X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

DANIEL VÁZQUEZ DÍAZ 1882-1969 erakusketa monografikoa, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalarekin batera produzitutakoa (bertan aurkeztu zen, 2004ko azaroaren 2tik 2005eko urtarrilaren 10era artean), antologia legez sortu da, eta ehun bat oliok eta marrazki eta akuaforte sail handi batek osatzen dute.

Jaime Brihuega eta Isabel García komisario dituen erakusketa honek margolariaren produkzioaren berrikusketa eskaintzen du, eta, gainera, agerian jartzen du Gerra Zibila baino lehenagoko Espainiako pintura berritzeko egin zuen lana. Beste alde batetik, erakusketak interes berezia lortzen du Bilboko Arte Eder Museoan, Vázquez Díazek harreman estua izan baitzuen Euskal Herriarekin eta bertako artistekin.

Erakusketarako aukeratutako artelanen bidez, ibilbidea egiten da haren bilakaera kronologikotik, Parisko obra goiztiarretatik hasi eta La Rábidako fresko ospetsuetara heldu arte. Azken horiek erakusteko, zirriborroak, prestakuntzarako kartoiak eta freskoan egindako saio bat daude. Horrekin batera, paper gaineko obra garrantzitsuak ez du soilik erakusten Vázquez Díazek diziplina horretan zuen maisutasuna, baizik eta, gainera, beste gai batzuekin batera, garai hartako artista eta intelektualen erretratuen galeria interesgarria ere osatzen du. Izan ere, haietako batzuekin (esate baterako, Juan Ramón Jiménez poetarekin eta Aurelio Arteta pintorearekin), Vázquez Díazek adiskidetasun handia izan zuen. Erretratatuen artean Regoyos, Ortega y Gassett, Rubén Darío, Pérez Galdós, Sorolla, García Lorca, Gómez de la Serna, Unamuno edo Gutiérrez Solana daude.

Daniel Vázquez Díaz (Nerva, Huelva, 1882- Madril, 1969) XX. mendearen lehen erdialdeko Espainiako kultura artistikoaren funtsezko presentzietako bat izan zen, bai eta hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetako abangoardietan eta mugimendu berritzailean protagonista izan ziren margolari askoren oinarrizko erreferentzia ere. Joandako mendearen erdialdeko urteetako artearen figura nabarmena izan zen arren eta Espainiako artean modernitatearen eta tradizioaren arteko aliantza islatu bazuen ere, margolariari buruzko ikerketa gutxi egin izan da, eta erakusketa antologiko honek haren benetako soslai historiko eta artistikoa ezarri nahi du.

Hasierako prestakuntza Sevillan jaso ostean, Vázquez Díaz Parisera joan zen, eta bertan bizi izan zen 1906 eta 1918 artean. Hastapeneko urte haietan Parisko bizimodu artistikoarekin harremanetan jarri zen, eta Juan Gris eta Modigliani ezagutu zituen. Gerora erretratua ere egingo zien. Era berean, Kataluniako Sunyer eta Anglada artistak eta Zuloaga, Durrio (azken horrek Picasso aurkeztu zion), Echevarría eta Zubiaurre anaiak artista euskaldunak ezagutu zituen, besteak beste. Euskal artistekin izandako harreman oparoaren frogagarri, hortxe daude eurei eskainitako erretratu ugariak eta, lehen aipatutako marrazkiez gain, Juan de Echevarría eta Zuloagaren erretratua mihiseak ere egin zituen, 1928an eta 1932an, hurrenez hurren. Garai hartan Parisko saloi ofizialetan sarritan egin zituen erakusketak, eta sendo hasi zen aldizkarien ilustratzaile lanean.

Lehenengo garai horretan inpresionismo-osteko espirituaren eragina zuten obra goiztiar batzuk egin zituen, Toulouse-Lautrecen eta nabien obren oihartzunak zituztenak –1907ko Gaueko txoriak eta 1911ko Marinelaren familia mihiseetan ikusten den moduan-. Espainiako 98ko intelektualen oinarriak ere bizi izan zituen, eta agerian geratu ziren, batez ere, Zuloagaren obraren eraginaren bitartez –hala ikus daiteke 1920 inguruko Les deux Espagnoles lanean-.

