X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

2009ko irailaren 21etik abenduaren 13ra, Bilboko Arte Eder Museoak Ordóñez-Falcón bildumako 47 argazki aurkeztuko ditu (1852 eta 1913. urteen artekoak, denak ere). Hain zuzen ere, argazki horiek Museoaren funtsetan sartu dira duela gutxi, 5 urterako gordailu gisa.

Aipatutako sorta berriaren bitartez, osatu egiten da bilduma ospetsu honek 2007an lagatako 61 argazkiz osatutako multzoa, zeinarekin erakusketa bat egin baitzen 2008ko udan. Gordailu biek XIX. mendearen bigarren erdialdeko eta XX. mende hasierako argazkigintzaren aitzindari eta maisuen lagin bikaina osatzen dute. Guztira, 1845 eta 1930. urteen arteko 108 argazki dira.

Oraingoan, zenbait argazkilarik egindako 47 argazkiei esker —besteak beste, Olympe Aguado kondea, Emil Mayer eta Ernest James Bellocq, edo zenbait argazki estudio, tartean Jean Laurentena edo Atelier Nadar izenekoa—, argazkigintzak XIX. mendean zehar nolako bilakaera izan zuen ikusi ahal izango da. Hori horrela, bisitariak balio tekniko edo artistiko eta garrantzi historiko izugarriko hainbat argazki aurkituko ditu; esate baterako, Victor Hugoren erretratuaren ale bitxia (Charles-Victor semeak 1852-1853 inguruan egindakoa) edo, adibidez, Muybridgek mugimenduan zegoen giza gorputzari ateratako argazkiak, Francis Bacon margolariari hainbeste interesatu zitzaizkionak. Ikusgai jarritako argazkiek gai eta teknika asko dituzte —paisaiak, hiri ikuspegiak, lore eta landareak, erretratuak, natura hilak, eszena kostunbristak, irudi dokumental eta zientifikoak, eraikin historikoak—, eta, modu horretan, XIX. mendearen erdialdetik aurrera argazkigintzak izan zituen erabilerak ulertu daitezke.

 

Argazkigintzaren aitzindariak II (1852-1913)

Gordailu berriaren barruan, argazkigintzaren historian funtsezkoak diren egileak daude; besteak beste, Aguado kondea, Édouard-Denis Baldus, Adolphe Braun, Félix Bonfils eta Robert Burrows. Hori horrela, aipatutako argazkilarien lanak gehitu egingo zaizkie Talbot, Baldus edo Cliffordenei, azken horien argazkiak aurreko gordailuan zeuden eta. Guztira, ehun argazki baino gehiagoko gordailua egin zaio Museoari, 5 urterako. Beraien bitartez, argazkigintzaren hasierako urteen espiritua jaso nahi da. Garai haietan, diziplina honen garapen teknikoa lortu nahi zen, hizkera artistiko gisa aintzat hartua izan zedin.

Braun eta Aguadoren irudi ederrekin batera, garai hartako bidaiari handien lana dokumentatzen zuten Bonfils eta Fiorilloren argazkiak daude, adibidez. Beste alde batetik, Charles Famin, Robert Burrows eta Adolphe Braun estetika propioa lortzen saiatu ziren, lehen aldiz. Charles Furnek, berriz, paisaien argazkiekiko interesa agertu zuen.

Léon Crèmièreren argazkiek eta Charles-Victor Hugok 1852an egindako argazki ez lar ezagun batek (non Victor Hugo idazlea agertzen baita, irakurketan murgilduta) ―erakusketako piezarik harrigarrienetakoa da― ondo erakusten dute zelako aukerak ematen dituen argazkigintzak, erretratuei dagokienez. Charles Clifford eta Jean Laurenten lanek hainbat saiakera tekniko erakusten dituzte; besteak beste, albumina-paperetan kopiatutako kolodionezko negatiboen erabilera. Pau Audouardek ere teknika bera erabili zuen, Bartzelonako portuari buruz egin zuen album ezagunean. Oso bestelakoak dira Jean Laurent, Carlo Ponti eta Giorgio Sommerek ateratako paisaia bikainak eta jende herrikoia erakusten duten argazkiak. Argazki horiei esker jakin dezakegu argazkigintza XIX. mendearen bigarren erdialdean gizarte burgesean izaten hasi zen garrantzia, nolako garapena izan zuen industria gisa, eta zeinen garrantzitsua den oroitzapenerako iturri gisa. Argazkigintzaren historiako funtsezko garai hartako zenbait estanpa esanguratsu daude; esate baterako, Victor Hugoren erretratu klasikoa, Paul Nadarren tailerrean egindakoa; Venezia, Kordoba eta Bresteko ikuspegiak, Carlo Ponti, Laurent eta Ch. Furnek ateratakoak; Bonfilsek, 1880an, Jerusalemgo Erosten Harresian ateratako irudi bidaiariak; XX. mendearen atarian, Eugène Atgetek egindako estanpa paristar nabarmen bi; eta erreportaje grafiko europar hasiberriaren lagin aipagarria, Emil Mayerrek Vienan egina. Erakusketa XIX. mendeko esperimentazio tekniko eta zientifikoen irudi bereziekin osatzen da, E. Muybridgek eta A. Tournachonek eta Duchenne doktoreak eginak. Era berean, erakusketan bertan E. J. Bellocqek 1911. urtean New Orleanseko burdel batean egindako album ezagunetik hartutako erretratu txundigarrienetako bat ikus daiteke.

 

Ordóñez-Falcón bilduma

Ordóñez-Falcón bilduma, nazioarteko argazki bilduma pribaturik garrantzitsuenetakoa, 80ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Enrique Ordóñez bildumagile donostiarrak familiatik jaso zuen legatu baten −besteak beste, Cartier-Bressonen argazki bat zegoen bertan− eta bere emazte Isabel Falcónekin konpartituko zuen pasio baten ondorioz; irudiaren munduarekiko pasioa, alegia.

Argazki bilduma honen zati bat Espainiako zenbait museotan dago gordeta (Gasteizko Artiumen, Bartzelonako MACBAn, Valentziako IVAMen, Santiagoko Arte Garaikidearen Zentro Galegoan), eta bildumak arte diziplina honen historia osoa hartzen du, bere erakargarritasun handiena irudien izaera originala −kopia guztiak garaikoak dira− eta hautaketaren kalitatea izanik. Guztira, bilduman 1.500 obra baino gehiago daude. Lan horiek garai, joera eta teknika mota guztietakoak dira, eta argazkigintzaren historiako autorerik garrantzitsuenek egindako obrak dira, hasi XIX. mendeko aitzindarietatik (Talbot edo Southware & Hawes, adibidez) eta artista garaikideetara heldu arte (Cindy Sherman edo Zhang Huan, besteak beste). Bilduma hiru corpusetan bana daiteke: XIX. mendeko maisuak, gerra arteko abangoardiak, eta argazkigintza garaikidea eta bideoa.



Irudian:
Dr. Emil Mayer (Bohemia, Txekiar Errepublika, 1871 - Viena, 1938)
Viena. Praterean bizitza. Baztertuak (zatia), 1908
Zilarrezko gelatinobromuroa, 8,9 x 8,1 cm
Ordoñez Falcón bilduma


Laguntzailea: Fundación Centro Ordóñez-Falcón de Fotografía

Ordóñez-Falcón Bilduma (1852-1913)

Zerrendara itzuli