X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Gaur, Hemen, Orain erakusketak gaur eguneko 22 euskal artista aurkezten ditu, eta gaurko arteak daukan ikuspegi zabala uzten du agerian. Euskal Herriko arteak bizi duen egoera eta hartu dituen bideak harrapatzen ditu erakusketak eta, azken batean, arte horri buruzko gogoeta egiteko aukera ematen du. Artelanak egiteko, produzitzeko eta aurkezteko moduen aldaketei erreparatzen die arretaz erakusketak. Horrela, bada, baliabide eta euskarri desberdinak dituzten hogeita hamar bat lan jarriko dira ikusgai (pintura, argazkia, instalazioa, bideoartea, kanpo-ekintza, etab.).
Bilboko Arte Eder Museoa museo historikoa izan da betidanik, bildumaren aberastasuna eta esanahia garai bakoitzeko adierazpen artistikoak jasotzeko trebetasunaren ondorioa izan baita. Orain, artean egon daitezkeen erregistro aukerei begiratu eta Euskal Herriko artearen egoera ezagutzeko aurrerapausoa eman du, gaur, hemen eta orain. Azken mendean Euskal Herrian egin diren lanik esanguratsuenekin batera osatuko da erakusketa, eta horrek testuinguru ederra eskainiko digu erakusketaren proposamen batzuk ulertu eta kokatzeko orduan. Gaur egun egiten den artearen zati handi batek ez dauka arteak ohi duen “jarrera”; kaleko kulturaren lengoaietan eta produkzio industrialaren formetan murgiltzen da modu sotilean. Egunerokotasunean dauka arteak ardatza, batzuetan unerik hutsal edo ezdeusenetan eta, beste batzuetan, egoerarik estu eta gatazkatsuenetan. Hortaz, erakusketan dauden artisten artelanik gehienek gizarte-konpromisoa taularatzen dute: larridura-uneek, kezkek eta arteak eztanda egite dute batera, arte-adierazpen oparo eta desberdinak eskaintzeko. Horren bitartez, argi ikusten da euskal kulturak berak sortzen dituen kontu politiko, sozial eta ekonomikoekiko daukaten ardura, batetik, eta ikuskizun eta mito mediatiko berrien eragina (musika, teknologia berriak, etab.), bestetik.

Zerrendara itzuli