X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Artista jaio zela 150 urte beteko direla-eta, Bilboko Arte Ederren Museoak, Ignacio Zuloaga Museoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, proiektu bat aurkeztu du, Ignacio Zuloaga euskal margolariak (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945) Eibarko Arrateko Ama Birjinaren santutegiko erretaularako egin zituen lau mihiseak kontserbatzeko, zaharberritzeko eta ezagutarazteko. Mihiseak 1904an margotu zituen Zuloagak, Sevillan, eta haren nazioarteko arrakasta goiztiarraren oinarri izan ziren zenbait artelanen elementu eta modelo berak dituzte. Margolan horiek XX. mendean izandako gorabeherak azalduz, hitzaldian margolariaren ibilbideko ekintzarik misteriotsuenetako bat argitzeko saiakera egingo da.

Lau mihise hauek Ignacio Zuloagak Eibarko (Gipuzkoa) Arrateko Ama Birjinaren santutegiko aldare nagusi barrokorako margotu zuen deboziozko multzo baten parte dira. Margolariak Ama Birjinaren irudia dagoen ganbaratxoaren alde banatan jarri zituen; Sortzez Garbiaren tailu gotikorantz doazen erromesen eta otoizgile fededunen eszenak ikus daitezke haietan. Zuloagaren beraren ekimenez margotu ziren –dirudienez, Ama Birjinari hitzeman zion egingo zituela, bere alaba Lucíaren osasuna hobetzen bazuen–, 1904an, artistak Sevillan egindako egonaldirik emankor eta bikainenean.

Garai hartan eibartarra finkatzen zebilen estiloaren ezaugarri nagusiak atzeman daitezke margolanetan. Estilo harekin, nazioarteko figurazioan iraultza eragiten ari zen Zuloaga. Bere artista-dohainez baliatu zen figuren esentzia fisiko eta psikologikoa jasotzeko. Hodei adierazkorren aurrean ageri dira figura horiek, sinbolismoaren eta naturalismoaren arteko erdibidean, eta antzerki-giro nabarmenean. Zuloagak berezkoa duen atzealde-figura binomioaz gain, aipatzekoak dira kolore argitsuak, batez ere urdin, arrosa eta moreak; tonu horiek ohikoak dira Zuloagaren 1903 eta 1905 arteko ekoizpenean, eta bizitasun aparta dute hemen. Margolanek gorabehera asko izan zituzten, eta artistak pare bat aldiz zaharberritu behar izan zituen. Azkenekoz, Espainiako Gerra Zibilean, aldaretik kendu eta denboraldi baterako Bilbora ekarri zituztenean. Orain, Bilboko Arte Ederren Museoan egindako zaharberritze-lan luze baten ostean –museoa baita espezialistarik handiena Zuloagaren lana tratatzen eta zaharberritzen–, lau mihiseek jatorrizko itxura dute berriro. Museoko Alfabetoaren O (Otredad/Bestetasuna) aretoan aurkeztu ondoren, irail hasieran multzoa bere jatorriko lekura itzuliko da, hau da, Arrateko santutegiko aldare nagusira.

Zaharberritzeari dagokionez, 2019an egindako ikusizko lehen analisiek agerian utzi zuten margo-geruzak aldaketa handia jasan zuela. Hain zuzen ere, koloreak efloreszentzia zurixka nabarmenak zituen, eta horiek multzoaren konposizioa eta kromatismoa eraldatzen zituzten. Degradazioaren azterketa teknikoek berretsi zuten “orbanen” zergatia saponifikazioko prozesu kimiko bat zela. Olioaren aglutinatzaileko zenbait gantz-azido eta pigmentu batzuetan dauden metal-partikulak elkarrekin konbinatzean gertatzen dira aldaketa horiek; erreakzioa, azkenean, kolore-geruzan azaltzen da, eta xaboiak edo gatz metalikoak eratzen ditu.

Tratamendua hasteko, erretaulatik lau margolanak kendu eta museora eraman ziren. Bertara iritsitakoan, azterketa teknikoak egin ziren X izpiak eta erreflektografia infragorria erabiliz, eta agerian geratu ziren obretako bitan izandako konposizio-aldaketak, eta euskarriko eta materia piktorikoko beste eraldatze batzuk. Kalte biologikoa geldiarazi zen anoxia-prozesu baten bidez (hau da, oxigenoa guztiz kenduz, modu kontrolatuan), eta, ondoren, disolbagarritasun-probak egin ziren, gatz metalikoetan, gainazaleko estratuan eta bernizetan esku hartzeari begira. Jarraian, mihiseei tratamendu bat eman zitzaien presio baxuko mahaian, deformazioak zuzentzeko eta materia piktorikoa egonkortzeko. Azkenik, koloreak berrosatu eta bernizak eman ziren.

Hitzaldia

Mikel Lertxundi Galiana. Filosofía eta Letretan doktorea eta arte-komisario independentea
Zuloaga eta Arrateko mihiseak

Gure youtubeko kanalean eskuragarri

Babesleak:
Ignacio Zuloaga

Zerrendara itzuli