X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Obra Gonbidatua Bilboko Arte Eder Museoaren programa originala da, zeinen bitartez publikoari beste museo edo bilduma batzuetako obra bereziak helarazi nahi baitzaizkio, Museoaren bilduman dauden egileen ikuspegia aberasteko edo sekula erakutsi gabeko egileen lanak erakusteko. Erakusketa monografikoen serie hau 2001ean hasi zen, eta, 2004tik hona, Banco Santander Fundazioaren babesa dauka.

Oraingoan, hogeita hirugarren edizioa den honetan, artearen historiako emakumezko margolaririk aipagarrienetako baten mihisea aurkezten dugu: Giuditta e Oloferne (Judith eta Holofernes), c. 1612-13, olioa mihisean, 159 x 126 cm-koa. Egilea Artemisia Gentileschi (Erroma, 1593−Napoli, 1652/53) da, eta obra hau, gainera, Napoliko Capodimonte Museoko maisulanetako bat da. Obraren kalitatea albo batera utzita, historialariek lan honi buruzko interpretazio autobiografiko asko egin dituzte, eta, horrela, margolariaren bizitza legendario eta, sarritan, tragikoarekin erlazionatu izan dute koadroa.

Lana irailaren 28ra arte egongo da ikusgai Museoko Eraikin Zaharreko 10. aretoan, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumako margorik garrantzitsuenetako baten ondoan: Lot eta bere alabak, c. 1628, olioa mihisean, 226 x 282 cm-koa. Lan hori Artemisia Gentileschiren aitak margotu zuen, Orazio Gentileschik (Pisa, 1563−Londres, 1639). Biak, Orazio eta Artemisia, Caravaggioren estiloaren jarraitzaile nabarmenak dira.

 



Artemisia Gentileschi, Erroman jaioa 1593an eta Napolin hila 1652-53an, Orazio aitaren ikaslea izan zen, zeina, era berean, Caravaggiorengandik gertuen zegoen margolarietako bat baitzen. Bere gaztaroko lanak 1612 eta 1621. urteen artean egin zituen Erroman eta Florentzian; lan horien artean, Florentziako Pitti Jauregiko Maddalena eta Capodimonte Museoko Giuditta e Oloferne obrek Orazioren eragina erakusten dute, duten estilo caravaggioar handiagatik. Aitarekin Genoan egonaldi labur bat egin ostean, Erromara itzuli zen 1622an, eta hantxe egon zen lau urtez.

1627an, Napolira joan zen bizitzera, eta han eman zituen bere karrerako urterik oparoenak. Gainera, Napoliko bildumagile eta margolariek asko estimatzen zuten. 1639 eta 1641. urteen artean, Ingalaterran egon zen, gaixorik zegoen aitari laguntzen. Izan ere, Orazio Ingalaterran zegoen bizitzen.

Koadro honetan Judith ikus daiteke, alargun hebrear gazte eta aberatsa, Holofernes jeneral asiriarrari burua mozteko puntuan dagoenean. Holofernes Betuliako gotorlekua erasotzen ari zen bere armadarekin, eta hiri txiki hori errenditzekotan zegoela, Judith, bere soinekorik ederrenekin jantzita, Holofernesen kanpamenduan sartu zen Abra neskamearekin batera, bere senarraren hilketaren gaineko bengantza hartzeko, baina, batez ere, hiria etsaiaren atzaparretatik askatzeko.

Baina zentinelek harrapatu egin zuten, eta Holofernesen aurrera eraman zuten, zeinek oturuntza batera gonbidatu baitzuen bere dendan. Afarian, jeneral asiriarra mozkortu egin zen, lo geratuz. Orduan, Judithek gerlariaren ezpata hartu zuen, eta, Abra esklaboaren laguntzarekin, burua moztu zion. Asiriarren armadak, buruzagirik gabe, setioa altxatu eta alde egin zuen. Lan honetan, Judith heroiak kastitatea eta indar morala sinbolizatzen du, nahiz eta sarritan, batez ere Kontrarreformaren garaian, Elizak heresiaren gainean izandako garaipena sinbolizatzen zuen.

XVI eta XVII. mendeen artean Bibliako pasarte hau landu zuten margolari gehienek emakumeen ihesaldiaren unea aukeratu zuten, Holofernes hil ostean; bestela, Judith margotzen zuten, Holofernesen buru moztua erakusten zuen bitartean. Hala ere, Artemisia Gentileschik unerik dramatikoena islatu nahi izan zuen, hau da, burua mozteko unea. Hautaketa horren aurrekaria Caravaggioren gai bereko mihise ospetsu bat da: Giuditta Coppi izenarekin ezagutzen da eta Barberini Jauregian dago ikusgai. Artemisia Gentileschiren lana eta bizitza aztertu duten adituek beti nabarmendu izan dute pintatutako gai honek lotura estua duela margolariak 1611. urtean (19 urterekin) bizi izan zuen gertakari traumatikoarekin; izan ere, Agostino Tassi pintoreak bortxatu egin zuen. Honako hau gaztaroko lana da, Erroman egindakoa 1612 eta 1613. urteen artean, hau da, indarkeriazko gertakari hori sufritu eta denbora gutxira.

Lan honen bertsio autografoa Florentziako Uffizi Galerian dago gordeta. Adituen arabera, ikusgai dugun lanaren ostean egindako bertsioa da.

 

Testu: Brigitte Daprà
Arte historialaria, Capodimonte Museoa, Napoli

 

Artemisia Gentileschi ( 1593 - c.1652-53)
Giuditta e Oloferne (Judith eta Holofernes) c. 1611-12
Olioa mohisean, 158,8 x 125,5 cm
Capodimonte Museoa, Napoli

Babeslea:

Judith eta Holofernes

Zerrendara itzuli