X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Erakusketak Francisco de Goyaren (Fuendetodos, Zaragoza, 1746–Bordele, Frantzia, 1828) erreferentziazko lau grabatu-serie erakutsiko ditu; hain zuzen ere, Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako paperezko lanen fondo zabalean gordetzen diren serieak: Kapritxoak (80), Gerraren hondamendiak (82), Tauromakia (40) eta Burugabekeriak (22).

224 estanpa dira, eta, bertan, agerian geratzen dira Aragoiko jenioaren talentua eta bere obrak grabatuaren historiari eragin zion inflexio-puntua. Goyak serie hauek egin zituenean, ez zen bere izaera artistikoa murriztu zezakeen inongo enkarguren menpe aritu. Gainera, grabatu-teknikak ederto menperatzen zituenez –zenbait elementu uztartzen zituen: akuafortea, konposizioaren marrazkia trazatzeko; urtinta, batzuetan leundua, argi eta bolumen efektuak sortzeko; eta berana eta punta lehorra, ukituetarako–, Goyak ordura arte pentsaezina zen sormena garatu zuen obra grafikoaren barruan.

Kapritxoak Goyaren obrako funtsezko ataletako bat da, eta serie gisa saldua izateko egin zuen lehenengo estanpa-bilduma ere bada. Garai hartako zenbait gai politiko, erlijioso eta soziali buruzko kritikak dira, batzuetan oso kritika garratzak gainera. 1797 inguruan hasi zen lanok egiten, eta 1799an amaitu zituen.

Gerraren hondamendiak seriea 1810 inguruan hasi zen plantxetan jartzen, Napoleonen tropen inbasioaren garaian. Gerrako izugarrikeriek eta giza espirituaren alderdirik txarrenaren ondorio zitalek eragindako zirrara handia betiko geratu zen jasota denboraz kanpoko serie honetan, non Goyak modu unibertsalean eman baitzuen basakeriaren eta bidegabekeriaren lekukotasuna.

Hondamendiak serieari darion dramaren eta Burugabekeriak seriearen misterioaren artean dago i>Tauromakia, 1814 eta 1816. urteen artean grabatutakoa. Bertan, emozioak pilatzen dira, zezenketaren jaiari eta jarduera horri dagozkion lantze eta atalak bilduz; izan ere, Goyari asko gustatzen zitzaizkion zezenketak.

Burugabekeriak edo Atsotitzak da serierik enigmatikoena. Egilea hil ostean editatu ziren, eta, beraz, izenburuak, kronologia, ordenazioa eta esanahia zehaztu gabe geratu ziren. 1816 eta 1823. urteen artean datatu daiteke. Museoak 2008an eskuratu zuen serie osoa Akademiarako estanpatutako lehenengo ediziokoa da; hori da, hain zuzen ere, kalitaterik handiena duen edizioa.

Irudi-sorta zoragarri hau, zeinaren originaltasunak abangoardietako artista askoren interesa piztu baitzuen, are gehiago baloratu ahal izango da; izan ere, lehenagoko artisten, artista garaikideen eta ondorengo artisten beste estanpa batzuekin kontrajarriko dira, horiek ere museoaren bildumakoak. Gainera, museoak erakusketa dela-eta editatuko duen katalogoan estanpa guztiak egongo dira ikusgai, eta Pradoko Museoko Marrazki eta Estanpa Saileko buru den José Manuel Matillaren testu bat ere irakurri ahal izango da bertan.



Irudian:
Francisco de Goya, ((Fuendetodos, Zaragoza, 1746–Bordele, Frantzia, 1828)
El sueño de la razon produce monstruos
Estampa Nº 43 de la serie Los Caprichos (1797-1799)
Akuafortea eta urtinta, 33,2 x 23,7 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa


Babeslea:

Goya. Asmatutako estanpak

Zerrendara itzuli