X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Joaquín Sorolla XIX. mendetik XX. menderako iragaitean Europako mugimendu naturalistari loturik zegoen pintura espainiarreko artistarik garrantzitsuena da. Formazio akademizista zuen, eta koadro kostunbristak eta sozialak margotzen hasi zen: paisaietan eta erretratuetan irudikatzen eta garatzen zuen bere estetika argitsua. Garai hartakoa da, esaterako, Erlikia (1893), Bilboko Arte Eder Museokoa (18. gela). 1904an agertu zen Sorollaren ibilbidean hondartzaren gaia, 10 urte lehenago pintatzen hasi zen marinel-kostunbrista deituriko margolanen eratorri pertsonal eta independente moduan.

Artelan gonbidatua gisa erakusgai dugun mihisea 1905eko udan margotu zuen Sorolla-k, Jávea-n (Alacanten) egindako azken egonaldian. Obra hau da pintoreak helduaroan egin zituen prestatzeko estudio eta zirriborro multzo ugarietako margo bat. Margo horietan agertzen zituen hondartzako irudiak, eta aztertzen zituen kolorearen eta argiaren balioak, horiek baitziren bere interes nagusiak. Kasu honetan, konposizioaren erdian neskatila bat dago, itsaslabarreko uretan igerian, ilunabarrean.

Eguzkiak isla harrigarriak sortzen ditu itsasoaren azalean, eta islen mugimendua igerilariaren irudian ere ikusten da. Kolorea aplikatua dago arin eta pintzelkada luze, enpastatu eta nasaiaz; ondorioz, koloreak adierazpen-indar handia dauka. Eta indar hori zehazten da ur urdin ilunaren gainean pertsonaiaren jantzi berdexka eta apenas zirriborratuarekin nahasten diren isla hori dirdiratsuetan. Konposizioaren uhindura dotoreak eta argien kontraste kementsuak sortzen digun zirrarak eramaten gaitu modernismoaren hasierara eta pintore sinbolistek erabiltzen zuten tonu iradokitzailera.

Artelan gonbidatua Museoaren proposamena da, beste museo eta bildumetako obra gailenak jendeari gerturatzeko eta gure bilduma aberasteko. Programa 2001ean hasi genuen, bilduma partikular bateko Richard Serra-ren Bilbao (1982) eskulturarekin. Ondoren ekarri genituen Pablo Picasso-ren Figure (1928), Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-tik (Madrildik); eta Oskar Kokoschka-ren Bordeleko Notre-Dame eliza, Bordeleko Arte Eder Museotik. Oraingoan, erakusgai dugu Joaquín Sorolla pìntorearen obra berezi bat, Sorolla Museoak (Madril) utzi diguna.

 

Joaquín Sorolla (Valencia, 1863 - Cercedilla, Madrid, 1923)
Igerilaria. Jávea, 1905
Olioa mihisean, 107,5 x 180 cm
Sorolla Museoa (Madril)

Zerrendara itzuli