X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Erakusketa honek Roberto Rosellini zine-zuzendari italiarraren film batetik hartu du izena: Erroma, hiri irekia (1945). Film horren estilo dokumental berritzaileak hiriko bizitzaren errepresentazioa aldatu zuen, bai zineman, baita argazkilaritzan ere. “Hiri irekiaren” irudia bizirik dago oraindik ere. Hiriko testuingurua berezkotasun iturritzat aurkezten da; berrikuntza, benetakotasuna eta artifizioa nahasten dituen lekua da hiria. Hori guztia da erakusketa honen argumentua.
Nigel Hendersonen argazkiak berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran egin ziren, Bethnal Green-en, Londreseko ekialdean, bertan bizi baitzen 1945etik. Estilo pertsonala daukate argazkiek, eta egileak aukera ematen dio ikuslearen irudimenari kaleen itxura orokorra imajinatzeko. Robert Frankek eta William Kleinek argazki-erreportajearen errealismoari eutsi zioten, baina behatzaile independenteak eta subjektiboak izan ziren hala ere. Franken The Americans saileko zati bat erakutsiko da. 1955-56 artean egin zuen eta “amets amerikarretik” urrun dagoen irudia harrapatu zuen Estatu Batuetan bertan. Kleinen argazki lausotuetan –pikorrak dituzte eta kontraste handia–, bestetik, New Yorkeko kaosa konposizio ordenatu eta konplexua bihurtzen da. Garry Winograndek objektibo angeluhandi distortsionatzailea erabili zuen, gizartearen eta egituraren kontrastea handiagoa izan zedin. Lee Frielanderrek ere objektibo bera erabili zuen eta beste argazkilari batzuentzat argazkia egiteko orduan trabak edo arreta galtzeko izango liratekeen elementuak sartzen ditu bere obran. Daido Moriyamak eta Nobuyoshi Arakik, bestalde, Japoniako kaleetan egin zituzten argazkiak: eguneroko eszenak dira, ezustekoak edo planifikatuak, eta herrialde horretako hirien aniztasuna harrapatu dute. William Egglestonek eta Raghubir Singhek koloretako filmak baino ez zituzten erabili. Lehenengoak eguneroko bizitzaren bizitasuna eta etxekotasuna islatu nahi zituen horren bidez. Singhek, ostera, Indiako kaleetako kaosaren ezaugarriak harrapatu nahi ditu, kolore bizi eta kontraste gogorren bitartez. Susan Meiselasek ere kolorea erabiltzen du, baina, Nikaraguan egindako argazkietan ikus dezakegun bezala, arrisku, mehatxu, bitxikeria eta arrunkeriaren arteko erlazio kezkagarria erakusteko. Jeff Wallek eta Thomas Struthek formatu handiko kamerak dituen aukerak aztertu dituzte. Modu horretan, lehenago lortu ez diren argazkiak eta narratibotasun handia erdietsi dute. Zenbait hiri inguruk dagokien identitate kulturalekin duten lotura aztertzen du Struthek. Wallek zinema-lengoaiarekiko duen interesa adierazten du. Zinemaren eta argazkilaritzaren arteko hartu-emana Allan Sekularen eta Catherine Opieren lanean ere nabarmen ikusten da. Sekularen diapositiba-emanaldiak fabrika batetik irteten ari diren langile batzuk erakusten ditu; Lumière anaiek gai berberari buruz egin zituzten lehenengo pelikulak gogorarazten dizkigu horrek. Opiek St. Louiseko hutsune misteriotsua harrapatzen du: teatroko agertokiak ematen dute. Bestetik, New Yorkeko Wall Streeteko arkitektura zorabiagarria ikus dezakegu egile horren lanean. Terence Donovanek eta Wolfgang Tillmansek kalea erabiltzen dute: erabili ere, dokumentalak egiteko ez ezik, lan komertziala eta artistikoa egiteko ere erabiltzen dute. Horrela, bada, Donovanek Londreseko East End-eko etxaurreak eta fabrikak erabiltzen ditu goi mailako joskintzari eta publizitate lanei kutsu errealista emateko. Nikki S. Leek, Beat Streulik eta Philip-Lorca DiCorciak honako kontu biak birplanteatzen dituzte: egiletasuna, batetik, eta argazkilariaren eta erretratatutako objektuaren arteko harremana, bestetik. Kontuak horrela, Leek ondoan pasatzen den edozein pertsonari bat-bateko kamera eman eta argazki bat egin diezaion eskatzen dio. Streulik teleobjektiboak erabiltzen ditu sarritan jende anonimoa harrapatzeko, eta, une batez, inguruan duen jendetzarengandik bereizten ditu. DiCorciaren kasuan, oinezkoak eurak dira (ez argazkilaria) kamera martxan jartzen duten sentsoreak aktibatzen dituztenak.

Zerrendara itzuli