X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Uztailaren 10ean hasi eta irailaren 10era arte, CAJA DUEROren babesarekin egindako KASIMIR MALEVICH erakusketak, artista honen ehun lan baino gehiago bildu ditu lehenengo aldiz gure herrialdean. Kasimir MALEVICH (Kiev, 1879–San Petersburgo, 1935) suprematismoaren sortzailea eta Europako abangoardiaren funtsezko figuretako bat izan zen.

MALEVICH XX. mendeko arteak izan duen artistarik garrantzitsuenetakoa da. Bere teoria eta obra suprematistek objektutik aparteko arteranzko bidea ireki zuten eta, ondorioz, erabateko abstrakzioari hasiera eman zion. Bere koadro, marrazki, diseinu arkitektoniko eta idazkien eragina gaur arte heldu da, eta bereziki nabarmentzen da euskal artisten zenbait belaunalditan, Jorge Oteiza delarik artista horien arteko figura paradigmatikoa.

Erakusketa honek artistaren lanaren ikuspegi zabala eskaintzen duen ibilbide kronologikoa osatzen du: bertan daude bere lehenengo zirriborro inpresionistak, pintura sinbolista eta fauvistak, 1911 eta 1912 bitartean egindako nekazarien irudiak, eta konposizio kubo-futuristak. Erabateko abstrakzioaren aurreko urratsa izandako Eguzkiaren gaineko garaipena operaren jantziak eta eszenografia prestatzeko marrazkiak ere jaso dira, bai eta obra suprematistak ere: besteak beste, bertan egongo dira Errusiako Estatu Museotik (San Petersburgo) ekarritako Karratu gorria (1915) eta Karratu beltza (c. 1923) obra enblematikoak, bai eta obra post-suprematista ugari ere. Erakusketa 1930 inguruan egindako lanekin amaitzen da, hau da, nekazaritzaren inguruko figurazio eta ikonografiara bueltatu zeneko lanekin. Beste alde batetik, hamaika "arkitektoi" eta material ugari ere jaso da: artistaren liburuak, argazkiak, litografiak eta testamentu originala.

MALEVICHen etapa desberdinak erakusteko asmoarekin, Errusiako probintzietako museo ugaritako eta bilduma partikularretako obrak aukeratu dira. Gainera, orain arte lar ezagunak ez ziren interes handiko dokumentu originalak ere aurkitu dira. Proiektuarekin kolaboratu duten erakundeen artean daude San Petersburgoko Errusiako Estatu Museoa, Moskuko Tretiakov Galeria eta Parisko Arte Modernoaren Museo Nazionala - Georges Pompidou Zentroa.

Caixa Catalunya Fundazioaren La Pedrera Erakusketa Aretoan (Bartzelona) aurkeztutako erakusketa honetako komisario lanean, MALEVICHen obrari buruzko aditurik handienak daude: Jean-Claude Marcadé, Jean-Hubert Martin eta Evgenia Petrova.

INPRESIONISMOA ETA SINBOLISMOA. XX. mendearen lehen hamarkadan, MALEVICHek eragin ugari izan zituen hasierako fase batean, lehenengo abangoardietako Europako mugimenduei esker. 1905 eta 1906. urteen artean, mihise inpresionistak egin zituen, eta, handik gutxira, 1907 eta 1910. urteen artean egindako zenbait obraren bitartez, sinbolismoa aztertu zuen, kolore puruak eta fondo monokromoak erabiliz. Atsedena. Gizartea kapela luzeekin (1908) lanak ondo ordezkatzen du  etapa hori.

FAUVISMOA ETA PRIMITIBISMOA.1908 eta 1911. urteen artean, primitibismoaren eraginpean, MALEVICHek fauvismoaren aldagai bat eraman zuen aurrera, kolore biziekin, pintzelada arinarekin eta sinbolismotik hurbileko ikonografiarekin. Etapa horretako adibide ona da Autoerretratua (1908-10) lana.

PRIMITIBISMOA ETA CEZÁNNISMO GEOMETRIKOA. XX. mendeko Errusiako eskolak 1909 inguruan Moskun arrakasta handia izandako Natalia Goncharova eta Mijaíl Larionoven pinturaren neoprimitibismoaren eragina jaso zuen. MALEVICHek pertsonalizatu egin zuen estilo hori, cézannismo geometrikoarekin elkartu zuenean. Teknikoki, elementu figuratiboen geometrizazioa, eskematismoa eta lerro biziaren erabilera nabarmendu daitezke. Denbora-tarte horretan, MALEVICH Errusiako herriaren eguneroko bizitzan –nekazariak, erlijioa– inspiratu zen, eta hori ondo ikusten da Segalaria (1911-12) mihisean eta 1910-11 urteetan egindako Emakume baten soslaia, Bi gizon gurditxo bati tiraka edo Bainuak marrazkietan.

