X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Loreak pintatzearen generoak XVII. mendean izan zuen bere unerik gorena Europan, eta hala ikus daiteke gai hori jorratzen duten lan ugari eta bikainetan. Espainiako gorteak ere asko estimatzen zituen margo horiek, eta zale ugarik bildumatzen zituzten. Espainian natura hilak pintatzen zituzten margolari handien artean, beharbada, Juan de Arellano madrildarra izan zen maisutasun eta ospe handiena lortu zuena, eta, 1645etik aurrera, gai horri eman zion bere talentu osoa, pintura erlijiosoan eta figuretan ere ibili ostean. Edozelan ere, azken bi gai horietan ez zen hain trebea.

Santander bildumakoa den Natura hila loreekin honetan, Arellanok konposizio berritzailea darabil bere ohiko koadroekiko; izan ere, normalean lore-sorta bakarra pintatzen zuen, baina honetan hiru egin zituen, hiruki formako eskema orekatu bati jarraituz, Daniel Seghers bezalako artista flandestarrek ezarritako eredu arrakastatsuen antzera. Lanaren beheko aldean, erdialdean, lorez betetako zumezko saskitxo bat ikus daiteke; bada, saskia ikuslearengana proiektatzen da, zeren eta margolariak harrizko horma baten irtengunean jarri zuen saskia, eta irtengunea idulki gisa agertzen zaigu. Beste bi sorta bolutaz eta txirla batez apaindutako grisailadun erlaitz moduko batetik daude zintzilik; Arellanok beste lan batzuetan ere sartu zituen horrelako elementu arkitektonikoak. Loreen artean, arrosak, tulipa zerrodunak, lilipak, alezuriak, irisak, peoniak, krabelinak, anemonak, kuku-belarrak eta zenbait tximeleta ikus daitezke. Atzealdea ilun dagoenez eta loreen gainean, ia modu zenitalean, argi-iturri indartsua agertzen denez, loreak indar biziz nabarmentzen dira.

Mihise hau beheko aldean dago sinatuta, eta bikotea osatzen du oso-oso antzekoa den eta tankerako neurria duen beste lan batekin; hain zuzen ere, beste lan hori Loreontzia eta girlandak deitzen da. Koadro bien "oparotasuna eta sentsualtasuna" kontuan hartuta, Alfonso Pérez Sánchezek bi lanok elkartu zituen Arellanori buruz Madrilen antolatu zuen erakusketa batean, 1998an; izan ere, Pérez Sánchezen ustez, egilearen konposiziorik "aberats eta erakargarrienetakoak" dira, eta, "erritmo eta kolore aldetik, batasun perfektua" osatzen dute. Historialariaren arabera, Arellanok 1650-1660an egin zituen lan hauek, margolariaren ibilbidean "bereziki ona" izandako une batean, alegia. Hori dela eta, Bilboko Arte Ederren Museoaren jabetzakoa den eta 1671n datatuta dagoen Loreen saskitxoa lan bikaina baino hamarkada bat lehenagokoak dira aipatutako bi lanak. Hain zuzen ere, Loreen saskitxoa areto honetan bertan ikus daiteke, eta, horrela, Urrezko Mendeko lore-margolaririk garrantzitsuenaren bilakaera konparatu daiteke, bere ibilbideko bi aro aztertuta.

Natura hila loreekin izeneko koadro hau eta bere bikotekidea Moreteko markesaren bildumakoak izan ziren, eta Loreontziak eta natura hilak erakusketan egon ziren, Madrilen, 1935ean.

Juan de Arellano (Santorcaz, Madrid, 1614-Madrid, 1676)
Natura hila loreekin, c. 1650-1660
Olioa mihisean, 122 x 101 cm
Santander bilduma, Madril


Babeslea:

Natura hila loreekin

ERAKUSKETAREN EDUKIA: Natura hila loreekin

Zerrendara itzuli