X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Bilboko Arte Ederren Museoa, 17/11/30. Bilboko Arte Ederren Museoak, BBKren babesarekin, Eduardo Arroyo. Le retour des croisades erakusketa aurkeztu du gaur, artistaren 44 obraz osatua, horietako batzuk aurten eginak, haren 80. urtebetetzearen urtean.

1994an, Eduardo Arroyo. Tamaina naturala, 1963-1993 erakusketa egon zen ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoko BBK areto orduan sortu berrian, artista madrildarraren tamaina handiko -grandeur nature- margolan multzo zabala atzera begirako gisa bilduz osatutakoa. Ia 25 urte geroago, erakusketa areto berean, Arroyok XXI. mendearen lehen hiru bosturtekoetan egindako margolanak eta eskulturak aurkeztu dira, arreta berezia emanez margolariak aurtengo udan Saint-Paul-de-Venceko (Frantzia) Fondation Marguerite et Aimé Maeghten egin duen bakarkako erakusketa bikaina prestatzen zuen bitartean egindako sormen ahalegin ikaragarriari.

Europako margolaritza hirurogeiko hamarkadaren inguruan berritu zuen figurazio narratiboaren ordezkari behinenetakotzat hartua, Eduardo Arroyo (Madril, 1937) erreferentzia literarioz eta autobiografikoz betetako obra baten jabe da, umorea, kritika politiko eta soziala, eta kultura bisualarekiko lilura batzen dituena. Literatura izan zuen lehen bokazioa, eta, margolaria eta eskultorea izateaz gain, ibilbide emankorra egin du marrazkilari, eszenografo, ilustratzaile, kartelen diseinatzaile eta grabatzaile gisa.

Azken obretan bere pasio literario eta artistikoak bridarik gabe aske utzi dituen arren, eta pertsonaia batzuetan errealen eta zenbaitetan alegiazkoen erretratu galeria aparta osatu duen arren (Dante, Don Juan Tenorio, Cyrano de Bergerac, Balzac, Van Gogh, Joyce, Orson Welles), haren sortzaile ibilbidea beti egon da XX. mendearen erdialdeko Europako zein Espainiako historiaren gorabehera politiko eta kulturalen eraginpean, eta ez du inoiz zalantzarik izan horiek bere lan artistikorako material gisa erabiltzeko. Adibidez, erakusketaren izenburua, Les retour des croisades, Arroyok 2017an margotutako mihise handietako bati dagokio, Espainiaren gaur egungo egoeraren alegoria bat, Ignacio Zuloagaren Festako biktima (1910) margolan monumentalari egindako parodia-omenaldi gisa ere sortua. Bi artelan horiek, jatorrizkoa eta pastichea, lehen aldiz erakutsiko dira elkarren ondoan.

Pinturaren historiari eta margolariei egindako omenaldiak ugariak dira erakusketa osoan zehar. Adibidez, Jakoben eta aingeruaren arteko borroka (2011-2012) margolanak, Delacroix margolariak Parisko Saint-Sulpice elizarako egindako horma-irudi handian inspiratuak; Bildots mistikoa (2008), Van Eyck anaien Ganteko poliptiko ospetsuaren bertsioa, tamaina naturalean egina; eta Van Goghi –Van Gogh sur le billard d´Auvers–sur-Oise (2016-2017)– eta Ferdinand Hodler margolari suitzarrari –Ferdinand Hodler et son modèle (2016)– egindako omenaldi partikularrak.

Azkenik, erakusketak Arroyok azken urteetan egindako eskulturen hautaketa zabal bat aurkezten du BBK aretoan. Pieza horiek, ibilbideko lehena adibidez, Lacianako adarbakarra (1999), naturaren erdian eginak dira, jatorriz Laciana haranekoak diren hainbat materialekin (enborrak, harrizko blokeak), haran horretan bizi baita artista udan hirurogeita hamarreko hamarkadako azken urteetan Espainiara itzuli zenetik.

Erakusketa osatzen duten gainerako obren artean honako hauek nabarmentzen dira: Autorretratua (2011), Europaren bahiketa (2014), Poissonnière (2015), La vie à l´envers. Paimio. Omenaldia Alvar Aaltori (2016), Gerónimo / Cyrano de Bergerac (2016), Arthur Quiller-Couch dit Q. What odds? (2016) eta Sylvia Beach fête la publication d´Ulysse dans la cuisine d´Adrienne Monnier (2016).

 

Irudian:
Eduardo Arroyo (1937-)
Le retour des croisades, 2017
Olioa mihisean. 200x300 zm

 

Babeslea:                                           Laguntzaile:
Eduardo Arroyo

Zerrendara itzuli