KUBOFUTURISMOA.1912-1913. urteetatik aurrera, MALEVICHek kubofuturismo izena eman zion bere obra batzuen estiloari. Lan horietan, objektu eta pertsonaien dekonstrukzio geometrikoari mugimendua gehitu zitzaion, eta, batez ere, kolore metalikoen paleta erabili zuen. Modu horretan, landa giroko munduaren estetika eta zibilizazio industrial berriaren kultura urbanoa uztartu zituen. Aldi honetan, MALEVICHen maisulanetako bat nabarmendu behar da: Ivan Vassilievich Kliunkoven erretratu perfekzionatua (1913).

ALOGISMOA. MALEVICHek alogistatzat hartu zituen suprematismoaren aurreko obra batzuk. Errusiako poeta kubofuturistetan inspiratuta, oinarri kubistan jarri zituen itxuraz harremanik ez zuten objektu eta inskripzio batzuk. MALEVICHen beraren erretratu metaforikoa zen Abiadorea (1914) lanak ondo laburbiltzen ditu bere asmoak.

EGUZKIAREN GAINEKO GARAIPENA OPERARAKO MARRAZKIAK. 1913an, MALEVICHek Matiushinen Eguzkiaren gaineko garaipena operaren jantzi eta eszenografiarako zirriborroak egin zituen. Lehenengo ikuskizun kubofuturista izan zen, performancearen aurrekaria, eta 1913ko abenduan aurkeztu zen San Petersburgoko antzoki batean. Libretoa eguzkiaren suntsipenari buruzkoa da, eta, ondorioz, eguzkiak argiztatzen zuen mundu ikusgarriaren suntsipena eta belztasunaren garaipena dator. Opera honetako zirriborro seriea da Karratu beltza (c.1923) ospetsua sortzeko aurrekaririk hurbilena.

SUPREMATISMOA. Suprematismoa MALEVICHek sortutako mugimendu formalista da, artea funtzio errepresentatibotik askatu nahi zuena. Karratu beltza (c. 1923), Gurutze beltza (c. 1923)  eta Zirkulu beltza (c. 1923) dira suprematismoaren obrarik enblematikoenak. Suprematismoak errealitate ikusgarria gainditu nahi zuen, gauzak oinarri-oinarrizko formen bitartez islatzeko. Lau angelukoa lana ez-objektu gisako forma baten lehen agerpena izan zen (1915ean), deskribapen naturalistetatik libre: beltza zuriz inguratuta, pinturaren historiako lehenengo monokromoan. Izan ere, zuriak marko funtzioa betetzen du.

Karratu beltza mundu sentikorraren errepresentazio mimetiko ororen azal piktorikoaren ezabaketa da, "ezerez askatuaren" esplorazioa. Utopia horren ondorioz, 1920. urtera arte, MALEVICHek fondo zuriko zenbait mihise egin zituen. Bertan, karratuaren, gurutzearen eta zirkuluaren bariazio polikromoak esekiduraz daude islatuta. Karratu gorria (1915)lanak garrantzi berezia izango du, izan ere, Errusiako imajinario kolektiboak edertasunarekin lotzen du kolore hori, eta, 1917tik aurrera, MALEVICHek Errusiako Iraultzaren sinbolo bihurtu nahi izan zuen. MALEVICHek hiru lan egin zituen karratu beltzarekin: Lau angelukoa (1915), azken 0.10 erakusketa futuristarako; Karratu beltza (1923), 1924ko Veneziako Bienalerako; eta Karratu beltza (1929), Moskuko Tretiakov Galeriarako egin zuen atzera begirakorako.

ARKITEKTOIAK. Arkitektoiak suprematismoaren bertsio arkitektoniko-eskultorikoa dira. MALEVICHen ideia arkitektonikoen ekarpen nagusia guztiz izaera plastikoko arkitektura artistikoarekiko obsesioa da, eta ate edo leihorik gabeko arkitektoi utopikoetan islatzen da. Simetriaren ukapena eta arkitekturaren ohiko harremanen alderanzketa ikusten da bertan. Erakusketan 1920ko originalak bildu dira, bai eta, Alfa, Beta, Gota eta Zeta arkitektoien marrazki eta argazkietatik abiatuta, Georges Pompidou Zentroak 1989an berritutako lau lan ere.

POST-SUPREMATISMOA. Hogeiko hamarkadaren amaieran, MALEVICH figuraziora bueltatu zen, gero eta stalinistagoa zen Sobietar Batasuneko nekazari errusiarren tragedia erakusteko. Mihise horietan, nekazariak zutik daude, eta ez zitzaion inongo erreferentziarik egiten hasierako etapan hain presente zegoen lanari. Kirolariak (1930-31) lanak testuinguru soziopolitikotik kanpoko gizatasuna erakusten du, Ukrainako jantzi herrikoien apaingarri abstraktuen antzekoak ziren jantzi polikromoekin, aurpegi gabeko eta maniki itxurako gizonekin. Azken lan horietan, MALEVICH Europako abangoardiako beste artista askorentzat komuna zen ordenara bueltatu zen, bere modu berezian.

 

Kasimir Malévich (Kiev, 1879–San Petersburgo, 1935)
Autoerretratua, 1910
Gouache paperean, 26.8 x 27 cm


Kasimir Malevich

Zerrendara itzuli