X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiliko ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, zeure lehentasunak aldatu edo informazio gehiago jaso ahal izango duzu. Nago ados

Erakusketak

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioko patronoa den BBVA Fundazioak elkarren artean antolatzen duten bideoarte eta sorkuntza digitaleko programaren bigarren edizioan, Prado Museo Nazionaleko espazioan eta bertako artelanik adierazgarrienetako batean sorburu duten bideo berri bat eta bideoinstalazio bat egongo dira ikusgai.

BBVA Fundazioak kultura-arloko ikertzaileei eta sortzaileei emandako Leonardo beka bati esker (2015) egin du Álvaro Perdices artistak BELTZA eta Argia bideoa, eta orain erakutsiko da lehenengo aldiz. Prado Museo Nazionaleko aretoei eta artelanei buruzko saiakera filmiko eta fotografiko bat da, gauez garatutakoa. Iluntasuna eta beltza hurrenez hurren agertzen dira monokromiak eratuz, eta artelanen argiak eta haren islek eten egiten dituzte, alde figuratiboa, abstraktua eta objektuala txandakatuz.

Bestetik, Boschen Gozamenen lorategia artelana abiaburutzat hartuta, Álvaro Perdices artistak eta Andrés Sanz zinemagileak Lorategi amaigabea. Bosch dela-eta bideoinstalazioa sortu dute. 2016an ekoitzi zuen Prado Museoak, artistaren heriotzaren V. urteurrena zela-eta. Multiproiekzio ikusgarri honek aukera ematen du triptiko ospetsua esperimentatzeko ingurune sentsorial eta pertzeptual batean, ikusleak, ibiltzeaz batera, Paradisua, Lorategia edo Infernua artelaneko pertsonaiekin partekatzen dituen bitartean.

Bi bideosorkuntzak Bideoarte eta sorkuntza digitaleko programaren baitan aurkezten dira. Programa hori 2017an inauguratu zen, Beatriz Caravaggio artistaren Different Trains lana erakutsita.

 

BELTZA eta Argia
2015-2017
Ideia eta proiektua: Álvaro Perdices (Madril, 1971)
Jatorrizko musika: Enrique Borrajeros (Albacete, 1973) eta Jordi Comellas (Manresa, Bartzelona, 1966)
Bideoa. 2 ordu eta 25 minutu

BELTZA eta Argia Prado Museo Nazionaleko areto eta obren gaineko film eta argazki saiakera bat da, Bilboko Arte Ederren Museoan erakutsiko dena jendaurrean lehen aldiz. Haren narrazioa gauez gertatzen da, museoa itxirik dela, argi gutxirekin edo ia batere argirik gabe. Filmazio honek lau segmentutan banatutako pinturaren eta erakundearen esperientzia bisual bat proposatzen du. Segmentu horiek hainbat alderdi biltzen dituzte, hala nola, idazketa piktorikoa, argia eta argirik eza, obren interpelazioa eta filmazio ekintza, irudiak irakurtzen eta eraikitzen dituen egitate performatibo modura.

Ikus-entzunezko honek Prado Museoko bisitak adinako iraupena izan dezake, baina kameraren mantsotasunak eta arretak ezohiko hurbilpen baterako bidea ematen dute. Ikuspegi dokumental eta informatibotik aldenduta, ikusle bakoitzak museoko pinturen banakako irakurketa egin dezake, arlo intimo, ukigarri, emozional edo bitalaren hurbiltasunetik. Erakundea bera eta haren edukiak gela ilun batean sartzen dira, non pinturaren materialtasuna ikusteko eta irakurtzeko aukera emantzipatzen baitu argiak. Iluntasuna eta beltzaren presentzia nabarmentzen dira, hurrenez hurren, obrek eta haien distirek islatutako argiak etendako monokromietan, eta, bitartean, alderdi figuratibo, abstraktu eta objektualaren hautematea txandakatzen da. Filmazioak argazki finko txikien sorta bat du atxikita, Prado ia ilunpetan erakusten duen ikuspegi ezohiko bat eskaintzen dutenak.

BELTZA eta Argia obra BBVA Fundazioak 2015ean ikertzaile eta sortzaile kulturalei emandako Leonardo bekari esker garatu du Álvaro Perdices sortzaileak.

 

Lorategi amaigabea. Bosch dela-eta
Prado Museo Nazionalak ekoitzitako obra, 2016
Ideia eta proiektua: Álvaro Perdices (Madril, 1971) eta Andrés Sanz (Madril, 1969)
Jatorrizko musika: Javier Adán (Madril, 1975) eta Santiago Rapallo (Madril, 1974)
Bideoinstalazioa: 75 minutu

Gozamenen lorategia triptiko ospetsua du abiapuntu bideoinstalazio original honek. 2016an aurkeztu zuten Prado Museo Nazionalean, Jeronimo Boschen heriotzaren bosgarren mendeurrena zela-eta, eta gure museoko 33. aretoan ikusgai izango da orain.

Lorategi amaigabea. Bosch dela-eta 16 bideo kanaletan eta 10 audio pistatan banatutako ikus-entzunezko pieza baten multiproiekzioa da. 75 minutu inguruko iraupena du, eta, denbora horretan, Boschen pinturaren irudiak erakusten ditu, baina berrinterpretatuta eta berreginda. 

Álvaro Perdices artistak eta Andrés Sanz zinemagileak sortu dute proiektu hau, zeinak biltzen baitu, halaber, Santiago Rapallo eta Javier Adáno musikagileek obrarako berariaz sortutako musika konposizio bat.

Lorategi amaigabea espazio pertzeptual batetik Boschen triptikoan murgiltzera garamatzan "murgiltze" giro bat sortzeko moduan diseinatu da. Egileek Prado Museoaren bildumako pintura ospetsua hartu dute abiapuntu, "mapa bat balitz bezala […] ibilbideak sortzeko, bidaiak sortzeko…". Hala, bereizmen handiko irudietatik ateratako ezin konta ahala xehetasunen bidez aretoko hormak "blaitzen" dituzten konposizioak eraiki dira, halako eran, non tapiz piktoriko erraldoi bat sortzen baitute, ikusleari Paradisuan, Lorategian nahiz Infernuan barrena ibiltzea ahalbidetzen diona, hango izaki, piztia eta gorputz ugariez inguratuta.

Bideoinstalazioan, koadroko askotariko mundu piktorikoen xehetasunak bereizi, zatitu eta berrelkartzen dira, espazio erabat sentsoriala sortuz, zeina baitago, aldi berean, hiru dimentsioko azentuez hornituriko soinu paisaia batek bildurik. Irudi zatikatuek, eskala aldaketek edo mikronarratiba harrigarriek dimentsio berri bat hartzen dute lan honetan, eta, horren bidez, Boschen obrak beti sortu izan duen jatorrizko txundidura bera eragiten dute.

Objektua esperientzian urtzen duen dispositibo espazial bat osotasunean esperimentatzeko ezintasunaren kontra oldartzen den "garrantzizko txikitasun" horretan barrenako ibilbide eta paseo bat eratzen dute beren tokitik ateratako xehetasun horiek.

Babeslea:
Lorategi amaigabea. Bosch dela-eta | BELTZA eta Argia

Sarrera Erosi

Zerrendara itzuli