X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Ehun lan baino gehiagoren bitartez -batez ere, pinturak eta eskulturak, baina marrazkiak eta urregintzako piezak ere bai- XVI. mendeko arteak Aragoin izan zuen bilakaera ikus daiteke Errenazimentuaren gailurra Aragoin erakusketan, hain zuzen, gotikoaren bukaerako lanetatik aurrerakoa.

Zaragozako Unibertsitateko katedraduna den Carmen Morte García andrea komisarioa dela, erakusketak aipatutako epe horretan Aragoin egin zen arte errenazentistaren irakurketa ulerkorra eskaini nahi du. Horretarako, ikerketa sakona egin da –erakusketan bertan eta erakusketari buruzko katalogoan ikus daitekeen bezala- eta, ondorioz, lan zein autoreei buruzko datu berri gehiago dauzkagu.

Pieza-sorta zabal horretako zati handi bat Zaragozako Museokoa da, eta, une honetan, museo horretako instalazioak berritzen ari direnez, aipatutako piezak erakusketa honetarako laga dituzte, modu ezohikoan. Erakusketa Bilbon inauguratuko da, eta, ondoren, Valentziako Arte Eder Museora (2009ko urritik 2010eko urtarrilera arte) eta Zaragozara (2010eko otsailetik apirilera arte) bidaiatuko du. Multzo nagusi honi museo zein erakunde askotako hainbat mailegu gehitu zaizkio. Laguntza horri esker, Aragoiko arteak, eta, bereziki, eskulturak, XVI. mendean bizi izan zuen une gorena agerian jartzen duen panorama artistiko hau antolatu ahal izan da.

Erakusketa XV. mendeko arte gotikoko obra bereziekin hasten da, eta, besteak beste, Bartolomé Bermejo eta Blasco de Grañen pintoreen lanak dira nabarmentzekoak. XVI. mendeko gailur errenazentistarekin amaitzen da, eta garai horren berri emateko, orduko artista ospetsuen lanak egongo dira ikusgai; besteak beste, Damián Formenten familiako eta bere inguruko eskultoreen edo Juan de Anchieta euskal eskultorearen lanak ikusi ahal izango dira, bai eta Juan de Juanes eta Jerónimo Cósida pintoreen lanak ere. Horiekin batera, nazioarteko zenbait adibide ere erakutsiko dira; izan ere, batez ere Flandesetik eta Italiatik ekarritako adibide horiek eragin handia izan zuten modelo artistikoak berritzeko orduan.

 

ERRENAZIMENTUA ARAGOIN

XVI. mendea izan zen Aragoiko eskulturak gailurra lortu zueneko unea, eta, Gaztelako eskulturarekin batera, penintsulako plastika errenazentistaren muina osatzen du. 1510 eta 1580. urte bitarteetan, Aragoiko arte plastikoek irakinaldi handiko unea bizi izan zuten, eta artistek
katalogo zabala egin zuten hainbat esparrutan: erretaula, hilobi-eskultura, apainketa arkitektonikoa, pintura eta dekorazio-arteak.

Hasiera batean, Zaragoza aipatutako jarduera horien guztien erdigune ukaezina izan bazen ere, komitenteak eta eskariak areagotzearen ondorioz, Huesca, Tarazona eta Calatayud bezalako hiri garrantzitsuetan beste tailer batzuk eratu ziren, denbora pasa ahala.

Erakusketaren lehenengo atalak aurrekariak biltzen ditu. Hautatutako lanen erakusketa txikia da, baina balio handikoa, eta nazioarteko estilo gotikoaren eta arte flandestarraren ereduen eragina islatzen du. Lanok XV. mendekoak dira, ondoren etorriko zen gailur errenazentistaren ildoak ezarriko zituen mendekoak, hain justu.

Eskulturan, Pere Joanek alabastro polikromatuan egindako Aingeru Zaindaria nabarmentzekoa da oso, hain zuzen, Aragoiko eskultura gotiko eta errenazentistan funtsezko materiala dena. Pinturan, ondoko hiru maisuen lan bikainak dira nabarmentzekoak: Bartolomé Bermejoren Santa Engraziaren martirioa lanaren oholak, Bilboko Arte Eder Museoan erakusgai daudenak; Jaitsiera, Bartolomé Bermejok bere ikasle Martín Bernatekin batera egindakoa dela uste da; eta Blesako Gurutze Santuaren erretaula (Teruel), Miguel Ximénezek eta Martín Bernatek eginda.

Bigarren atalak, erakusketaren corpus nagusiak, XVI. mendeko lanen lagin zabal eta askotarikoa eskaintzen du. Ia lan guztiak eskulturak eta pinturak dira. Horiei, gainera, urregintzako hainbat pieza gehitu behar zaizkie, Aragoik dekorazio-arteetan zuen ondare aberatsaren erakusgarri direnak. XVI. mendea lan esparru artistiko guztien loraldia izan zela esan dezakegu, bereziki, elizak eta gizarteak emandako babes garrantzitsuari esker, eta, ondorioz, artelanen eskaria areagotu egin zen. Gisa horretan, XVI. mendean, Aragoi lurralde oso erakargarri bihurtu zen kanpoko artistentzat.

