X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Mariano Fortuny (Reus, Tarragona, 1838-Erroma, 1874) XIX. mendeko Espainiako arteak izan zuen margolaririk nabarmenenetakoa da. Hemeretzigarren mendeko pinturan garrantzi handikoa izateaz gainera, Eduardo Zamacois margolari bilbotarraren (Bilbo, 1841-Madril, 1871) lagun mina izan zen, eta, hori dela eta, Obra Gonbidatuaren edizio hau (49. edizioa) oso interesgarria da. 2006. urtean, bere ibilbide amaierako obra bat, Porticiko hondartza, programa honetan ikusgai egon zen, eta, handik gutxira, 2007an, museoak antolatutako Zamacois-Fortuny-Meissonier erakusketak Fortunyren hamar bat obra nabarmen erakutsi zituen, bere  lagun Zamacois eta horren maisu Meissonierren lanekin batera. Oraingoan, bere ibilbide artistikoaren amaierako obrarik onenetako bat jarriko da ikusgai: Tapiz saltzailea akuarela (1870).

Bestetik, Raimundo de Madrazo, Eduardo Rosales, Martín Rico eta, batez ere, Mariano Fortuny margolari espainiarren laguna izan zen Zamacois. Azken horri, gainera, laguntza eman zion Parisko zirkulu artistikoetan eta arte-merkatu zailean sartzeko. Harreman profesional eta pertsonal estua eta iraunkorra sortu zen margolari bien artean. Fortuny da, hain zuzen ere, Zamacoisen erretraturik ezagunenaren egilea: 1869an egindako akuaforte bat da, Museoaren bildumakoa. Mariano Fortunyrekin izan zuen laguntasuna 1866. urteko udazkenean sortu zen. Zamacoisek Parisen zuen estudioa eskaini zion Fortunyri, Erromatik ekarri berri zituen obrak erakutsi zitzan. Parisen, hain zuzen ere, liluratu zituen Fortunyren pinturak bertako kolonia espainiarreko hainbat kide. Zamacoisek bere adiskidearen talentua miretsi zuen, eta akuarelaren teknikan zuen maisutasuna goraipatu zuen. Une hartatik, margolari biak lagun egin ziren eta Fortunyren biografian oso garrantzitsuak izango ziren figuretako batzuk aurkeztu zizkion bilbotarrak. Horien artean daude Adolphe Goupil arte-merkatari ospetsua, itzal handiko W.H. Stewart bildumagile amerikarra eta Parisen bizi zen artista piloa, horien artean bere maisu Ernest Meissonier pintorea.



1859ko martxoan, Mariano Fortuny margolari katalan gaztea Erromara heldu zen lanbidea perfekzionatzera, Bartzelonako Diputazioaren pentsioari esker. Laster jarri zen harremanetan macchiaioli deitutako margolariekin, baina Fortuny sekula ez zen halakotzat hartua izan. Bartzelonako Diputazioak Afrika iparraldeko gerra kolonial espainiarrari buruzko erreportaje grafikoa enkargatu zion, eta, beraz, birritan bidaiatu zuen Marokora, eta hantxe sortu zitzaion gai orientalistarekiko interesa.

Fortunyren pinturak arrakasta handia izan zuen, eta margolariak laster alokatu ahal izan zuen Vigna Giulia jauregia, via Flaminia kalean; hain zuzen ere, hantxe prestatu zuen estudioa eta, era berean, hantxe instalatu zuen antzinako objektuen inguruan zeukan bilduma oparoa, koadroak osatzeko orduan attrezzo gisa erabiltzen zuena. Fortuny Goyaren pinturan inspiratzen zen, eta, berau interpretatzerakoan, xehetasunez betetako preziosismoa erabiltzen zuen, macchiaioli delakoek eta Frantziako lehenengo inpresionistek jorratzen zuten tratamendu soltearekin batera.

Bere bezero nagusiak Hiri Eternaleko turista aberatsak ziren, baina, handik gutxira, bildumagile handiak ere harekin interesatzen hasi ziren, eta, ondorioz, Adolphe Goupil Parisko arte-merkatari ospetsua esklusibotasun-kontratuak sinatzen hasi zen Fortunyrekin, zenbateko altuak finkatuz urtero. Beste alde batetik, Fortunyk bezeroen eskariaren menpe egon behar zuen; hain zuzen ere, bezeroek eszena anekdotikoak eskatzen zituzten, kasakaz jantzitako pertsonaiei edo mundu islamiarreko ohitura exotikoei buruzkoak. Gogora dezagun espedizio eta bidaia handien garaiak zirela, eta inperio kolonialak ere orduantxe ari zirela ezartzen. Baina, Fortunyren pinturan, garrantzitsuena ez dira gaiak, normalean hutsalak izaten baitira, ezpada kolorea eta argia maisuki erabiltzen zituela eta teknika modu txundigarrian menperatzen zuela.

Badakigu Fortunyk Parisen amaitu zuela Tapiz-saltzailea, Jean-Léon Gérôme margolari adiskideak utzi zion estudioan, eta 1870eko maiatzean aurkeztu zuela jendaurrean, Goupilek l'Opéra-ko plazan zeukan galerian antolatu zion erakusketan. Bertan, artistaren lanik onenak bildu ziren (Bikario andrea, Bibliofiloak, Suge-sorgintzailea eta gure akuarela, Le marchand de tapis au Maroc deitzen zuena), bai eta salgai jarri ere, mundua astindu zuten prezioetan. Aipatzen ari garen artelana 20.000 frankoren truke erosi zuen Murrieta bankariak, Londresen bizi zen eta negozio handietan aritzen zen euskaldunak. Bigarren Inperioko Parisko arte-kritikaririk ospetsuenak, Théophile Gautierrek, goraipamenez hitz egin zuen erakusketa hartaz eta gure koadroaz, eta garai hartako prentsak berehala eman zuen gertakariaren berri. Tapiz-saltzailea ospetsu egin zen, batez ere, Goupilek 1875ean editatu zuen album monografikoari esker; hain zuzen ere, hogeita hamasei urte besterik ez zituen artistaren ustekabeko heriotzaren ondorioz argitaratu zuen album hura.

1956ko uztailean, Josep Sala Ardiz industrialariak eskuratu zuen Bartzelonako Parés Aretoan, 350.000 pezetako zenbateko handian. 1980ko otsailean, Tapiz-saltzailea Montserratera heldu zen, Sala jaunaren arte-bilduma bikaineko legatu gisa, eta, horren ondorioz, museoa handitu egin behar izan zen.

 


Josep de C. Laplana
Museu de Montserrat-en zuzendaria, Bartzelona

 

Mariano Fortuny (Reus, Tarragona, 1838-Erroma, 1874)
Tapiz-saltzailea. 1870
Akuarela tenpera-ukituekin, paperean. 59 x 85 cm
Museu de Montserrat, Bartzelona
N. R. 200.419. Josep Sala Ardizen dohaintza, 1980

Babeslea:
Mariano Fortuny

Zerrendara itzuli