1918ko udaberrian, eta lehenagoko egonaldi laburragoen ostean, lau hilabetez Hondarribian pintatzen aritu zen. Bere lehenengo bidaietako Euskal Herriko paisaiekin guztiz hunkituta, Vázquez Díaz urtero bueltatuko zen udak Hondarribian pasatzera, eta Bidasoako arroa bere ikonografiaren oinarrizko parte bihurtuko zuen. 1919an Bilboko Pintura eta Eskulturaren Nazioarteko I. Erakusketan hartu zuen parte, eta hurrengo urtean erakusketa indibiduala egin zuen leku berean, kritikaren eta publikoaren artean arrakasta handia lortuz.

Lotura horien ondorioz, esperientzia truke handia izan zuen euskal artistekin eta, bereziki, Artetarekin, zeinek, urte batzuk beranduago, 1924an, erakusketa bat egiten lagunduko zion, Bilbon, Euskal Artisten Elkartean. Harreman sakon hori modu paradigmatikoan islatzen da Euskal lurra mihisean eta Nire lagun Arteta marrazkian. Egonaldi horren ostean, Madrilen jarri zen bizitzen, eta, bertan, hamarkada horren amaieran hasita eta hurrengo hamarkadan zehar, bere estiloa osatu zuen eta garai hartako pinturaren berrikuntzaren liderra izan zen.

Vázquez Díazen pinturaren ezaugarrietako bat figuren sinpletasun geometrikoa eta forma eta bolumenen sintesia da, kubismoaren eraginez. Forma garbiez gain, zurien eta grisen aldeko lehentasun kromatikoa dago, argi eta kolore bibrazio leunetan aplikatuta. Zurbaránen estilotik Juan Grisenera doan Espainiako tradizio piktorikoarekin lotuta dagoen estilo sendo eta neurrizkoak Parisen ikasitako berrikuntzak uztartzen ditu, eta, horien artean, Cézanneren estetika klasizista eta Robert Delaunayren kromatismoa daude, bai eta Sunyerren Kataluniako nouzentismotik eta Arteta bilbotarrarekin eta García Maroto mantxatarrarekin izandako harreman oparotik eratorritako esperientziak ere. Modu horretan, Vázquez Díazek abangoardiako zenbait planteamendu bereganatzen jakin zuen, ordena nagusia erabat apurtu barik.

Vázquez Díazek Paristik etorri ostean egindako sintesi pertsonal hori –zeinengatik José Francés kritikariak "oso zaharra eta oso modernoa" izendapena jarri zion- da historiografia artistikoak neokubismo -edo kubismo leundua- izenarekin ezagutzen duena. Horren adibiderik garbiena Lokartutako fabrika olioa da, bere bi bertsioetan: 1920 ingurukoa, Bilboko Arte Eder Museoarena eta Fabrika lainopean izena duena, eta 1925ekoa, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalarena. Vázquez Díazek hogeiko hamarkadaren erdialdean hedatuko du joera hori, eta orduan hasiko da lanean San Fernandoko Arte Eder Eskolan, horma-irudietako pinturako irakasle legez. Irakasle lan horrek eragin handia izan zuen beste margolari batzuengan. Vázquez Díazen ildo didaktiko hori denboran zehar garatu zen, eta, beraz, zenbait belaunalditako pintoreak izan zituen ikasle: Olasagasti, Canogar eta Ibarrola, besteak beste.

1929an, enkarguz, La Rábida (Huelva) monasterioko freskoen zikloa pintatzen hasi zen: Deskubrimenduaren Poema izena jarri zion, eta Amerikako deskubrimenduaren oroitzapen legez egin zuen. Horren ondorioz, ospea eta aintzatespena lortu zuen. Lan hori egin zuen urtea eta Italiako novecentoaren eta Hispanoamerikako muralismoaren errealismo epikoaren estetikarekin zuen harremana albo batera utzita, denborarekin, frankismoak "estetika nazionalaren" adibide moduan erabili zituen pintura horiek.

Gerraren ostean, tradizioa eta modernitatea estilo pertsonalean uztartzeko aukera eman zion eta mendearen lehen erdialdeko belaunaldiaren berrikuntza plastikoaren eredu izatea ahalbidetu zion bere neurrizko modernitatea zela eta, erregimenak abangoardia erradikalekiko zuen ezinikusiaren erdian bizi ahal izan zen, eta, modu horretan, maisu lana betetzen jarraitu ahal izan zuen berrogeita hamarreko hamarkada osoan.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Vázquez Díaz nolabaiteko ahanzturan sartu zen. Datu eta ikerketa berriei esker, erakusketa honek Vázquez Díazen obraren ezagutzan eta Espainiako arte garaikideari egin dizkion ekarpenetan sakondu nahi du.

Zerrendara itzuli