X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Daniel Tamayo. Alegiak erakusketak formatu ertain eta handiko hogeita sei margo biltzen ditu, denak ere Daniel Tamayok (Bilbao, 1951) egindakoak azken hamarkadan. Lan horietako gehienak ez dira aurretik erakutsiak izan. Erakusketa honek erantzuna ematen dio Bilboko Arte Ederren Museoaren interes naturaletako bati: euskal panorama artistikoaren barruan, ahots nabarmena duten artista finkatuen ibilbidea berrikustea, edo, kasu honetan bezala, artista horien azken aldiko lana aztertzea.

Orain aurkezten diren lan hauek harremana dute Espazio figuragarriak (1995–1999) eta Alegiazko bidaiak (2002–2004) akuarela-serie luzeekin; hain zuzen ere, Tamayok, modu generikoan, Alegiak deitzen die serie horiei. Urte horietan, akuarelak eta astoan egindako pintura uztartu zituen, eta, beraz, teknika biak elkarrengandik elikatu ziren. Ondorioz, kasu honetan, akuareletan erabilitako teknikak eta konposizioak azken aldiko mihiseetan ere sumatu daitezke, nahiz eta, kasu honetan, olioaren erabilerak eta euskarrien neurri handiak baldintzatu egin duten azken emaitza, lan hauek izaera eszenografiko nabarmena dute eta.

Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Daniel Tamayok aparejadore ikasketak hasi zituen, baina laster baztertu zituen, eta, gero, publizitateko marrazkilari gisa aritu zen denbora laburrez. 1969 eta 1970. urteen artean Bartzelonan bizi izan zen, eta, han, Diseinua, Marrazketa eta Pintura ikasi zituen. Gero, Londresen eta Parisen bizi izan zen tarte laburrez, eta, 1970eko udazkenean, bokazio artistikoari heldu eta Bilboko Arte Ederren Eskola sortu berriko lehenengo promozioan sartu zen. Prestakuntza hori jaso ostean, ibilbide artistikoa eta irakaskuntza uztartzen hasi zen. 1980an, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Pintura Saileko irakasle bihurtu zen, eta, gaur egun ere, horretan jarraitzen du.

Hasieran, pop mugimenduko zenbait joeratatik eratorritako figurazioaren eragina jaso zuen, eta, era berean, Espainiako arte garaikideko erreferentziazko figura batzuen eraginpean egon zen, esate baterako, Luis Gordilloren eraginpean. Geroztik, Daniel Tamayok izaera artistiko sendoa eraiki du bere ibilbide osoan zehar, eta, ondorioz, bere lanak erraz identifikatzeko modukoak dira. Tamayoren figurazio-kode pertsonalak zenbait ezaugarri nagusi ditu: marrazki geometrikoekiko joera, objektu-izaerako formen erabilera, eta tinta lauko polikromia bizia. Tresna horiek erabiliz, munduaren errealitateari buruz duen ikuspegi konplexua erakusten digu, eta, horretarako, bere bizipenetatik eta fantasiatik sortutako alegiazko eszenatokiak erakusten ditu. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, pinturaren hiru dimentsioekiko interesa agertu zuen batez ere, eta, horrela, elementu geometriko eta arkitektonikoak naturako eta alegiazko paisaiekin erlazionatu zituen. Horrela, lurralde zabalak sortu zituen koadroaren esparruan, eta, zerumuga goi-goian jarrita, mota guztietako pertsonaia, objektu eta zeinuz osatutako katalogo trinkoa landu zuen, elementu horiek zerutik ikusita baleude bezala. Egileak berak aitortzen duen bezala, Metodologia eta Proiektu Piktorikoa ikasgaiko irakasle gisa aritu ostean, “benetako esparruen barruan objektuak proiektatzeko esperientziak –horretarako, marrazki lineala, perspektiba, akuarelaz koloreztatutako grafitoa, fotomuntaia eta abar aplikatzen nituen– hiru dimentsioko formen edertasunarekiko sentsibilizatu ninduen”.

