X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

2014an, museoak Marta Cárdenas (Donostia, 1944) margolariaren dohaintza jaso zuen. Bertan, Cárdenasek egindako obra-multzo esanguratsua dago jasota: hain zuzen ere, paperean egindako 295 obra eta artistaren 55 koaderno. Orain, lan horien aukeraketa bat aurkeztuko dugu.

Cárdenasen ibilbide artistikoaren oinarrian etengabeko bilaketa espresiboa dago. Horrek nolabaiteko isla izan du artistaren bizitzan; izan ere, hainbat bidaia egin ditu, eta bere obran ere arrasto hori nabarmen sumatzen da. Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Gipuzkoako Elkarte Artistikoan (Donostia) trebatzen hasi ostean, 1963 eta 1968. urteen artean Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ikasi zuen. Urtebete geroago, 1969an, Parisera bidaiatu zuen, eta, han, naturaletik egindako pintura deskubritu zuen. Berriro bueltan, paisaiak lantzen hasi zen; lan horietan, unea harrapatu eta bere pertzepzioak islatu nahi zituen, argia eta kolore-orbanak erabiliz. Chillidak eta Balerdik animatuta, erakusketak egiten hasi zen, sarri askotan Vicente Ameztoy, Carlos Sanz eta Ramón Zuriarrainekin; izan ere, pintura figuratiboarekiko interesa konpartitzen zuen eurekin. 1975ean, Ottawara bidaiatu zuen, eta, han zegoela, urte hartan bertan, Luis de Pablo (Bilbao, 1930) konpositore ospetsuarekin ezkondu zen. Hiru urtez bizi izan ziren Kanadako hiri horretan.

1977tik aurrera, etengabe bidaiatu izan du, eta zenbait denboraldi igaro izan ditu Berlinen, Stockholmen, Parisen, Milanen eta Lisboan. Beti eramaten du blok bat ("laborategi-koadernoa", berak esaten duen bezala), eta interesatzen zaion guztiari buruzko oharrak jaso eta apunteak marrazten ditu. 1979tik aurrera, erabaki zuen soil-soilik aire librean pintatzea, mihiseen neurria handitzea, eta obrak saio bakarrean egitea; ondorioz, teknika azkarra erabili behar izaten du, keinu bidezko izaera duena. Bere interes sortzaileen bilakaeraren ondorioz, Cárdenas paisaiagintza intimistara heldu zen, kolorearen ezaugarri tonalen esplorazioan oinarrituta. Lan horietan, konposizio-elementuak oso soilak dira: landareren bat edo ezaugarri orografikoren bat, besterik ez. Artistak berak honelaxe definitzen du: "marrazkian, ekonomiarik handiena; kolorean, oparotasunik handiena".

Laurogeiko hamarkadan, espazioak eta argiak eraikitako paisaia sentsorial eta sintetizatuan zentratu zen. Hamarkada horren amaieran, Japoniara bidaiatu zuen, eta Zen filosofia deskubritu izanaren arrastoa bere pinturan ere agertu zen. Modu horretan, ekialdeko kaligrafiaren baliabide grafikoak sartzen hasi zen, eta, ezaugarri horren bitartez, keinu bakarrarekin, bere asmo espresibo osoa kondentsatzea lortzen zuen.

1996ko udazkenean, India hegoaldera bidaiatu zuen, eta horrek, beste behin ere, aldaketa ekarri zuen bere obrara, errealitate bisualetik urrundutako koloreekin esperimentatzen hasi baitzen. Ordutik aurrera, bere obra materialtasun nabarmenago baterantz bilakatu zen, eta, bertan, askatasunez aplikatutako kromatismoa nagusitzen da.

Gaur egun, Madrilen bizi da eta hantxe egiten du lan, eta atzera begirako erakusketa handi bat ari da prestatzen; erakusketa hori Donostian egingo du, datorren urtean.

 

Zerrendara itzuli