X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Joaquín Sorollak (Valentzia, 1863-Cercedilla, Madril, 1923) bi mila olio-pintura inguru margotu zituen kartoian, oholean, paperean eta tamaina oso txikiko mihiseetan -gehienez ere 20 x 30 cm-koak-; obra horiei «ohartxoak», «orbanak» edo «koloretako oharrak» deitzen zien artistak. Artistaren ibilbidearen une bakoitzeko lanarekin lotuta daude beti, baina ezin dira hertsiki hartu ondorengo konposizioak prestatzeko ikerketa modura. Hain zuzen ere, Sorollaren ikuspegiaren nolabaiteko erregistroa dira, haren interes piktorikoen laburpenik hoberena.

Maiz erabiltzen zituzten horrelako ohartxoak XIX. mendeko artista handiek, eta Sorollak ere bere bizialdi osoan erabili zituen, bere trebetasuna lantzeko; halaber, artistaren ekoizpen pribatu eta askeenaren lekuko preziatuak dira. Argazki askotan ikusten denez, Sorollak bere tailerrean izaten zituen obra txikiok eta, sarritan, bere jarraitzaileei oparitu, ongintzazko egintzetara bideratu edo beste margolari batzuekin trukatzen zituen. Baina horietako asko nazioarteko erakusketa handietan aurkeztu eta saldu ziren -batez ere, 1909. eta 1911. urteetan Ameriketan egindako biretan-, zeinetan egilearen talentuaren adierazpen kontzentratutzat hartu zituzten.

«...Azkar margotu behar da, gauza iheskor asko galtzen baita, eta ez da berriz aurkitzen!». Halaxe definitzen zituen artistak bere ideiak. Margolaririk garrantzitsuenetako bat izan zen Espainiako artean, XIX. mendetik XX. mendera igarotzeko garaian, eta berezko estiloa zuen obra ezaguterraza sortu zuen. Luminismo bikain eta zehatza gauzatzen zuen paisaia eta erretratuetan, eta goreneko mailara heldu zen Mediterraneoko eta Kantauriko itsasertzen gaiekin.

Sorolla Museoaren eta Sorolla Museoa Fundazioaren (Madril) laguntzarekin antolatutako Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian erakusketan, María López Fernández, Blanca Pons-Sorolla eta Consuelo Luca de Tena izan dira komisario. Lehenengo biek, gainera, erakusketarako argitaratutako katalogoan jasotako saiakerak eta kronologia egin dituzte.

Erakusketan Sorolla Museoaren bildumako 186 margolan daude, formatu txikian, ohol, kartoi edo beste material batzuetan. Beira-arasa txiki batean, egilearen paleta eta beste lanbide-tresna batzuk erakusten dira, artistaren aire zabaleko margolari bokazioaren adierazgarri.

Madrilgo Sorolla Museoan arrakastaz aurkeztu ondoren, Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian erakusketa Bilboko museoan ikusi ahalko da, eraikin modernoaren 32. eta 33. aretoetan, azaroaren 20tik hurrengo urteko otsailaren 23ra bitartean.

 

Sarrera

"Sorolla paseoan, inpresioak harrapatzen"

 

Bere bizialdian, Sorollak ia bi mila olio margotu zituen oso tamaina txikiko kartoien edo oholen gainean. Sorollak "apunteak" zeritzen, baina batzuetan "orbanak" edo "koloretako oharrak" zirela zioen. Ohol txiki horiek pintzelekin eta kolore-tutuekin batera garraiatzen ziren berariaz fabrikatutako kutxetan. Kutxa horiek aire zabaleko pintura errazten zuten. Formatu hori gero eta sarriago erabili zuten XIX. mendeko artista handiek, zirriborro hutsetik harago zihoazen obra independenteetan ikusitako gauzen ideiak edo inpresioak arintasun handiz jasotzeko aukera ematen zuelako.

Hasieran obra intimotzat, margolariaren produktu amaitu gabetzat, jo baziren ere, laster balioetsi zen haietan hala beren sormen askatasuna nola balizko obra berrien ernamuina, eta artistaren alderdirik pertsonalenaren eta originalenaren isla moduan erakusten eta kotizatzen hasi ziren.

Bere konposizioetarako buruan zeuzkan ideiekin harremanetan erabili zituen batzuetan Sorollak, baina sarritan ariketa huts gisa. Estudioan gordetzen zituen, haiekin pareta osoak estaliz, orratzekin eutsita, baina laster hasi zen haiek markoztatzen, eta haren erakusketa guztietan koadro txiki horiek presentzia handia eta nabarmena hartzen hasi ziren. Txikiak tamainan, baina handiak ausardian, Sorollarik distiratsuenaren erauntsiak biltzen dituzte.