Errepresentazio panoramiko hauek –ia sei metroko luzera duen eta museoaren jabetzakoa den Durangaldea (1981) triptikoaren kasuan bezala– gure inguru geografiko eta sozialaren metafora dira, eta, beraien bitartez, Tamayok begirada bikoitza proposatzen dio ikusleari: osotasunaren ikuspegi globaletik zehar ibiltzea, eta, aldi berean, adi kontzentratzea multzoa osatzen duten elementu ugarietan, ikusleak osatu dezan bere alegia propioa. Mihisea kultur adierazpen ugarietatik jasotako irudiz betetzen da: arte primitiboko ikonoak, umeen munduko eta imajinazioko irudiak, geometriak, alfabetoak, zeinuak eta sinboloak, graffitiak, irudi erlijiosoa eta miniaturak, artisautza, folklorea eta zirkua, publizitatea, diseinua eta komikia, literatura… Denak balio du, Tamayoren imajinazioak narrazio nahasi eta fantastikoa osatu dezan, XV. mendeko margolari italiar eta flandestarrak gogoraraziz –Ucello, Fra Angelico, Brueghel…–. Izan ere, Tamayok onartzen du, 15 urte eskas zituela, Boscoren Gozamenen lorategia lana ikusi zuela Pradoko Museoan, eta horrek izaera fantastikoko narrazio piktorikoekiko gustua finkatu ziola. Apurka-apurka, formen errepertorio hori handituz joan zen, eta presentzia bisual handiagoa hartu zuen konposizioetan. Aldi berean, geometria protagonismoa galduz joan zen, eta euskal geografiako paisaiak agertzen hasi ziren, forma malgu, ireki eta organikoagoak erabiliz. Irudien unibertso hori erakusteko, irudiak mihisean islatu aurretik, egileak zehaztasun osoz aztertzen ditu konposizioetan. Bere ibilbide oparoan zehar, Tamayok estrategia sortzaile jakin bat landu du, eta, horri esker, margolariak mihise zuriaren aurrean daukan horror vacui delakoa urrundu egiten da. Egileak azken muturreraino kontrolatzen du irudiak eraikitzeko garapen sortzailea, bat-batekotasuna saihesten duen metodologia arretatsuaren bitartez. Prozesu honetan, marrazkia modu sistematikoan erabiltzen da irudien genesian, eta ohar-koadernoetan geratzen dira jasota, edo, margolariak deitzen dien moduan, “landa-laneko libretetan”. Bertan, arkatzez egindako irudiak jasotzen ditu, eta, horiekin batera, ordenagailuz egindako irudiak, argazkiak, panpinak eta jostailuak, oroigarriak eta mota guztietako figurak ere biltzen dira, hori baita Tamayoren koadroen lehengaia. Gero, zirriborroak linean marrazten ditu, eta, bertan, aukeratutako elementuak eszenatan sartzen dira, programa ikonografiko moduko bat osatuz. Ondoren, zirriborro hori mihisera eramaten du, zenbait aldaketa eginez. Prozesu horren ostean, Tamayok pintzelak eta olioa hartzen ditu, garapen piktorikoari ekiteko.

Azken emaitza konposizio nahasia izan ohi da, “irudien fitxategia”. Tamayok barne-ordena ematen dio emaitza horri, eta, kasuaren arabera, jai-girokoa, ironikoa, ludikoa edo surreala izan daitekeen espiritua ematen dio. Erakusketa honen izenburuko alegiak hitzak fikziozko izaera horri egiten dio erreferentzia, izaki bizidun edo bizigabeen inguruan eraikitako asmakuntza horri, alegia. Hain zuzen ere, hau da Tamayok Bilboko Arte Ederren Museoan egin duen lehen erakusketa, eta ez da ahaztu behar, bere belaunaldiko eta ondorengo belaunaldietako beste artista askoren kasuan bezala, gure museoa Tamayoren bokazio artistikoaren jatorrian dagoela.


Irudian:
Daniel Tamayo (Bilbao, 1951)
Cosmología acrobática, 2009
Olioa mihisean, 193 x 235 cm


Babeslea:

Daniel Tamayo

Zerrendara itzuli