X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

2014an, hamar urte beteko dira Banco Santander Fundazioa Obra Gonbidatua programa babesten hasi zenetik. Hamarkada honetan, berrogeita hamar artelan baino gehiago aurkeztu dira eta 45 deialdi egin dira; tartean, honako hau. Hain zuzen ere, oraingoan, Antoni Tàpiesen (Bartzelona, 1923-2012) margolan enblematiko bat dago ikusgai, Nafarroako Unibertsitatea Museoaren jabetzakoa.

Lana María Josefa Huarte bildumagile nafarrak eman zion dohaintzan Nafarroako Unibertsitateari, 2008an. Honekin batera, 50 bat margolan eta eskultura ere eman zituen, tartean zeudelarik beste lau tàpies eta Pablo Picasso, Jorge Oteiza, Pablo Palazuelo, Eduardo Chillida, Kandinsky eta Mark Rothkoren lanak.

L’esperit català (Espiritu katalana) lehenago ere erakutsi izan da, margolari katalanari eskainitako zenbait erakusketatan; hain zuzen ere, Madrilgo MEAC Arte Garaikidearen Museo Espainiarrean (1980), Bartzelonako Fundació Antoni Tàpies museoan (1992), Valentziako IVAM Institut Valencià d’Art Modern erakundean (1992), Londresko Serpentine Gallery delakoan (1992) eta Bartzelonako MACBA Museu d’Art Contemporani museoan (2004).

1954tik aurrera, eta surrealismoan hasi ostean, Tàpiesek hizkera informalistaren gako formalekin garatu zuen bere obra, eta, kontzeptualki, filosofia existentzialistari eta zen-budismoari lotuta. Printzipio horiei jarraituz, pintura materikoaren ibilbiderik konplexu eta sortzaileenetakoa osatu zuen. Keinu bidezko grafismoak, mota askotako zeinuak eta ohiko objektuak sartzen zituen, eta, gero, hiru dimentsioko obrak egiten hasi zen. Modu horretan, bere lana aberastuz joan zen, eta arte povera delakora eta instalazioetara hurbiltzen hasi zen.

Museoaren bildumakoak diren bi margolanak, orain L’esperit català (Espiritu katalana) obrarekin batera ikusgai jarri direnak, oinarrizko interes horien adibide onak dira: Gran oval (Obalo handia) 1955ean egindakoa da, Tàpiesabstrakzio informalista materikora sartu berri zela. Lan horrek duen soiltasun formal garrantzitsua kontuan hartuta, artista katalanaren lehenengo maisulanetako bat dela esan daiteke. 1961eko Signe i matèria (Zeinua eta materia) lanaren kasuan, egileak garrantzi berezia eman zien euskarriari eta ezaugarri materikoei: kartoi bat da, eta, bertan, pintatzeko askatasun handiz irudikatzen dira grafismoak, ehundurak eta orbanak.

Banco Santander Fundazioaren babesari eta Nafarroako Unibertsitatea Museoaren aldi baterako maileguari esker orain aurkezten ari garen L’esperit català (Espiritu katalana), aldiz, hurrengo hamarkadaren hasieran egindakoa da. Sasoi hartan, Tàpiesen obra artea aldarrikatzeko boterearen adierazpide bihurtu zen, eta, bertan, inolako zalantzarik gabe erakusten da bere konpromiso politiko katalanista, adierazpen askatasunaren alde egin zuen borroka eta erregimen frankistaren aurka zeukan jarrera.

 


Bere ibilbidearen hasieratik, Antoni Tàpiesen lanak «kaleko graffitiei eta nire herrialdeko horma guztietatik zebilen protesta isilarazi, klandestino baina bizi-biziko munduari» lotuta daude, artistak berak Comunicación sobre el muro (1969) lanean idatzitakoaren arabera. Hiri-hormak adierazpen politiko eta pertsonalerako tokiak dira, Brassaïk hogeita hamarreko hamarkadan fotografiatutakoen antzekoak, eta artistak zuzenean eramaten ditu koadrora. «Tradizio familiarrez hain neuretzat neukan hiriko horma guztiak gure herriari eragindako martirio eta atzeraldi jasangaitz guztien lekuko izan ziren».

1971n, Tàpiesek L’esperit català egin zuen, frankismoaren azken urteetako bizitza katalana erakusten duen horma. Senyera katalanaren lau barra bertikalek ildaskatuta, koadroa inskripzioz beteta dago, eta batzuk neurri handikoak dira, besteak beste, «libertat», «Catalunya viu» edota «Visca Catalunya». Oro har, mezu irekiak dira, berrikuntza espiritual eta politikokoak: elkarrizketa, gizarte-berdintasuna, demokrazia, egia, kultura... Koadroa, beraz, manifestu politiko eta estetikoa da: «erresistentziaren benetako Guernica», Josep Meliàren hitzetan.

Abangoardiak mugimendu internazionalistatzat eta, beraz, apolitikotzat jotzen dituztenen aurrean, Tàpiesek artista bere aberrian sustraitzea aldarrikatzen du, garai hartako beste artikulu batean idatzi zuenarekin bat etorriz (El arte de vanguardia y el espíritu catalán, 1971): «Sentimendu aberkoia –argi eta garbi esan dezagun–, behinik behin gure herrialdean eta pazientzia gutxikoek pentsa dezaketena gorabehera, aurrerakoia da oinarrian». Eta hau, berarentzat, ez da lokalismoa, baizik eta «oinarrizko oldarra bizirik mantentzeko saiakera, hala maitasunarena nola gerrarena, humanismoaren, demokraziaren eta askatasunaren alde».

Artistaren funtsezko egitekoa –pentsatzen du Tàpiesek– ez da berari buruz hitz egitea, baizik eta ahots «kolektibo» eta «ia anonimo» gisa agertzea. Eta hori gertatzen da L’esperit català lanean; izan ere, herri baten aldarrikapen anonimoak jasotzen dituen hiri-horma gisa aurkezten da.

Lan hau María Josefa Huarteren bildumakoa izan zen, eta, ondoren, 2008an, Nafarroako Unibertsitateko Museoari utzi zion oinordetzan.

Testua: Museo Universidad de Navarra



Antoni Tapiès (Bartzelona, 1923-2012)
L'Esperit català (Espiritu katalana), 1971
Olioa, marmol-hautsa, aglutinatzailea eta pigmentuak oholean. 200 x 275,3 x 4,5 cm
Nafarroako Unibertsitateko Museoa

Babeslea:

L'Esperit Català

Zerrendara itzuli