X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Edertasunaz eta sakratuaz Isabel Baquedanoren (Mendabia, Nafarroa, 1929-Madril, 20018) obraren osotasunaren lehen berrikuspena da; XX. mendearen bigarren erdiko Espainiako pinturako figurarik pertsonaletako bat izan zen. Juan José Aquerretaren hitzek laburbiltzen duten bezala, "Isabelen patua pintura izan zen", bizitza osoan zehar lagun izan zuen bokaziozko irrika.

Hirurogeiko hamarkadan Iruñeko Eskolaren bultzatzaile aitortua eta zirkulu txiki batzuetan oso errespetatua –haren lanak goiz jaso zuen kritika espezializatuaren aitortza eta erregulartasunez egin zituen erakusketak Madrilen eta Euskal Herrian–, Baquedanok laster utzi zion margolanei sinadura eta data ezartzeari; inoiz ez zuen ospea bilatu, pinturaren ariketa hutsa baizik. Horregatik nahiko ezezaguna da publiko zabalarentzat eta hori da Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa hau antolatzeko izan duen motibo nagusia, bi helbururekin: haren obra zabaltzea eta haren ezagutzan sakontzea.

Edertasunaz eta sakratuaz erakusketak ehun eta berrogeita hamarretik gora margolan eta berrogeita hamar marrazki inguru biltzen ditu –familiaren eta bildumazale partikularren jabegokoak gehienak–, Ángel Bados eskultoreak eta Miriam Alzuri museoko teknikariak hautatuak; Isabelen adiskide izateaz gain, haren lana ondo ezagutzen du Badosek.

Aukeratutako obretako bat Mahaia (1979) da, pieza ikoniko bat, zeinaren "isiltasuna" maiz alderatu izan den Zurbarán eta Morandiren natura hil zainduekin.

Sailetan banatuta, margolanek eta marrazkiek zeharkaldi zabala eskaintzen diote ikusleari artistaren lan- eta bizi-ibilbide luzean barrena, eta, aldi berean, agerian uzten dituzte haren interesa piztu zuten eta hark artearen bidez esploratu zituen gaiak. Adelina Moya Valgañónek katalogorako egindako sarreran azaltzen duen moduan, "Haren ibilbide osoa etengabeko aldaketa izan zen, bilaketa bat, zituen motibazioen eta pinturaren kontzeptuaz egindako buru-lanketaren araberakoa, abiapuntuan kasu guztietan sentimendua zela".

Museoak abagune honetarako argitaratutako katalogoak balio berezia bereganatu du, orain artean ez baita Isabel Baquedanori buruzko ikerlan monografikorik egin. Lan horretan parte hartu dute, Ángel Bados eta Miriam Alzurirekin batera, Ignacio Gómez de Liaño idazleak eta Adelina Moya Vigañón arte historialari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohiak.

Erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan inauguratuko da (urriaren 30etik 2020ko urtarrilaren 26ra arte) eta gero (ekainaren 5etik 2020ko irailaren 20ra arte) Iruñeko bi gunetan ikusi ahal izango da: Nafarroako Museoan eta Nafarroako Unibertsitatea Museoan.

 

Isabel Baquedano (Mendabia, Nafarroa, 1929–Madril, 2018)

 

Zaragozako Arte eta Lanbide Eskolan eta Madrilgo San Fernando Arte Ederren Eskolan ikasia, Isabel Baquedanok Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolako Marrazkigintza eta Modelaketako irakasle plaza irabazi zuen, oposizio bidez, 1957an, eta 1988ra arte irakasle moduan lan handia egin zuen han, modernitatea hauspotuz hainbat belaunalditako artisten artean.

Iruñea eta Madril izan zituen bizileku, eta, 1960ko hamarkadaren hasieran, figurazio errealistaren orbitan zegoen pintura baten bidez eman zuen ezagutzera bere burua, Antonio Lópezen eragina ezagun zuela. Garai hartan indarrean zegoen pop artea alde batera utzi gabe, osagai sozial handia txertatu zuen bere lanetan. Ondoren, oinarri sinbolikoa zuten konposizioetara jo zuen, eta paisaia urbanoek, eguneroko errealitateak eta elementu autobiografikoek mundu klasikotik edo historia sakratutik zetozen gaiei eta kromatismoei utzi zieten lekua, haren erlijiotasun sakonaren isla.

