X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

2001ean abiarazitako Obra Gonbidatua programak beste erakunde batzuek aldi baterako lagatako lanak hurbilarazten dizkio publikoari; horrela, lanok beste esanahi bat hartzen dute museoan, lan bakarreko erakusketa gisa aurkezten baitira, bilduma iraunkorraren testuinguruan. 2004an, Banco Santander Fundazioa babesle gisa sartu zen ekimen honetan; modu horretan, urtean zenbait bider antolatu izan da programa hau, eta, batzuetan, Fundazioak bere bildumako obrak ere laga ditu. Hasiera-hasieratik, eta hitzordu berri hau kontuan hartuta, programak 41 deialdi izan ditu, eta, guztira, 48 artelan ikusi ahal izan dira modu berezi honetan.

Orain, Belgikako pinturaren maisuetako bat den Paul Delvauxen (Antheit, Lieja, Bélgica, 1897–Veurne, Bélgica, 1994) helduaroko obra bat jarri da ikusgai. Egilea joera surrealistari lotuta dago, baina oso irudi bereziak islatzen ditu; hain zuzen ere, uztartu egiten ditu elementu arkitektoniko klasikoak, bidaiaren ideiari lotutako hiri-paisaiak (esate baterako, tren-geltokiak), figura hieratikoak (normalean emakumezkoak, jantzita zein biluzik), eta, kontraesana dirudien arren, bizirik dauden eskeletoak. Elementu horiek guztiek oso errepertorio bisual konplexu eta errepikaria osatuko dute bere ibilbidean.

Delvauxek marrazkigintzarekiko zeukan pasio goiztiarrak betiko iraun zuen bere konposizioetan. Lan horietan, berak hainbeste miresten zuen lehenengo Errenazimentuko pinturan bezala, perspektiba-lerroek igarotzeko moduko eszenatoki geometrikoak eratzen zituzten. Urruneko leku eta paisaia desolatu horiek agerian uzten dute Delvauxek miretsi egiten zituela Giorgio de Chiricoren (Vólos, Grezia, 1888–Erroma, 1978) espazio metafisikoak.

Delvauxen margoetan ere, italiarrarenetan bezala, denboraren absentzia sumatzen da; izan ere, geldiarazitako uneak galarazi egiten du pertsonaien arteko elkarrizketa, eta horrek arrarotasun-sentsazio sakona sorrarazten du, eszenaratze zaindu baten eta beste leku eta denbora bateko kontakizun konplexu baten aurrean bageunde bezala.

Orain ikusgai dagoen lana, L’appel izenekoa eta 1944an datatutakoa, Telefónica Bildumakoa da. Fundazio horrek 2011n ere kolaboratu zuen programa honekin, eta, hain justu, orduko hartan laga zigun obra nabarmena –La Belle Société, 1965-1966– hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarkadetako beste margolari surrealista belgikar handi batena zen, zehatzago esateko René Magritterena (Lessines, Hainaut, Belgika, 1898–Brusela, 1967), zeina Delvaux baino urtebete eskas geroago jaio baitzen. 1935ean ezagutu zuten elkar, eta esperientzia artistikoen truke luze eta emankorra izan zuten. Gainera, museoaren bilduman James Ensor maisu belgikarraren helduaroko obra bat ere badago –Vierge et mondaine, c. 1933–. Ensor bi hamarkada lehenago jaio zen, eta tradizio piktoriko flandestarraren hari gisa jokatu zuen, eduki groteskoekiko gustuari dagokionez eta pintatzeko modu zehatzaren eta aberastasun kromatikoaren arloetan.


Paul Delvauxek (Antheit, Belgika, 1897-Veurne, Belgika, 1994) 1944an pintatu zuen L’appel, ordurako ospe handiko artista zenean. Beste zenbait margolarirekin batera egin zituen erakusketak (besteak beste, Magritterekin), birritan bidaiatu zuen Italiara, Surrealismoaren Nazioarteko Erakusketa delakoan hartu zuen parte (egoitzak Parisen eta Mexikon zeuden), eta Bruselako Palais des Beaux-Arts delakoan egin zuen bere lehenengo atzera begirakoa. 47 urte zituen, eta artean mende erdia geratzen zitzaion lanbidean, bai eta hainbat sari ere margolari gisa egindako ibilbidean, tartean biurtekoak, atzera begirako erakusketak, dominak eta omenaldiak. Paul Delvaux surrealismoaren joerari lotutako margolari belgikarrik famatuenetakoa izan zen, eta, aldi berean, joera horren jarraitzailerik definigaitz eta pertsonalenetakoa.

Bere hasierako lanetan, Delvauxek Frantziako paisaiagintzaren eragina jaso zuen, batez ere Barbizoneko Eskolarena eta Courbetena, bai eta Ensor eta Permekeren sinbolismoaren eta espresionismoaren eragina ere. 1920 eta 1924. urteen artean, arkitektura eta pintura ikasi zituen Bruselako Arte Ederren Akademian, eta, 30eko hamarkadatik aurrera, bere estilo pertsonala garatuz joan zen, haurtzaroan eta gaztaroan bizitako esperientzietatik abiatuta. Besteak beste, inspirazio-iturri izan zitzaizkion Jules Verneren liburu ilustratuen irakurketak, grezierako eta latineko eskolak (mundu klasikora hurbiltzeko balio izan ziotelako), eta Bruselako Azokara egindako bisitak, non harrituta geratu baitzen Spitzner Museoko bitxikeria medikoekin. Denak ere, funtsezko iradokizunak izan ziren, irudikapenaren inguruko bere mundu nahastezina elikatzeko orduan.

L’appel konposizioak egilearen obran ohikoak diren zenbait gai aurkezten ditu: eskeletoa, emakumea eta arkitektura klasikoa, alegia. Umetan, biologia-laborategi batean ikasten zuen, eta txundituta geratzen zen hormetatik zintzilikatuta zeuden eskeletoekin. Horrek bere ikonografia bereziaren alderdirik ilunena elikatzen zuen. Bere eszenetan agertzen diren emakume, venus edo eva biluziek gutxitan begiratzen diote ikusleari, eta aire hieratiko eta espresiorik gabea dute, manikiak balira bezala, eta modu artegagarrian betetzen dituzte bere mihiseetako arkitekturak eta eszenatokiak.

Eszenek denboraz kanpoko une bati buruzko narrazioak dirudite: ez dago koadroan gertatzen denari buruzko azalpenik, ez behintzat azalpen errazik. Hor, inspirazio klasikoa eta inspirazio surrealista elkartu egiten dira, eta horren ondorioz sortzen diren egiturek asko zor diote, egileak berak aitortuko zuen moduan, Giorgio de Chiricoren obrari eta artista horren paisaia metafisikoak ezagutu izanari. Bere konposizioen proportzio geometrikoak erabat akademizismo klasikoaren barruan sartzen dira, eta antzerkikoak diruditen dekoratu isilen itxura ematen dute, non aktore-figurek harreman nahasgarriak baitituzte elkarren artean. Modu horretan, “dekoratuek eta figuranteek” osatzen dute Delvauxen hizkeraren arlo sinbolikoa.

Testua: Laura Ramón Brogeras
Bildumen Kudeaketa. Telefónica Fundazioa.


L’appel, 1944
Olioa mihisean. 156 x 160 cm
Telefónica bilduma

Babeslea:

L'appel

Zerrendara itzuli