X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Obra Gonbidatua programaren edizio berri honetan, Javier Pérez artista garaikide bilbotarraren lana aurkeztuko dugu, Banco Santander Fundazioaren babesari esker. 2011n egindako Haratustela instalazioa da, Muranoko kristalezko lanpara gorri bikain baten zatien gainean pausatutako hamar bele disekatuk osatutakoa.

 

Javier Pérez (Bilbo, 1968)

 

Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean eta 1992tik 1997ra bizileku izan zuen Parisko École Supérieure des Beaux-artsen ikasi ondoren, estilo propioari esker, Javier Pérez laster hasi zen sorkuntza plastikoaren munduan nabarmentzen. Bere ibilbidea, hain zuzen ere, XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan nazioarteko testuinguru artistikoan indar handiz agertutako inguruko artisten belaunaldiaren barruan dago kokatuta.

2001. urtean, Estrella de Diegok hautatu zuen –Ana Laura Aláezekin batera (Bilbo, 1964)– Veneziako Bienaleko Espainiako Pabiloian parte hartu zezan. Bertan, tamaina handiko kupula alderantzikatua aurkeztu zuen, beirazko milaka alez osatutakoa. Lan horren izenburua Kristaldutako zeru-zatia da, eta, gaur egun, bisitariak hartzen ditu Artium - Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Museo Zentroko sarreran. Sasoi hartan, De Diegok honelaxe azaldu zuen Pérezen lana: "fina bezain indartsua da… zatikatua bezain trinkoa".

Javier Pérezen lanak beste instituzio nabari batzuetako fondoetan ere badaude; esate baterako, Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionalean edo Guggenheim Bilbao Museoan. Besteak beste, nazioarteko hainbat museo eta galeriatan ere jarri dituzte ikusgai Javier Pérezen lanak: Parisko Centre Pompidou, Parisko Palais de Tokyo, Marseillako Chapelle du Centre de la Vieille Charité, Vienako Kunsthalle Wien, Parisko Musée d'Art Moderne de la Ville, Nimesko Carré d'Art-Musée d'art contemporain, Musée d'Art Moderne et Contemporain Strasbourg eta Rouengo Musée des Beaux-Artsen.

Instalazioen artean, honakoak nabarmentzen dira –Veneziako 2001eko Bienalerako aipatutakoarekin batera–: Mutazioak (2004), Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionaleko Kristalezko Jauregian; Landare-argidun larruazalak (2007), Vitoria-Gasteizko Vital Kutxako egoitza nagusirako; Erostak (2009), Burgosko katedraleko klaustroan; eta Salzburgeko Jaialdirako eskaerapean egindako Denboraren erakustaldia (2012).

Hasiera-hasieratik, adierazpenerako zenbait euskarri eta prozeduraren arabera eratutako diziplina anitzeko lengoaia antzematen da bere lanetan. Hartara, marrazkia, eskultura, argazkiak, bideoak eta performancea darabiltza artistak, aparteko diziplina moduan edo ikusleen artean giza izaerari buruzko hausnarketa suspertzeko sortutako dotoretasun formal handiko instalazio konplexuen osagai moduan.
Horretarako, Pérezek ahalik eta onura handiena ateratzen die zenbait material organikoren eta hauskorrak bezain arinak izan ohi diren objektu manufakturatuen adierazpenezko ezaugarriei. Lehenengoen artean, larrua, latexa, pergaminoa, hesteak, krisalidak edo, kasu honetan bezala, animalia disekatuak erabili ditu; eta, bigarrenen artean, beira edo portzelana, baina baita brontzea edo erretxinak ere.

Figuraziozko eta objektuzko errealitate horretatik abiatuta, askotan bilbe eszenografikoaren epilogo moduan eratutako argudioa garatzen du, eta, bertan, izaerari buruzko gaiak ditu hizpide. Horrela, ikusleekiko konfiantzazko itxurazko harremana okertzen duten misterioaren eta artegatasunaren adierazpidea dira objektu ezagunak.

Horixe bera gertatzen da orain Obra Gonbidatu moduan ikusgai jarri den piezan, zoruan hautsita dagoen Muranoko kristalezko lanpara zoragarria hauskortasunaren ideiaren metafora bihurtzen baita. Artistak berak dioenez, "beiraren inguruko interes handia daukat, hauskorra bezain zurruna delako, erakargarria bezain arriskutsua". Dena dela, gainera, gorria ere bada, "gure barruaren kolorekoa". Beraz, odola bera eta bizia aipatzen ditu zuzenean, eta, kasu honetan, badirudi bele beltzen agerpen maltzurraren aurrean isuri dela, zaurgarriak garela eta, horren ondorioz, gure izaera denborazkoa dela gogorarazteko.

Material horien bitartez, Pérezek misterioz betetako lan sofistikatuak sortzen ditu, eta, bertan, edertasuna eta izugarrikeria nahasten ditu ahalmen oroitarazle handiz. Hori dela eta, sarritan, nolabaiteko urduritasuna sortzen du ikusleen artean. Ia-ia beti, tempus fugitaren ideia barrokoa eta gauzen hauskortasuna dakarzkigute gogora, eta, vanitasaren transposizio garaikidea izango balitz bezala, denborak ihes egiten digula ere bai. Izan ere, badirudi horixe bera dela Haratustela lanaren (2011) ideia nagusia.

 

Javier Pérez (Bilbao, 1968)
Haratustela, 2011
Muranoko beira eta bele disekatuak Zenbait neurri
Artistaren bilduma

Babeslea:
Javier Pérez

ERAKUSKETAREN EDUKIA: Javier Pérez

Zerrendara itzuli