X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Margolaria eta idazlea, Santiago Rusiñol (Bartzelona, 1861—Aranjuez, 1931) mugimendu modernista katalanaren kide nagusietako bat izan zen. Bere ibilbide piktorikoan erretratu gehiegi ez dagoen arren, kalitate handiko lanak dira, hala nola, "Miquel Utrilloren erretratua", bere ekoizpeneko onenetakoa. Bertan, pertsonaia polifazetikoa, Parisen Rusiñolekin eta Ramón Casas margolariarekin bizi izan zena, Moulin de la Galette parkean ageri da erretratatuta. Gorputz osoz eta alboz, Utrillok kazetari lanari erreferentzia egiten dioten paperak ditu eskuan. Rusiñolek paleta soila erabili zuen hemen; izan ere, zuriek ikuslearen begirada zuzentzen dute lehenengo planotik konposizioaren atzealderaino.

 

Santiago Rusiñolen produkzio piktorikoaren barruan, erretratuaren generoa ez da lar ugaria. Alabaina, harrigarria badirudi ere, egin zituen erretratu urriak ez dira soilik pieza aipagarriak: areago, lan horietako gehienak Rusiñolen produkzioko margorik onenetakoen artean daude. Halaxe gertatzen da Miquel Utrilloren erretratua izeneko lan honekin ere.

Baina nor izan zen Miquel Utrillo, Rusiñolek hiru aldiz erretratatu zuen hura? Rusiñolek berak azalduko digu: «Utrillo, La Vanguardia egunkariko gremioko idazlea, Parisko auzo hartako zoritxar, borroka eta neke guztien derrigorrezko kuxkuxeroa zen; gertakari horien berri ematen zuen alanbre bidez, edo antzara-lumarekin, edo altzairuarekin, pergamino ilustratuan; batxilerra, hiri honetako ikasgela eta sorbonetan ikasitako kimikaria; bide, meatze eta ur-baratzeetako ingeniaria; gizon letratu eta piktorikoa; kanpotik ahula izan arren, barrutik ondo aukeratutako eta digeritutako hitzez eta zientziaz beteta zegoen, jarrera oneko erudiziozko txatalez eta zatiz osatuta» («La casa de París», Fulls de la Vida, Bartzelona, 1898). Azken batean, pertsonaia polifazetiko aparta, zeinekin Rusiñolek eta Ramon Casasek apartamentua konpartitu baitzuten Parisen, hain zuzen ere Moulin de la Galette delakoan, 1890-1891ko neguan. Mihisea garai hartakoa da, eta 1891ko Parisko Aretoan aurkeztu zen jendaurrean lehen aldiz, «Michel» izenburuarekin. Handik gutxira, Bartzelonan aurkeztu zen, Rusiñolek, Casasek eta Enric Clarasó eskultore eta adiskideak Parés Aretoan egin zuten lehen erakusketan.

Garai hartako beste margo batzuetan bezala, eta bertan beste jarduerarik egiten ez bazen, Rusiñolek Moulin de la Galetteko parkea erabili zuen konposizioaren atzealde gisa. Kasu honetan, protagonista ukaezina Utrillo da: gorputz osoa agertzen zaio, albotik; gainera, ezkerreko eskuan paper batzuk ditu, kazetaria dela adierazi nahian. Islatu nahi den eszenarekin konparatuta, margolaria leku garai samar batean dago kokatuta, eta ezin hobeto lortzen du erretratatua bere inguru bizian integratzea. Azkenik, nabarmendu behar da oso modu zehatzean tratatutako landareak ere agertzen direla lehen planoan. Garai hartan, artistak maiz erabiltzen zuen baliabide hori, eta elementu arkeologikoak ere sartu ohi zituen –kapitel bat edo emakumezko baten bustoa–. Izan ere, Rusiñolek beti izan zuen elementu mota horiekiko interes handia. Kolorearen tratamenduari dagokionez, beltzaren nagusitasuna eta zurien erabilera estrategikoa aipatu behar dira; modu horretan, ikuslearen begirada sigi-saga bideratzen da, lehen planotik hasi eta konposizioaren atzealderaino.

Arte Modernoaren Bilduma, MNAC


Irudian:
Santiago Rusiñol (Bartzelona, 1861—Aranjuez, 1931)
Miquel Utrilloren erretratua(zatia), 1890-1981
Olioa mihisean, 222,5 x 151 cm.
Museu Nacional d'Art de Catalunya, Bartzelona (MNAC)


Babeslea:

Miquel Utrilloren erretratua

ERAKUSKETAREN EDUKIA: Miquel Utrilloren erretratua

Zerrendara itzuli