X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Ivorypress argitaletxearen 25. urteurrena dela-eta –1996an sortu zuen Londresen Elena Ochoa Fosterrek, eta artista-liburuetan espezializatuta dago–, museoan haren lehen bi proiektuak jarriko dira ikusgai: Reflections (2002), Eduardo Chillidarena (Donostia, 1924-2002), eta Open Secret (2004), Anthony Carorena (New Malden, Erresuma Batua, 1924-Londres, 2013); bi lanek liburuaren aukera eskultorikoak aztertzen dituzte, eta hitz idatzia erabiltzen dute sorkuntza-garapenean.

Liburuekin batera, bi proiekzio ere ikusgai izango dira; erabilitako baliabideen konplexutasuna eta horrelako edizio mugatu bat sortzeko profesionalen eta artisauen aniztasuna erakusten dituzte.

Artista-liburuak dira biak ere, Ivorypress etxeak argitaratuak; bata, Open Secret, Anthony Caro britainiar eskulturagilearena (1924-2013), eta bestea, Reflections, Eduardo Chillida euskal artistarena (1924-2002). Bi artistek liburuaren izaera eskultorikoa aztertu zuten, eta hitz idatzia edizioaren parte gisa erabiltzea hautatu zuten. Erakusketa honek elkarrizketa bat sortzen du bi artisten lanen artean, Ivorypress argitaletxearen hogeita bosgarren urteurrenaren karietara, 2021 eta 2022rako erakunde anitzeko erakusketa-programaren barruan. Europako eta Estatu Batuetako museo, liburutegi eta unibertsitateetan egingo dira erakusketak.

Hona hemen parte hartuko duten erakundeetako batzuk: Espainiako Liburutegi Nazionala Madrilen, Oxfordeko Unibertsitateko Bodleian Liburutegiak, Londresko British Library, Sevillako Unibertsitateko Ekimen Kulturalen Zentroa, Ivorypressen Madrilgo espazioa, Cambridgeko Unibertsitateko Kettle&aposs Yard, Hernaniko Chillida Leku Museoa, Madrilgo Lázaro Galdiano Museoa, Madrilgo Reina Sofia Museo Nazionala Arte Zentroa, New Yorkeko MoMA, Berlingo Neues Museum, Kaliforniako Stanford Unibertsitateko Liburutegia, Londresko Warburg Institute eta New Havengo Yale Center for British Art.

 

 

Eduardo Chillidaren Reflections (2002) izan zen Ivorypressek argitaratu zuen lehen artista-liburua. Kutxa-eskulturak hiru bolumen ditu: I. partean, Chillidaren paper gaineko hamaika lanen faksimileak daude, eskulturagileak banan-banan aukeratuak; 1950etik eta 2000ra arteko lanak ordezkatzen dituen hautaketa bat da. II. partea Chillidaren koaderno baten faksimilea da: ordura arte argitaratu gabea zen, eta eskuz egin zen, mozteko eta tolesteko prozesu neketsu baten ondoren. III. parteak Chillidaren obra grafikoa kokatzen laguntzen du, hala Ferdinando Scianna Magnumeko italiar argazkilariaren argazki-sorta baten nola John Berger britainiar arte-historiagilearen eta Carlos Fuentes mexikar idazlearen testuen bidez.


Eduardo Chillida (1924-2002) Donostian jaio zen, han bizi izan zen bere bizitzaren zatirik luzeenean eta bertan sortu zuen bere museoa ere, Chillida Leku. Espainiako eskulturagile garaikide ezagunenetakotzat hartzen dute askok, eta hainbat sari eskuratu zituen bere ibilbidean zehar; horien artean, hauek nabarmentzen dira: Parisko Grand Prix des Arts et Lettres (1984), Wolf saria (1985), Arteen Asturiasko Printzearen Saria (1987) edo Gasteiz Hiriaren ohorezko urrezko domina (hil ondoren, 2002). Chillidak nazioarteko arte-erakusketarik nabarmenenetan parte hartu zuen: Veneziako Bienalean (1958, 1988, 1990), Carnegie Internationalen (1964 eta 1978) edo Dokumentan (II., IV. eta VI. edizioak); era berean, bakarkako ehun erakusketa baino gehiagotan erakutsi zituen bere lanak, eta izen handiko erakundeetan, gainera: Washingtongo National Art Galleryn (1979), New Yorkeko Guggenheim Museumen, Madrilgo Reina Sofia Museo Nazionala Arte Zentroan eta Bilboko Guggenheim Museoan.



Open Secret artista-liburua lau material erabilita egin zuen Anthony Carok: altzairu herdoilgaitza, kartoi grisa, brontzea eta letoia. Open Secreten, eskultura ireki egiten da, eta irakurleari gonbit egiten dio poesia-mundu batean sartzeko; liburu baten antzeko egitura du, koadernatze eta guzti, eta testua du barnean. Eskultura bakoitzak –artistak diseinatuak– Hans Magnus Enzensberger alemaniar poetak ingelesez eta alemanez eskuz idatzitako poemen karpeta bat du barnean, bai eta Shakespeareren Veneziako merkatariaren pasarte bat ere, Anthony Carok berak eskuz idatzia.
Karpetetako orriak eskuz egindako paper japoniarrean inprimatuta daude; aldiz, eskultura bakoitzeko karpetak tinta-kolore desberdinez inprimatu ziren (zilarra, marroi argia, marroi iluna eta beltza, hurrenez hurren). Eskultura bakoitza zeta beltzez bilduta dago, zeina Nicola Killeen-ek serigrafiatu zuen Open Secret lanerako.


Anthony Caro (New Malden, Erresuma Batua, 1924 - Londres, Erresuma Batua, 2013) New Maldenen jaio zen, Londres hego-mendebaldeko bizitegi-auzo batean, familia judu sefardi batean. Haren obra abstraktua metalezko pieza industrial handiak, sarri kolore biziez margotuak, mihiztatzearen emaitza da. Jaso dituen sari ugarien artean daude Tokioko eskulturako Praemium Imperiale (1992) eta Lifetime Achievement Award for Sculpture (1997). Halaber, Carori Sir titulua eman zioten 1987an, eta 2000. urtean Merituaren Ordenaren saria. Bere bakarkako lehen erakusketa 1956an izan zen, eta, ordutik, mundu osoko bakarkako erakusketetan nahiz kolektiboetan egon dira haren lanak. Azpimarragarriak dira, esaterako, Veneziako Bienalean parte hartu izana 1999. urtean, New Yorkeko MoMAn (1975) eta Tate Britainen (2005) izan ziren atzera begirako erakusketak, eta Caro. Sculpture From Painting erakusketa (1998); horri esker, Londresko National Galleryn bere lanak erakutsi zituen lehen eskulturagile garaikidea bihurtu zen

 

 

Elena Ochoa Fosterrek emango du hitzaldia "Glokala. Artea zaintzea gaur, hemen eta orain" (2019/07/01)

 

 


 

 

Zerrendara itzuli