Haren ibilbide osoa benetako arte baten bilaketa etengabea izan da –haren lankideek kontatzen dute behin eta berriz aritzen zela ezabatzen–, soiltasun material eta kontzeptual handienez egina. Artearen historian oso zegoen interesatua, eta quattrocentoko margolariak izan zituen erreferentetzat, Piero della Francesca adibidez, baina baita garaikideak ere, Edward Hopper besteak beste, zeinarekin bat egiten duen eguneroko bakardadea islatzeko interesean. Aldi berean, ezagun du espainiar testuinguruaren eragina ere, postkubismoa, informalismoa, figurazio berria, espresionismoa, errealismo soziala, pop artea eta gisako mugimenduekin lotuta.
Baquedanok estilo pertsonal batean iragazten du hori guztia, sarritan formatu txikia erabiliz margolan bakoitzean bide berriak bilatzeko.

 

Edertasunaz eta sakratuaz. Erakusketa-ibilbidea

 

Sarrera

Egunero lan egiten zuen pinturazale amorratua zen Isabel Baquedano (Mendabia, Nafarroa, 1929-Madril, 2018). 1960ko hamarkadaren hasieran hasi zuen bere ibilbidea, orientazio figuratibo errealista batekin lan eginez eta, orduan indarrean zegoen pop arteari arreta kendu gabe, oinarri sozial indartsua zeukan obra landuz. Gero haren pintura sinbolikorantz lerratu zen, eta paisaia urbanoek eta eguneroko errealitateak lekua utzi zieten mundu klasikotik edo artearen historiatik beretik eratorritako gaiei eta auziei. Publiko zabalarentzat nahiko sortzaile ezezaguna izan zen -nahiz eta erregulartasunez egin erakusketak Madrilen zein Euskal Herrian-, baina haren lanak berehala jaso zuen aitortza. 1957an Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan marrazkiko irakasle izateko oposizioa irabazi zuen, eta han lan garrantzitsua egin zuen tokiko artisten hainbat belaunaldiren irakasle moduan.

Bere lanarekiko ikaragarri zorrotz, zeukan abilezia teknikoa alde batera utzi eta pintura mugaraino eramaten saiatu zen, ikuslea ikusgarri denetik harago doazen auzien enigmarekin aurrez aurre jarriz. Itxura apaleko obra baten jabe da, baliabide estilistiko eta adierazkorren aldetik araztua, eta, batez ere 1990eko hamarkadaz geroztik, ekonomia tekniko handiz egina. Margolari moduan, gai-unibertso pertsonal baten jabe da, zeinean egunerokotasuneko eszenak, natura hilak, tradizio klasikotik hartutako kontuak, Itun Zaharretik zein Itun Berritik hartutako gaiak eta zirkuaren munduko irudiak dauden.

Naturalismoa/errealismoa

Berrogeita hamarreko hamarkadaren hasierako urteetako ikasketa garaiko hainbat marrazkik eta beste obra batzuek agerian uzten dute Isabel Baquedanok, Arte Ederren Madrilgo San Fernando Akademiatik pasatu aurretik, irudikapenerako zeukan berezko talentua. Adierazkortasun-ekonomia handikoak eta trazatu garbikoak, artearen historiaren ezagutza ere erakusten dute, baita errealitatearen ikuspegi pertsonal bat proposatzeko oso gaztetandik zeukan gaitasuna ere.

Bere ibilbidearen hasieran, hirurogeiko hamarkadako eta hirurogeita hamarrekoaren hasierako urteetan, bere lana garaiko joera artistikoekiko harremanetan garatu zen, hala nola errealismo soziala, figurazio berria eta etxe giroaren munduko zein publizitateko irudien pop bereganatzea.

Natura hilak

Ia beti naturaletik pintatuz, natura hila ohiko gaia izan zen haren hastapenetako lanetan, eta erregulartasunez itzuli zen horretara artista, berarentzat pinturak zekarren erantzukizunetik "atseden hartzeko", berak zioenez. "Pentsatu gabe" egindako lan saio horietatik haren margolan enigmatikoenetako baten kontrapuntu diren argiz betetako obra txikiak sortu ziren. Mahaia (1979) da obra hori, museoaren bildumakoa, aldameneko areto batean ezarria; Canfranceko (Huesca) Internacional Hotelaren jangelan egindako argazkietan oinarrituta egin zuen. Beste margolari batzuei bezala, argazkilaritzak koadroa konposatzen eta aurretik mundu errealean behatutakoa eta hautatutakoa eraldatzen laguntzen zion.