Eredu gotikoetatik errenazentistara doan berrikuntza formala, bada, hainbat elementuren arteko konbinazioaren ondotik etorriko zen: penintsulako eta kanpotik (Frantziatik eta Flandesetik, batez ere) etorritako artistek aldez aurretik erabiltzen zuten lengoaia gotikoa italiar kutsuko berrikuntza artistikoekin. Penintsulako beste gune batzuetatik eta beste lurralde batzuetatik (Flandes, Italia eta Frantzia) etorritako artistak berrikuntza artistikoak erabiltzen hasteko bitartekariak izan ziren. Horrekin batera, artelanen inportazioak Europako artea ezagutzeko beste bide bat izan zen. Inportazio gehienak pinturak izan ziren, bildumagile partikular eta erakunde erlijiosoek erositakoak. Azkenik, Zaragozan zeuden artisten tailerretan egon ohi ziren grabatuen katalogoa, modelo ikonografikoak zabaltzeko beste modu bat izan zen.

Atal honen ibilbidea eskema gotikoetatik errenazentistetarako aldaketa erakusten duten lan multzo batekin hasten da, arte flandestarraren eta italiarraren arteko sintesian.

Zaragozako Museoaren funts errenazentistek erakusgai dituzten lan gehienak Damián Forment eskultore valentziarrarenak dira, Errenazimentu espainiarraren artista handienetako batenak. Valentzian, Aragoin, Katalunian eta Errioxan ziharduen, eta tailer garrantzitsua zuen, hainbat ikasleren maisu izan zela. Bere lanen artean, alabastroan egindako San Onofre eta Bertute bi dira aipatzekoak.

Formentek eta bere ikasleek egindako eskultura multzoak, eta Gabriel Joly frantziarraren, Giovanni Moreto italiarraren (Florentziako Errenazimentuaren ereduak ekarri zituenak) eta Gil Morlanes Gaztearen lanek ere, XVI. mendearen lehen herena osatzen dute, hau da, Aragoiko plastikaren urrezko aroaren estilo berria. Egurrez eta alabastroz egindako eskulturak eta erliebeak dira, oro har, polikromatuak eta erretaula ezberdinetatik datozenak. Lan horiek hurrengo belaunaldiko eskultoreen ildo artistikoak ezarri zituzten.

Artelan horiekin batera, Jerónimo Cósida pintorearen pieza bereziak daude; Cósida garai horretako artista aragoiar dotoreenetarikoa da. 1539. urtean, Aragoiko Hernando, Zaragozako artzapezpikua eta Fernando Katolikoaren biloba, bere mezenas egin zen eta hainbat lan eskatu zizkion. Eragin rafaeldarreko lehen lanen ondoren, bere estilo italiarra kolore ederretan eta figuren modelatuen fintasunean islatzen zen. Era berean, marrazkilari bikaina izan zen eta hainbat arlo artistikorako diseinuak egin zituen, besteak beste, urregintzarako.  XVIII. mendean, oraindik ere, bere lanek balio handia zeukaten, Isabel de Farnesio erreginak Noli me tangere oholaren jabe izateak erakusten duen bezala. Cósidaren garaikide izan zen Juan de Juanes pintorea, eta bere lanetako bat dugu erakusgai, hain zuzen ere, Alfontso V.aren erretratua.

Errenazimentuaren formak Rafael eta Migel Anjelen lana ezagutu zuten bi artista italiarrei esker sartu ziren pintura aragoiarrean: Tomás Peliguet eta Pietro Moroneri esker, hain zuzen ere (artista horiek horma-irudietako erretaula eta proiektuetan parte hartu zuten).

Aragoiko eskulturaren azken etapan, hots, 1570. urtetik aurrera, korronte erromanista edo klasizismo berria daukagu. Estilo horretan Juan de Anchieta euskalduna da aipatzekoa, eta Graciako Ospitaleko (Zaragoza) Kristo ikaragarrian eta Bilboko Arte Eder Museoko Kalbario lanean modelo migelanjeldarren biluziak eta Juan de Juniren espresionismo emozionala uztatzen ditu. Anchieta maisu da Kristo Gurutziltzatuak zizelkatzen. Eskulturok ikonografia honen tipologia aldatu zuten Aragoiko eskulturan.

Villahermosa dukeak, Martín de Gurrea y Aragónek, interes handia agertu ohi zuen erretratuaren gainean, bai genero autonomo gisa bai bestelako euskarrietan ere. Interes hori Errenazimentuko ezaugarrietako bat zen. Pertsona jantzia zen, antigoaleko gauzen eta pinturen bildumazalea. Herbeheretan egon zen bitartean (1554-59), bere domina enkargatu zuen, artelanak erosi zituen (Ama Birjina Umearekin pintura) eta Pablo Scheppers eta Rolán Moys pintore flandestarrak kontratatu zituen, Aragoira joan eta bere zerbitzura lan egin zezaten. Italian egondako artista flandestar bi hauen lanek Aragoiko Errenazimentuaren azken txanpako pinturaren ildo nagusiak bideratu zituzten.

Babeslea:
Errenazimentuaren gailurra Aragoin

Zerrendara itzuli