X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Oraingo honetan, Kristo zigorkatua da obra gonbidatua. Egur landu eta polikromatuzko eskultura da, 1616 ingurukoa. Eskultura barroko espainiarreko maisuetako bat izan zen Gregorio Fernándezen lan garrantzitsuetako bat da, bere sorkuntza-unerik onenean egindakoa.

Gregorio Fernández 1605 inguruan hasi zen Valladoliden bizitzen Gorteak erakarrita, eta, bertan, bere tailer propioa izan zuen. Egur polikromatuan egindako gai erlijiosoko eskulturetan, barroko espainiarrean arrakasta handia lortu zuten eredu ikonografikoak sortu zituen, eta errepikatu egin zituen, sailak sortuz. Pasioarekin erlazionatutako gaien artean, Zigorkatzearen Kristo, Ecce Homo, Gurutziltzatua eta Kristo Etzana nabarmentzen dira. Dramatismoz betetako irudi erlijiosoen tradizioari lotutako lehenengo etaparen ondoren, Gregorio Fernándezek naturalismo handiagoa sartu zuen bere lengoaia artistikoan.

Jakina denez, kontakizun ebanjelikoetako batek ere ez du zehazten nola jaso zuen Kristok Pilatok agindutako astindu bidegabea, baina irudimenak zutabe baten beharra ikusi zuen, non Jesús eskuetatik lotu zuten; debozioak ugaldu egin zuen berrerosleak bularrean eta bizkarrean jasotako zigorraden kopurua, eta ohikoa izan zen borrero krudelen presentzia gogoratzea.

Aste Santuan intsigniekin edo prozesioetako “pausoekin” ateratzen ziren diziplinante kaletarren kofradiek gogora ekartzen laguntzen zuten gobernadore erromatarrak Jerusalemen zuen etxean gertatutako tragedia, odol eta guzti. “Bere maiestateari eman zioten zigorrada ugarien ondorioz gure Jesukristori bere bizkar sakratuetan egin zioten” zauria gurtzarako arrazoia izan zen; izan ere, Valladolideko Vera Cruz kofradiak induljentziak eta jubileua eskatu zizkion Erromari, beren buruak zigortzen zituztenentzat.

Tipo ikonografiko honetan ohikoa den bezala, Fernándezek zutabera lotutako Kristo sortu zuen. Hain zuzen ere, Kristo kono-enbor formako zutabe baxu batean agertzen da; zutabe hori XIII. mendetik Santa Práxedes eliza erromatarrean kontserbatzen den zutabean dago inspiratuta. Erakusten duen egoera errukarriarekin, ikuslearen errukia eragiten du, sinestuna hunkitzeko asmoz.

Fernándezen adibide hau Kontrarreformaren munduan izan zuen onarpenaren zerrenda luze baten parte da; Junquera Matok eman zuen ezagutzera, lana Banco Hispano Americanoren bildumakoa zenean. Horiek horrela, ezin izan da arakatu lanaren jatorria; dena dela, gai hau erlijiotasun karmeldarraren ezaugarrietako bat denez, esan daiteke agian hori izan daitekeela jatorria, nahiz eta egia den badaudela ale batzuk beste ordena erlijioso batzuen komentuetan ere. Lanaren tamaina aintzat hartuta (ohikoa baino txikiagoa), susmatu daiteke oratorioan edo klausuran gurtzen zuen jatorri pribaturen batekoa dela.

Ondo adierazi denez, maila goreneko lantzat hartu behar da, maisuak berak egindakoa, bere garairik onenean; izan ere, bertan, formaren klasizismoa eta emozio erlijiosoaren intentsitatea uztartzen dira. Biluziaren tratamendua, kristalezko begiak dituen buruaren espresioa, eta ilearen eta bizarraren tailu fin-fina, zutabea bera bezala, maisuaren ezaugarri argiak dira. Haragitzeak naturalismoa areagotzen du, nahiz eta ez den larregi geratzen odolean; era berean, esan izan da araztasun-oihalaren polikromia Kalbariorako bidea (Eskulturako Museo Nazionala, Valladolid) lanaren “pausoko” (1614an agindu zitzaion eskultoreari) Veronikaren lepoko zapiaren antzekoa dela. Hala ere, bere beste lan askorekin ere erlazionatu daiteke, adibidez, Dimasen biluzia estaltzen duen oihalarekin (1616).

Eskultorearen antzeko beste Kristo batzuei dagokionez, estiloari begira, Madrilgo Gizakundearen komentuan dagoenetik dago hurbilen; izan ere, daukan jarrerak ez du beste batzuek duten jarrera makur samarra, eta antzeko biguntasuna du. 1616. urtetik hurbilekoa da, komentu hura inauguratu zen urtetik hurbilekoa, alegia.

Obra Gonbidatua programa —2001ean jarri zen abian— beste erakunde batzuek aldi baterako utzitako lanak hurbilarazten dizkie ikusleei. Lanok esanahi berria hartzen dute Museoan, izan ere, lan bakar bateko erakusketa gisa eta bilduma iraunkorraren testuinguruan aurkezten dira. 2004an, Santander Fundazioa ekimen honetan sartu zen, eta edizio berri guztiak babestu ditu; modu horretan, urtean zenbait bider antolatu izan da programa hau (batzuetan, aditu ospetsuek emandako hitzaldiekin batera), eta bere bildumako obrak ere laga ditu, edizio honetan bezala. Abian jarri zenetik, programa honi esker 29 lan jarri dira ikusgai modu berezi honetan, orain aurkeztutakoa barne. Besteak beste, Berruguete, Morales, Zurbarán, Van Dyck, Tintoretto, Artemisia Gentileschi, Canaletto, Fortuny, Monet, Sorolla, Picasso, Chillida, Hockney edo, duela gutxi, Freuden lanak izan ditugu ikusgai.


Gregorio Fernández (Sarria, Lugo, 1576 - Valladolid, 1636)
Kristo zigortua, c. 1616
Egur landu eta polikromatua, 74 x 39 x 31 cm
Santander bilduma, Madril


Babeslea:
Kristo zigortua

Zerrendara itzuli