X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Giovanni Battista Piranesi. Oroimen ameslaria erakusketan, Bilboko Arte Ederren Museoak grabatuaren historiako artista handienetakoa emango du ezagutzera. Museoak, hain zuzen ere, modu sistematikoan erakutsi nahi ditu paper gaineko lanen ilduma nabariak, orain dela gutxi Francisco de Goyari eskainitako erakusketan egin duen moduan. Piranesi bezala, Goya bera maisua zen grabatuaren artean.

Erakusketak Grabatu Garaikidearen Nazioarteko 1. Jaialdiaren (FIG) aurkezpenean dauka jatorria. Izan ere, azaroaren 29tik abenduaren 2ra egingo da Bilbon, grabatu garaikideak bultzatzeko eta zabaltzeko asmoz. Antolatutako jarduera ugarien artean (tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak...), grabatuen nazioarteko lehiaketa eta erakusketa hau nabarmentzen dira. Hori dela eta, jaialdi benetan bereizgarria izango da, Piranesiren estanpen artean egindako hautaketa zabalari esker.

Piranesik lan ugari sortu zituen, eta guzti-guztiak paperean egin zituen. Bertan, gainera, hobezintasun teknikoa eta indar ameslaria ziren ezaugarri bereizgarriak. Giovanni Battista Piranesi (Mogliano Veneto, Italia, 1720-Erroma, 1778) artearen historiako marrazkilari arkitektoniko nagusienetakoa da, baita XVIII. mendeko eragin handieneko grabatugile ospetsuena ere. Bere aztarna artistikoa literaturan, Goyaren beraren estanpetan edo Fritz Langen zinean dago ikusgai, besteak beste. Grabatugile moduan daukan maisutasuna Durero, Rembrandt, Goya eta Picasso artisten parekoa da.

Guztira, 200 grabatu baino gehiago egongo dira bilduta, batez ere, Cagliariko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako (Sardinia, Italia) Carceri d’invenzione, Le antichità romane eta Vedute di Roma seriekoak. Bertan, hain zuzen ere, Piranesiren 1.100 estanpa daude, hau da, haren lan grabatuaren katalogo osoa ia-ia.

Bilduma hori 1916an eskuratu bazen ere, 1839. urtean inprimatu zuten Parisko Atelier Firmin Didot tailerrean. Lanak ezin hobeto zainduta daude, eta, orain, lehen aldiz jarriko dira ikusgai jendaurrean. Estanpekin batera, Piranesik grabatutako eta Erromako Istituto Nazionale per la Grafica-k lagatako kobrezko jatorrizko plantxa bat ere egongo da ikusgai, baita ikus-entzunezko informazio didaktiko ugari ere.

Giovanni Battista Piranesi. Oroimen ameslaria

Gaur egun, Piranesiren eraginaren jatorria Carceri d’invenzione espetxe labirintikoen akuaforteen seriean dago, batez ere. Serie hori Erroman sortu zuen 1745ean, Venezian egon ondoren, euren jatorria lehenagoko hamarkadetakoa bada ere.

Nahiz eta “arkitekto veneziarra” zela behin eta berriro esan, Piranesiren eraikin bakarra egin zuten, eta bere bizitzako lehenengo 20 urteak baino ez zituen eman Venezian. Bertan, arkitektoa eta magistrato delle acque zen amaren aldetiko Matteo Lucchesi osabari lagundu zion sarritan hiriko sistema hidraulikoak nola zeuden ikuskatzen. Gainera, badirudi esperientzia hori izan zela serie honetan irudikatutako ikuspegi ilunen jatorria. Horri esker, Piranesik XVIII. mendeko lehen zatiko Veneziako arkitekto eta antikuario onenak ere ezagutu zituen, eta, euren bitartez, bere ikusmira topografikoetan (vedute) edo fantasia arkitektonikoetan (capricci) erabilitako ikusizko errepertorio zabala lortu zuen.

Kontraesana dirudien arren, Carceri lanek ez zuten arrakastarik izan argitaratu zituztenean. Hala ere, ez zen gauza bera gertatu Vedute di Roma akuaforteekin. Bertan, hain zuzen ere, antzinako Erromako irudikapenak agertzen ziren, oso ospetsu egin ziren eta modu iraunkorrean finkatu zuten hiriaren osteko irudia. Piranesi bera 1740an iritsi zen Erromara, Benedikto XIV.a aita santuaren gorteko enbaxadore veneziarraren segizioko kide gisa. Garai hartan, Erroma bera zentro artistikoa zen, baita artistek, idazleek zein diletanteek euren grand tourrean edo bidaia handian ezinbestean egin beharreko geldialdia ere. Eurentzat, hain zuzen ere, grabatugileek lehenengo “postal” turistikoak egiten zituzten, hiriko iragan monumentalaren eta aztarna arkeologikoen inguruko grinaren adierazgarri.

Piranesik Giuseppe Vasiren tailerrean jaso zuen bere lehenengo prestakuntza grabatugile gisa, eta, 1743an, Prima parte di architetture e prospettive egin zuen. Horrez gain, Erromaren bikaintasuna goratzeko bizi-proiektu artistikoa zehaztu zuen betiko, Europa osoan eta, batez ere, Ingalaterran geroxeago zabaldutako hamaika estanparen bitartez. Urtebete geroago, Veneziara itzuli zen, Tiepoloren zein Canalettoren lanak ezagutzeko. Handik gutxira, ordea, Erroman bertan finkatu zen. 1740ko hamarkadako bigarren zatitik 1778an hil zen arte, Piranesik 135 vedute egin zituen, eta horri esker bere bilakaera tekniko eta estilistikoaren jarraipena egin daiteke, argi-itzalen joko bizien bidez egindako estanpen apurkako dramatizaziotik irudien zein elementu eraikien eskalako berariazko distortsiora heldu arte. Azkenean, trazu luze bezain garbiko estiloa zehaztu zuen, elementu bakoitza, monumentuaren ikuspen arranditsua, perspektiba zaindua eta urteen joan-etorriaren adierazgarri den aura prerromanikoa xehetasunez irudikatzeko asmoz. Tenpluak, anfiteatroak, arkuak, basilikak, iturriak, galtzadak, akueduktuak, plazak, jauregiak, zubiak... Den-dena Piranesiren irudikapen zorrotzaren eta antzinakoen inguruko obsesioaren kontrolpean dago, eta, era berean, lengoaia klasikoa berrinterpretatzen duten apaingarrien katalogo ugarian ere irudikatzen dira: erlojuak, altzariak, tximiniak, pitxer handiak, lanparak...

Hil baino lehentxeago, Piranesi Francesco semearekin joan zen Ponpeiara eta Herkulanora, erromatarren herentziaren handitasunaren inguruko grina elikatzen jarraituko zuten aurkikuntza arkeologiko berriak ezagutzeko irrikaz.


Irudian:
Giovanni Battista Piranesi (Mogliano Veneto, Italia, 1720–Roma, 1778)
Vari reperti tra cui un sarcofago marmoreo, (c. 1778)
Akuafortea verjuratua paperean
Cagliariko Unibertsitateko Arkitektura Sailarenak



Giovanni Battista Piranesi

Zerrendara itzuli