 

Prestakuntza eta sendotzea, 1880-1903

 

Valentziako Arte Ederren Akademian prestakuntzan urte asko eman ondoren, Sorolla Erroman jarri zen bizitzen pentsiodun moduan (1885-1889), eta handik Parisa bidaiatu zuen museoak eta erakusketak bisitatzeko. Frantziako hiriburuko panorama artistikoak liluratu egin zuen. 1890eko hamarkadatik aurrera, Madrilen ezarrita zegoen Clotilde emaztearekin eta seme-alabekin, eta lehiaketa handietara aurkezten hasi zen, Espainian nahiz atzerrian. 1900. urtean, Parisko Erakusketa Unibertsaleko Grand Prix saria jaso zuen, zeinak nazioartean kontsakratu zuen. 1903an, Arratsaldeko eguzkia margolan handia amaitu zuenean, Sorollak iritzi zion behin betiko bere estiloa aurkitu zuela.

Haren lehen apunteetan, Fortunyren eta italiarren eragina nabari da, hala konposizioan nola pintatu gabeko zur zatiak adierazkortasunez erabiltzeko moduan. Formatu txikiko obrek anbizio handiagoko konposizioetarako prestakuntza moduan balio zioten, baina, pixkanaka, argia eta kolorea ikertzeko ariketa bihurtuz joan ziren. Independentzia argia hartzen joan ziren tamaina handiko obrekiko: Sorollak tresna paralelo eta esperimental gisa erabili zituen eta, batez ere, begiratzeko eta begirada horren esentzia pintura bihurtzeko moduan.

 

Sorollaren heldutasun artistikoa, 1904-1911

 

1. Georges Petit galeriako erakusketa, Paris, 1906

1906an, Sorollak bere lehen erakusketa monografikoa aurkeztu zuen Parisen, Georges Petit galeria moderno eta ospetsuan. Ordurako, biraketa erabakigarria egina zuen limurtze eta erronka bisual handienak eskaintzen zizkioten gaietarantz: argiaren aldaketak egunean eta urtaroetan zehar, itzalen koloreak, uraren islak eta gardentasunak, argi-kontrakoak, ausardia kromatikoak. Eta itsasoaren eta hondartzen espazio zabaletan aurkitu zuen agertokirik aberatsena. Xàbiako itsasertzean 1905ean egin zuen egonaldian itsaso berria aurkitu zuen, harribitxien gardentasuna zeukana.

Erakusketa hartan formatu txikiko lan asko bildu zituen, eta era horretako lanek garrantzi handia hartu zuten Sorollak urte horietan egindako berealdiko esperimentazioarekin batera. Kolore osagarrien erabilerari buruzko teoriez zuen ezagutza sakona islatzen dute, zeinak oso modakoak ziren fauvismoaren sorreraren lekuko izan zen garai hartako Parisen, baita perspektibaren erabileraz zuena ere.

Erakusketaren ondoren, Sorollak aste batzuk eman zituen Biarritzen, non dotoreek hondartzetan bizi zituzten aisialdiko eszenek estimulu berriak ekarri zizkioten. Haren paleta argitu eta freskatu egin zen, eta enkoadraketek bat-batekotasun fotografiko gorena hartu zuten.

 

2. Amerikako erakusketak

1907-1911 aldian, Sorollak bakarkako erakusketa ugari egin zituen: hiru Alemanian, 1907an; bat Londresen, 1908an; eta, 1909an, New Yorkeko Hispanic Society of Americako erakusketa handia. Ondoren, beste batzuk egin zituen Amerikako Estatu Batuetan: urte berean, Buffaloko Fine Arts Academyn eta Bostongo Copley Societyn; eta, 1911n, Chicagoko Art Instituten eta Saint Louisko City Art Museumen. Urte berean, Erromako Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan ere parte hartu zuen. Lehen Mundu Gerrak geldiarazi zuen mugimendu hura.

Erakusketa horietan, Sorollak banan-banan jarri zituen bere apunteak, urre koloreko marko ildaskatu batez, eta gertutik behatzeko moduan kokatu zituen; horrek agerian uzten du artistak berak obra autonomo eta independente gisa ematen zien garrantzia espezifikoa. Erakusketa horiek guztiak hornitu beharrak formatu ertainak etengabe lantzera derrigortu zuen, eta horregatik, pixkanaka, behera egin zuen formatu txikiagoetako ekoizpenak.

 

Betetasun garaia, 1912-1919

 

Orain hasi zait eskua nire erretinari eta sentimenduari erabat obeditzen, hogei urteren ondoren! Norbere burua pintoretzat jotzeko adina: berrogei urtez lanean jardun ostean!

Rodolfo Gil, Sorollaren hitzak gogora ekartzen, Joaquín Sorolla liburuan (1913)

 

1912az geroztik, New Yorkeko Hispanic Society of Americako Liburutegiko Espainiako ikuspegia horma-irudien enkarguak hartu zuen haren denbora gehiena. Proiektu hartarako margotzen ari ez zenean, bere buruarentzat margotzen zuen, erakusketen presiorik gabe. Lorategietako margolan intimo eta isilak landu zituen orduan, eta hondartzako eszenarik eder eta lortuenak ere margotu zituen. Apunteetan aplikatu zuen bizkortasuna, abilezia eta arintasuna gero eta gehiago islatu ziren tamaina handiagoko haren lanetan.

 

Laguntzaileak:

Sarrera Erosi

ERAKUSKETAREN EDUKIA: Inpresioak ehizatuz

Zerrendara itzuli