X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Erakusketa honek Giovanni Domenico Tiepolo (Venezia, 1727-1804) margolariaren hogei bat artelan biltzen ditu. Aipagai dugun artista Lorenzo Tiepoloren (Venezia, 1736-Madrid, 1776) anaia izan zen, eta biak, berriz, Giovanni Battista Tiepolo (Venezia, 1696-Madrid, 1770) margolariaren semeak; hain zuzen ere, azken hori artista-familia honen patriarka izan zen, eta pintura veneziarreko artistarik handienen eta, bereziki, Veroneseren dotorezia jaso zuen estilo dekoratibistaren sortzailea izan zen.

1762an, Giambattista Madrilera joan zen Karlos III.a erregeak gonbidatuta, Errege Jauregiko zenbait sabai fresko eran apaintzeko zeregin nagusiarekin; besteak beste, Tronuaren Aretoko sabaiak. Semeak lankide hartuta, zenbait enkargu kateatuz joan zen, harik eta 1770ean Madrilen hil zen arte; orduan, Giandomenico semeak jaioterrira bueltatzea erabaki zuen, Veneziara.

Espainian igarotako garai hartan, fresko erako hainbat dekorazioz gain, Giandomenicok zenbait koadro egin zituen astoarekin, bai eta paper gaineko obrak ere. Orain, lan horien aukeraketa bikaina dago ikusgai museoko lehengo eraikineko 13, 14 eta 15. aretoetan: mihisean egindako hamaika olio, eta dozena bat akuaforte. Lanok erakusketaren komisarioa den Andrés Úbeda de los Cobosek aukeratu ditu, Prado Museoko Pintura Italiar eta Frantseseko (1700. urtera artekoak) Kontserbazioko buruak; izan ere, azken urteotan lan handia egin du Giandomenico eta Lorenzoren izaera eta kalitate artistikoa argitzeko, sarri askotan aitaren figuraren itzalpean geratu baitira.

Koadroetatik, hamar bilduma partikular batekoak dira, eta Madrilgo Juan March Fundazioan aurkeztu ziren lehen aldiz jendaurrean, 2012an. Hasierako multzo horri, eta erakusketa honetarako, Lisboako Casa-Museu Medeiros e Almeida delakoaren bildumako beste margolan bat gehitu zaio –Ezpatadun agure baten erretratua–, argazkien bitartez baino ezagutzen ez zena. Estanpei dagokienez, hamaika Giandomenicorenak dira eta bat haren aitarenak, eta Liburutegi Nazionalak (Madril) laga ditu, koadroekin duten harremana erakusteko asmoz.

Lotura hori agerian geratzen da hiru oliok osatzen duten sekuentzian: Lisboatik ekarritako Ezpatadun agure baten erretratua; bilduma partikular batetik ekarritako Durbantedun gizon baten erretratua; eta Agure bat ezpatarekin estanpa, azken hori ere Giandomenicok grabatutakoa. Lehenengo, itxura serioa eta ekialdeko hazpegia duen agurearen erretratua pintatu zuen, eskuan ezpata eta buruan zapia dituela. Lan hori Casa-Museu Medeiros e Almeida erakundearen jabetzakoa da. Handik gutxira, margolan hau grabatu zuen, irudia alderantzikatuta eta erretratatutakoa lehen planora hurbilduz. Eta, azkenik, handik zenbait urtera, 1768. urtearen inguruan, bilduma partikularreko mihisean irudikatu zuen grabatua, pertsonaia jarrera berean utzita, baina ezpata daukan eskua kenduz eta, zapiaren ordez, durbante ikusgarri bat jarriz.

Margolanak “fantasiazko erretratuak” deitutakoaren barruan daude sartuta: hain zuzen ere, erretratu horiek tipo generikoak irudikatzeko idealizazio artistiko historizistak dira, baina, zentzu hertsian, ezin dira benetako erretratutzat hartu. Pertsonaiak arropa eta apaindura dotorez hornituta agertzen dira, jarrera aztertuetan, eta talde sozial, ekonomiko edo intelektual jakin bateko ezaugarri eta ikurrekin.

Erretratuaren azpigenero hau, pintura veneziarraren tradizio luzearen oinordekoa dena, oso arrakastatsua izan zen XVI eta XVII. mendeetako merkatu artistiko europarrean. Hain zuzen ere, emakumezkoen ereduek jarraitzen duten edertasun-kanona XVI. mendeko artistek (adibidez, Tizianok edo Veronesek) pintatutako gorteko emakumeen erretratuetatik datorren kanona da. Bestetik, gizonezkoen tipoaren –adineko gizonak, serioak eta modu oparoan jantzitakoak– jatorria Rembrandten estanpetan dago, batez ere.

Ikonografikoki, erakusketa honetako olioak bustoen erretratuak dira; horietako hiru ekialdeko itxura duten gizon heldu eta bizardunei buruzkoak dira, eta gainerako zortziak, berriz, emakume gazte eta ederrei buruzkoak. Gizonezkoen erretratuek Antzinaroko filosofo, jakintsu eta gizon ohoretsuen gisa erakusten dituzte protagonistak; eta, aldiz, neska gazteen erretratuek edertasun femeninoaren eredu idealari erantzuten diotela ematen du. Gizonezkoen erretratuak egiteko, Giandomenicoren abiapuntua aitak lehenago pintatutako ereduak izan ziren, 1740ko hamarkada ingurukoak.

Giandomenicok berak aitaren ereduen estanpak grabatu zituen, eta horrek haren eraginaren gaineko ideia ematen du, bien izaera artistiko desberdina agerian uzteaz gain. Giandomenicok izaera apaingarriari eman zion lehentasuna bere pinturan, egiantzekotasuna bilatzetik edo bere pertsonaiei sakontasun psikologikoa ematetik urrunduz. Dena dela, semearen indibidualtasun sortzailea emakumezkoen erretratuetan ikusten da argien; hain zuzen ere, berak Karlos III.aren gizarte madrildarreko moral zorrotzera egokitu zuen gaia, sentsualtasuna apalduz eta edertasun femenino dotore eta eutsia erakutsiz, horrela aitaren eta aurrekari historikoen ereduen lizunkeria argitik urrunduz.

Bilduma partikular batetik ekarri diren eta erakusketa honetan ikusgai dauden fantasiazko erretratu guztiak neurri berekoak dira (60 x 50 cm), eta 1768. urtearen inguruan daude datatuta. Beraz, artistaren garai espainiarrean pintatutakoak dira, eta, ondorioz, baliteke serie baten gisa sortuak izatea. Multzo-ideia horrek koadroen batasun estilistikoa sendotzen du; izan ere, egilearen pintzelkada delikatu eta sutsuz daude pintatuta. Hori guztia dela-eta –batasun estilistikoa, neurri berberak, eta protagonisten jarreren eta atrezzoaren antzekotasunak–, oso litekeena da Giandomenico Tiepolok multzo gisa sortu izana lanok. Hala ere, ez dakigu nor izan zen artelan hauen lehendabiziko jabea, non jarri ziren, edo pintura guztiak galeria handiago baten parte ote ziren, eta galeria horrek gizon gazteen irudien errepertorioa ere izan ote zuen.

Irudian:Durbantedun gizon baten erretratua, c. 1768
Olioa mihisean
Bilduma partikularra

Babeslea:

Giandomenico Tiepolo

Zerrendara itzuli