X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Obra Gonbidatua programak, 2001ean hasitakoak, beste erakunde batzuek aldi baterako lagatako lanak hurbiltzen dizkio publikoari; horrela, lanok beste esanahi bat hartzen dute Museoan, lan bakarreko erakusketa gisa aurkezten direlako, bilduma iraunkorraren testuinguruan. 2004an, Banco Santander Fundazioa babesle gisa sartu zen ekimen honetan, eta, horrela, zenbait erakusketa antolatu ahal izan dira urtero, batzuetan aditu ospetsuek emandako hitzaldiekin. Gainera, Fundazioak bere bildumako artelanak ere mailegatu izan ditu. Sortu zenetik, programak 34 deialdi izan ditu, eta, modu berezi horretan, 39 artelan ikusi ahal izan dira, orain aurkezten duguna barne. Besteak beste, Berruguete, Morales, Zurbarán, Van Dyck, Tintoretto, Artemisia Gentileschi, Canaletto, Fortuny, Monet, Sorolla, Picasso, Chillida, Hockney, Freud, Rubens, Arellano edo, oraintsuago, Turnerren lanak ikusi ahal izan dira. 

1927an, René Magritte (Lessines, Hainaut, 1898 – Brusela, 1967) Parisera joan zen bizitzera, eta, bertan, André Bretónen lagun egin eta surrealisten taldeko kiderik nabarmenenetakoa izatera heldu zen. Beraren konposizioetan, eguneroko objektuak ezohiko testuinguruetan agertzen dira, kolore argiko eta atzealde zapaleko pintura finez eginda. Lan honek bere gairik ospetsuenetakoa jasotzen du: onddo-kapela daraman eta aurpegirik ez duen gizona, alegia. Figura hori Magritteren beraren alter ego gisa hartu izan da maiz. Hemen, irudia bikoiztuta eta siluetaren formarekin agertzen da, eta, bertan, hurrenez hurren, hostotza trinkoa agertzen da, alde batetik, eta zeru eta hodeidun pasaia bat, bestetik. Errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa bitxi honek irudi harrigarria sortzen du, Belgikako maisuaren estiloarekin gertatu ohi zen bezala.

Magritte 1898an jaio zen Belgikan eta Bruselako Arte Ederren Akademian ikasi zuen. Bertan, konstruktibismoarekin saiakuntzak egin, eta gaztaroko lehen lanak sortu zituen. Lanok orduan hasiberria zen publizitatearen munduari lotuta zeuden. Hogeiko hamarkadan, fotomuntaketa eta collage-a probatu zituen. Teknika horiek jokoaren eta gauza irrazionalen zerbitzura daude. Orduan, surrealismoaren goieneko aldia zen. Camille Goemans, Mesens eta Paul Nougé idazleekin batera, Belgikako talde surrealista osatu zuen; pintore bakarra idazleen artean. Parisen finkatu zen 1927an, eta, han, André Breton, Paul Éluard eta surrealista frantziarren taldearekin izan zuen harremana. Giorgio de Chirico pintore italiarrak izan zuen eragin handien Magrittek koadroa ulertzeko eran. Koadroa espazio irreala da, eta, bertan, objektuek gauza metafisikoen –surrealismoaren gertuko korrontea– presentzia misteriotsua dute.

Hogeita hamarreko hamarkadan, surrealismoarekiko lotura sendotu zuen, eta metamorfosia baliabide gisa erabiltzen hasi zen. Baliabide horrek joko bisual arduragarri nahiz poetikoa sortzen du, eta objektuak transformatzen ditu. Hizkuntzan ere interesa zuen, eta horrek hitzen edukiaren eta horien adierazleen eta erreferente bisualen arteko lotura aztertzera eraman zuen: Magrittek auzitan jartzen ditu ohiko loturak, eta harridura sortzen du normalean horrelakorik ez dagoen tokian. Logikaren sen ona zalantzazkotzat jotzen du eta eduki berria ematen die formei, objektuek ez baitute beren burua ordezkatzen. Horren adibide argia da La trahison des images (1928-1929). Piparen irudi ospetsua ageri da bertan, eta, azpian, “Ceci n'est pas une pipe” (Hau ez da pipa bat) esaldia dauka idatzita. Magrittek ikus-entzulearen fantasiari dei egiten dio, jokoaren zentzua aurkitzeko. Beste hainbat gauza ere aldatzen ditu: objektuen arteko loturak, horien izenak, jarrita dauden espazioa edo perspektiba eta tamaina.

La Belle Société lanean, hil baino lehentxeago pintatutakoan, pertsonaia beraren bi silueta gainjartzen ditu, baina gizon baten irudiaren ordez, natur eta paisaia irudiak eta landaretza itxia dituen silueta jartzen du, eta, horren aurrean, hondartza eta zeruertza agertzen dituen profil berdin-berdina. Surrealismoaren korronte askeenaren automatismoan sartu gabe, eta, hala ere, gauza oniriko eta psikoanalitikoekiko gustua alde batera utzi gabe, Magrittek lerro ziur, garbi eta ia sinpleaz margotzen du, forma xumeez lagunduta, pentsakeraren askatasunaren eta adierazkortasunaren izenean.

Magrittek modu honetan azaltzen du pinturaren ikusmoldea: “Irudi pintatua, batetik, pentsaera batek aldatutako mundu ikusgarriaren deskribapena da, edo, bestela, bestetik, berezko moduan ulertutako mundu ikusgarriaren deskribapena.

Testua: Fundación Telefónica


René Magritte
La Belle Société, 1965-1966
Olioa mihisean, 81 x 65 cm
Telefónica bilduma, Madril


Babeslea:

La Belle Société

Zerrendara itzuli