako dute aldi baterako –XVI. mendearen amaieratik XXI. mendera arteko lanak direnez, oso tarte kronologiko handia egongo da ikusgai–, eta erakusketaren atal handiena osatuko dute. Horrez gain, Rafael Botí Arte Plastikoen Probintzia Fundazioaren ekarpen adierazgarriak eta Kordobako zein probintziako museo handienetako lanak ere miretsi ahal izango dira erakusketan.

Kordobako zenbait museo eta zentro kulturaletako lanak egongo dira ikusgai; esate baterako, Bujalanceko Benítez Mellado Legatua; Montoroko Rodríguez Luna Museoa; Priegoko Lozano Sidro Museoa eta Espainiako Paisaia Garaikideko Artearen Zentroa; eta Montillako Garnelo Museoa. Hiriko instituzioei dagokienez, honako hauexen lan handiak ikusi ahal izango dira: Kordobako Arte Ederren Museoa, Adiskidetasunaren Errege Zirkulua eta Pepe Espaliú Arte Zentroa.

Erakusketak instituzio antolatzaileek eta laguntzaileek aldi baterako lagatako 84 pieza artistiko izango ditu osagai –margolanak, eskulturak eta paper gaineko lanak–. Euren artean, Kordobako Diputazioaren eta CajaSurren ekarpena izan da erabakigarriena, hogei bat lan utzi baitituzte, hurrenez hurren. Bestetik, CajaSur Fundazioko hamar margolan eta bi eskultura ere hautatu dira, eta Viana jauregitik datoz. Era berean, Rafael Botí Arte Plastikoen Probintzia Fundazioaren 15 lan ere aukeratu dira, eta gehienak arlo horretako autore nabarmenen lan grafiko esanguratsuak dira.

Kordobako eta probintziako museoetako hamar bat margolan ere hautatu dira, zentro kultural bakoitzean dauden lanen erakusgarri.

Erakusketa-proiektuko sekuentzia kronologikoa Errenazimentuan hasi eta abangoardiaren hasieran amaituko denez, XVII. mendetik XX. mendera artekoa izango da. ibilbidearen hasieran, XVII. mendeko lehen urteetako bi lan esanguratsu ikusi ahal izango dira: Pantoja de la Cruzena eta Jan Brueghel Gaztearena. Izan ere, Barrokoko errepertorio bikainari emango diote sarrera, eta, bertan, margolari nabariak egongo dira ikusgai; esate baterako, Valdés Leal, Luca Giordano edo Antonio del Castillo.

Ondoren, XVIII. mendeko Acisclo A. Palominoren eta José Ignacio del Cobo y Guzmánen lanak miretsi ahal izango dira. Nahiz eta barroko tradizionaleko formulei eutsi, aberastasun kromatiko handiagoko paleta erantsi zioten. Era berean, Miguel J. Meléndez de Riberaren lana ere egongo da ikusgai, Borbondarren dinastiak gustuan sartutako aldaketen adierazgarri.

XIX. mendeko lengoaia artistikoen aniztasunaren erakusgarri, zenbait mugimendutako konposizio esanguratsuak erakutsiko dira: Neoklasizismoa, eta Juan Antonio de Riveraren Álvarez Cubero eskulturagilearen erretratua; edo Erromantizismoa, eta Rivasko dukearen Autorretratua; eta mugimendu errealista, sinbolista zein modernistako estetikaren araberako zenbait lan.

Kapitulu honetan, XIX. mendeko azken hamarkaden eta XX. mendeko lehen hamarkaden arteko iragaitzan, honako artista hauen lanak nabarmentzen dira: Tomás Muñoz Lucena, Joaquín Sorolla, Ángel Díaz Huertas, José Garnelo, Adolfo Lozano Sidro eta Mateo Inurria. Dena dela, oso nabaria da Kordobako artearen garapenari begira zeinen erabakigarria izan zen Rafael Romero Barrosen eta bere seme-alaben lana, baita Rafael eta, batez ere, Julio Romero de Torres margolari ospetsuen lana ere.

XX. mende bete-betean, era guztietako lengoaia eta proposamen artistikoak zeudenez, figuraziotik abstrakziora zenbait epigrafepetan sailkatu dira neurri batean antzeko proposamenak zituzten autoreak.

Azkenik, areto batean, Rafael Botí Arte Plastikoen Probintzia Fundazioaren bilduma zoragarriko lan grafikoa ere jarriko da ikusgai. Honako 11 autore hauen lanak miretsi ahal izango dira bertan: Roberto Matta eta Espainiako arte garaikideko artista nabariak; esate baterako, Picasso, Joan Miró, Alberto Sánchez, Pablo Palazuelo, Juan Barjola, Antoni Tàpies, Eduardo Chillida, Antonio Saura, Luis Gordillo eta Eduardo Arroyo.


Irudian:
Julio Romero de Torres (1874-1930)
Amor sagrado, amor profano, 1907-1908
Olioa mihisean, 168 x 139 cms
Colección Cajasur

Antolatzailea: Fundación Viana
Laguntzailea: BBK


Kordobaren distira, bertako fundazio eta museoetan

Zerrendara itzuli