Etxe giroko erretratuak

1970eko hamarkadan –bizi-betetasuneko garaia artistarentzat–, haren lanak gai aldetiko menia bat ezarri zuen kanpoko errealitatearekiko, eta mundu intimoago batean barneratu zen, autorretratuak, bere familiaren zein gertueneko adiskideen erretratuak, etxe giroko eszenak eta are pinturaren lanbideari berari egindako omenaldi moduan pentsatutako obrak margotuz. Konbentzio figuratibo orotatik aske, horietako batzuetan, Mayte Baquedanoren eta haren alaba Mafiren erretratuan adibidez, urruntze tekniko bikoitza aplikatzen du, figurak bizkarra emanda kokatuz, guretzat itsua den hondo baterantz begira.

Begirada

Beharbada, artea lantzea ikusten dugunaren eta ikusten dugun horretatik harago izenik gabe adierazten denaren artean egotea baino ez da, ikustearen eta "bestearen" begiradaren arteko lotura sinboliko moduko bat egiteko. Isabelek lan hori egin zuen edertasunaz soilik baliatuz, eta, zenbaitetan, forma egokia erabili, edo, kasurik onenean, irudikapenaren beraren "ezabaketa" fina egin zuen.

Grecia

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaierako urteetan Greziara eta Italiara egindako bidaia baten oroitzapen moduan margotuak, tenpluen eta irudikatutako lekuen edertasuna (Korinto, Paestum zein Sunion Lurmuturra) eta han bizi izandako edo esperimentatutako sentsazioak bihurtu ziren erromantizismo alemana gogora ekartzen duten mihise horietako protagonista, zeinetan artistak bere burua erretratatzen duen hondakin klasikoen paisaia baten erdian. Urte batzuk geroago tenplu hautsiaren irudiak margotu zituen bere bizitza pertsonal zein profesionalean izandako ziurgabetasunezko denbora baten alegoria moduan.

1990eko hamarkadatik aurrera gai eta kezka artistiko berriei egin zien aurre, eraikuntza-ekonomia handiz lan eginez. Batetik, agerikoa egin zen haren obran geometriaren presentzia eta kolore plano eta oso bizien erabilera, ingerada oso markatukoak; bestetik, marrazkia ezegonkorrago egiten da eta, sarritan, kolorearekiko independente garatzen da.

Formatu txikiak

Naturaletik margotutako haren natura hiletan bezala, zeinetan pinturako motibo bat hainbat ikuspuntutatik irudikatzen zen, laurogeita hamarreko hamarkadako urteetan formatu txikira eta gaien errepikapenera jo zuen, egitearen, margotzearen, plazer hutsari emanez arreta. Artistak gai berberak irudikatu zituen —zirku-munduko eszenak, saltinbankiak, orekariak, bihurrikariak eta zerbitzariak protagonista direlarik, besteak beste—, forma eta konposizio ugari erabiliz.

Erlijiosoa irekiz

1994tik aurrera Itun Zaharretik eta Itun Berritik hartutako gaiak sartu ziren haren pinturan. Erabili zituen pasarte erlijiosoen (deikundeak, Paradisutiko egozteak, Egiptorako ihesaldiak, Isaaken sakrifizioak, besteak beste) garapen prozesu luzeak aintzat hartuta, haien aldeko joera ez zen bere lanean izandako gai aldaketa baten ondorio izan soilik. Alderantziz, historia sakratuaren alegiazko egituraren eta egitura sinbolikoaren berreskurapenak -"historiarik benetakoena", haren ustez- ongizatea eta babes espirituala eman ahal izan zion bizitzearen mugen aurrean, margolari moduan zeukan eguneroko lana elikatzen eta gidatzen zuen aldi berean.

Historiarik ederrena

Modu aparteko batean, Isabel Baquedanoren azken pinturak bere bizitzako gertakari garrantzitsuetan dauzka sustraiak, eta artista batez ere beraien espiritualtasunagatik ausartu da horiek islatzen. Beharbada horregatik, haren azken lanak, pinturaren ikuspegitik begiratuta, muturreko intentsitate maila erakusten du. Muturreraino bizi izandakoaren irudikapen izanik hori ere, obra hauetan artistak kolorearen esku uzten du guztia, eszena sakratua aktibatzeko geure orainaldian gertatutako ekintza balitz bezala. Pintzelkada, inoiz baino indartsuagoa eta aurrez iragarri ezinezkoagoa, zorionez luzea izandako eta pinturaren arteari egunero eskuzabaltasunez emandako bizitza baten amaieran ikasitakoaren ziurtasunez aplikatu da.

 

 

 

Babesleak:

Erakusketaren katalogoaren babeslea:

Sarrera Erosi

Zerrendara itzuli