X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Bilboko Arte Ederren Museoak Agustín Ibarrolaren (Bilbo, 1930) "Guernica" horma-irudia bere bildumara gehituko du. Euskal artearen eta margolariaren ekoizpenaren obra nabarmen hori eskuratzea museoaren arestiko historiaren gertakaririk adierazgarrienetako bat izan da.

 

Bilboko Arte Ederren Museoak Agustin Ibarrolaren "Guernica" horma-irudia erosi dio Madrilgo José de la Mano galeriari, 2021eko ARCOmadrid arte-azokan. Artistak 1977 inguruan egin zuen 10 metroko luzera eta 2 metroko garaiera dituen obra hori, Pablo Picassoren "Guernica" lanaren (1937) omenez, eta garai hartan koadroa Gernikara ekartzea eta bertan ezartzeko egindako museo berri batean jartzea eskatzen zuten artista eta intelektual talde baten erreklamazioaren sinbolo gisa.

Obra sortu zen urte berean, Bilboko Arte Ederren Museoaren areto Grisean ezagutarazi zuten, eta bi urte geroago berriz aurkeztu zuten, kasu horretan Ibarrolaren estilo geometrikoko beste bi lanekin batera, eta ohikoak zituen langile eta fabriken gizarte-gaiekin.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, museotik kanpo jarri zen ikusgai "Guernica". Ordutik artistaren estudioan egon zen, Oman (Kortezubi, Bizkaia) duen baserrian, eta kontserbazio-egoera ezin hobean dago. Olio-pinturan margotutako hamabi mihisek osatzen dute, eta Picassoren obraren motibo figuratiborik ikonikoenetako batzuk ditu irudikatuta, Ibarrolaren sormenezko unibertsoaren berezko elementu batzuekin batera; esaterako, diktadurako jazarpen-giroaren salaketa eta askatasunen aldarrikapena sinbolizatzen duten burdin sare geometrikoak.

Bilboko museoak erosketa hori eginda, XX. mendeko euskal ondare artistikoaren obrarik garrantzitsuenetako bat berreskuratu da publikoarentzat. Lana, gainera, erakundearen historiarekin lotuta dago, eta nabarmen aberasten du Agustín Ibarrolak Museoaren bilduman duen ordezkaritza. Era berean, aukera ematen digu obra monumental honen ezagutza sortua izan zen testuinguru artistiko eta sozialean eguneratzeko, eta haren garrantzia ebaluatzeko, Museoaren Artxibategian kontserbatzen den dokumentazioaren bidez.

"Guernica" murala 300,000 €-ko prezioan erosi da, museoaren hiru erakunde sortzaileek –Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak– egindako ezohiko ekarpen bati esker. Lana eskuratzeak Ibarrolaren 1973 eta 1979 arteko bi margolanen dohaintza eragin du. Margolariak 1979an museoaren areto Grisean egin zuen erakusketarako sortutako muntaketa bereziaren parte dira bi koadroak; erakusketak "Guernica" bera eta urte horietako beste obra batzuk zituen abiapuntu.

 

 

 

Zerrendara itzuli