X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Aurtengo bigarren hitzorduan, Obra Gonbidatua programak, Banco Santander Fundazioak babestua, Juan Muñozen (Madril, 1953-Eivissa, 2001) ibilbidean adierazgarri den obra bat aurkeztu du; Muñoz XX. mendearen azken hiru hamarkadetako nazioarteko eskulturaren berritzaileetako bat da, adituen ustez.

Hanging Figures da obraren izenburua, eta 1997ko data du; museoko antzinako hallean ikusgai geratuko da 2009ko ekainaren 2ra arte.

Bi giza figurak osatzen dute (160 x 70 x 50 cm-koa haietako bakoitza), erretxinan eginak, bakoitza bere ezaugarriekin eta bere jantziekin. Jarrera artifiziotsuan daude, biak ia-ia jarrera berean, beren ahoetatik irteten diren soketatik zintzilik sabaitik 4,5 metrora. Bata bestetik gertu dauden arren, bien arteko komunikaziorik ezak bakardadea eta arroztasuna transmititzen dizkio ikusleari. Grisean egindako azken ukitu monokromoak areagotu egiten ditu sentsazio horiek, eta pertsonaien izaera anonimoa nabarmentzen du.

Piezaren jatorrian, Juan Muñozek giza figuraren adierazpen zehaztugabe eta transzendentearen inguruan daukan funtsezko interesa dago, kasu honetan figurazio bikoitz batean gauzatua, zeinean tamainak, erreala baino pixka bat txikiagoa, objektu artistikoa hura ikusten duenarengandik urruntzen laguntzen duen. Artistak 1997an hasita egindako zintzilikatutako obra-multzo baten barruan kokatzen da Hanging Figures, eta urte horretan egina da. Saileko beste pieza batzuetan bezala, Muñozek erabat eraldatzen du eskulturari behatzeko ohiko modua, ikuslearen ikuspuntua errotik aldatuta.

Aldi berean, obraren hiru dimentsioko izaera nabarmentzen du, zeinak bizitasunez jokatzen duen erakusten deneko espazioarekin. Eskulturak hura erakusten den lekuarekin duen harremanari buruzko kezka hori da artistaren lanaren betiko beste ezaugarri bat.

Ideia horretatik abiatuta, obra museoaren antzinako eraikin berriztatuko hallean muntatu da. Ez da kasualitatez hautatua leku hori: eraikinaren garapenean duen kokapen zentralak, errepertorio arkitektoniko neoklasikoaren berezitasunak eta espazio hau argiztatzen duen argiztapen natural, zenital eta albokoak ezuste eta nahasketa efektua eragiten duen atmosfera eszenikoa sortzen dute. Hanging Figures ikuslearen bila irteten da.

Figuren jarrerak, goian eta zintzilik, bista sabairantz altxatzera behartzen du, horrekin bertikaltasunaren ideia txertatuz eta ezohiko behatze dinamikoa eraginez: bista altxatu, obrari halletik beretik begiratzen badio; perspektiba ugaritarako sarbidea izan, eskaileraren erritmoari jarraituz gero; obraren aurrez aurrez kokatu, leihateko eskailburutik behatzen bada; eta, azkenik, ikuspuntua aldatu, goitik begiratzen bazaio, eskaileraren amaieratik. Gainera, piezak figura bizigabeak poliki-poliki beren ardatzean birarazten dituen motor bat dauka, eta horrek eskulturaren berezko estatismoa hausten du eta ikuspena egonkorra ez izatea eragiten du.

Azken batean, Hanging Figures obrak Juan Muñozen kezka eta interes artistiko nagusiak erakusten ditu modu frogagarrian. Museoaren antzinako eraikinaren espazio historizistan kokatu izanak ikusleari dei egiten dio zuzenean, aldi berean haren bizitasun adierazkorra biderkatuz.

Muntaketa prozesu osoan funtsezkoak izan dira Cristina Iglesias eskultorearen (Donostia, 1956) lankidetza eta hark Juan Muñozen obraz duen ezagutza sakona.

 


 

HITZALDIA
"Juan Muñoz: geroratutako denboraren alegoria"

Manuela Mena
Prado Museoko XVIII. mendeko Pinturaren eta Goyaren Kontserbazio burua
Osteguna, 2019ko apirilaren 11
Museoko Auditoriuma
Gonbidapenak, museoko txartel-leihatilan egun berean, edo aldez aurreko erreserba gure webgunean.

Babeslea:


Juan Muñoz

Sarrera Erosi

Zerrendara itzuli