X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Museoak Otl Aicher diseinatzaile grafiko alemaniarrari eskainitako nazioarteko lehen atzera begirako erakusketa handia aurkezten du, HfG-Archiv Ulmetik (Ulmeko Diseinu Goi Eskolako Artxiboa) (Alemania) etorritako berrehun obra eta objektu baino gehiagorekin. Horien artetik nabarmentze koak dira Metro Bilbaorako proiektuaren 80 marrazki argitaratu gabeak eta Norman Foster Foundationen artxibotik ateratako dozena bat marrazki eta argazki, Foster eta Aicherren arteko lankidetzaren emaitza.

Halaber, museoak lehen aldiz aurkezten duen diseinuari buruzko erakusketa monografikoa da, zeina Metro Bilbaoren 25. urteurrenaren –azaroaren 11n– karietara antolaturiko ekimena den. Hain zuzen, Metro Bilbao 2001az geroztik da museoaren Patronatuko kide. Metro Bilbao da Aicherren ibilbideko proiektu nagusienetako bat, eta museoak lan hori aldarrikatu nahi du orain, hiria aldatzeko gai den diseinuaren eredu paradigmatikoa baita –kasu honetan, lurpetik–, bai eta hiritarrek hura ulertzeko modua aldatzekoa ere.

Erakusketak, hau mugarri bat da diseinu grafikoari buruzko erakusketei dagokienez, Aicherren beste lan ospetsu batzuk ere erakutsiko dira: Braun etxearenak, Municheko Olinpiadak '72, Bulthaup edo Isny Allgäurenak, eta Rotiserako, bizileku eta lantoki bihurtu zuen nekazaritzako gune zaharrerako, egindako arkitektura proiektuen material berriak, argitaratu gabeak horiek ere.

Europa erdialdeko diseinu grafikoaren tradizioaren oinordekoa da Aicher. Erretikulak erabiltzen ditu espazioa egituratzeko, eta askatasunez aplikatzen du sistema hori; ordena geometriko bera azpiratzen du konposizioak hala behar duenean, diseinu egituratu baina bisualki aktibo bat sortzeko. Zorroztasunaren eta askatasunaren arteko konbinazioak, batetik, eta Ulmeko eskolatik Josef Albers edo Alexander Klugeren mailako intelektualekin inplementatzen duen harreman ehunak sustatutako garapen intelektualak, bestetik, aparteko diseinatzaile bihurtzen dute Aicher

1980ko hamarkadatik aurrera, Aicherrek Norman bere lanaren argitalpenetan egin zuen lan Norman Fosterrekin, honen arabera, “diseinuaren alorreko pertsona ospetsuenetako bat” zen. Harreman horren ondorioz, 1988-1989 urteetan Metro Bilbaoren irudi korporatiboa egiteko agindua eman zitzaion. Proiektua arkitekturaren eskutik sortu zen, eta hiria zein Euskadiko kulturari eta paisaiari buruzko ikerketak dira haren komunikazio sistema definitzen duten elementuak. Otl Aicherren ibilbideko lan nagusietako bat da hori, Munich '72 eta Bulthaupe etxearentzat egindako lanekin batera.

Gillermo Zuaznabar izan da erakusketaren komisarioa. Universitat Rovira i Virgili (Tarragona) unibertsitateko Artearen eta Arkitekturaren Teoriaren Saileko ikertzailea eta irakaslea da Zuaznabar. Horrez gainera, bera arduratu da katalogoaren edizioaz –euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez–, zeinak balio handiko ekarpena egiten duen Otl Aicherri eta europar diseinu grafikoari dagokionez.


Otl Aicher (1922-1991)

Otl Aicher (1922-1991) XX. mendearen bigarren erdiko europar diseinatzailerik erabakigarriena da. Inge Schollekin –bere emaztea– eta Max Billekin –artista eta arkitektoa– batera, 1953an Hochschule für Gestaltung Ulm (HfG, Ulmeko Goi Mailako Diseinu Eskola) sortzen du; 1956tik 1958ra Tomás Maldonadorekin eta Hans Gugelotekin batera zuzentzen du hura eta, 1962tik 1964ra bitartean, berriz, berak bakarrik. Bai HfG Ulm, bai Ulmer Volkshochschule (Ulmeko Herri Unibertsitatea), Aicherrek eta Schollek 1946an sortua, nazien erregimenek alemaniar eta europar hiritarrei eragindako kalteak konpontzeko ekintza kultural bezala jaio ziren.

Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta paisaia erakusketak Otl Aicherrek metroaren irudia konfiguratzeko prozesuan egin zituen marrazki argitaratu gabeen zati garrantzitsua erakusten du lehen aldiz. Norman Fosterrek pentsatutako azpiegitura eta Aicherrek diseinatutako identitate korporatiboa diseinuaren, hirigintzaren eta arkitekturaren arteko lankidetzaren adibide eredugarriak dira. Aicherrek gizartearen eraldaketa ekonomiko eta kulturalerako bitarteko gisa ulertzen du diseinua. Metro Bilbaorekin batera, beste proiektu batzuk aurkezten dira, non paisaiak eta arkitekturak bere lanaren subjektu diren. Metro Bilbaoren 25. urteurrena ospatuko dugu, diseinatzaile alemanak 1988an proiektatutako hiriaren eraldaketari aitorpena eginez.


Erakusketa-ibilbidea

Gehen in der Wüste

Gehen in der Wüste liburuak (1986) Otl Aicherrek Saharan zehar oinez egindako bidaia kontatzen du. Haren testuarekin batera doazen argazkiek hain paisaia ederrak erakusten dituzte, non susma daitekeen bidaian bizitako esperientziek «erabateko» bizipena izan behar zutela Aicherrentzat. 2012an emandako hitzaldi batean, Yves Zimmermannek argitu zuen testuak agerian uzten duela inguruarekin duen harremana hain dela handia, ezen ezin duen burutik kendu egoera bakoitzean zer behar den: zapatak, arropa, materialak, babesa, janaria, edaria. Aicherrek zorrotz aztertzen du jantzita daraman edo motxilan daukan guztia, objektu, tresna edo arropa bakoitzaren ontasunaren eta eraginkortasunaren mendekoa ere izan baitaiteke bere bizia.

Guillermo de Ockham

Wilhelm Vossenkuhl katedradunarekin batera, Aicherrek proiektu berezia egin zuen 1986an: Guillermo de Ockhami buruzko erakusketa. Aicherren arabera, Ockham zientzia modernoaren lehen pentsalari eta diseinatzaileetakoa da; harekin, pentsamenduak «abstraktua dena alde batera utzi zuen eta konkretura bideratu zen». Neus Moyanok erakusketaren katalogoan azaltzen duenez, Aicher Erdi Aroko pinturan eta arkitektura gotikoan inspiratzen da. Panel bakoitzak ordena estruktural eta semantiko bera errepikatzen du: narrazioa ordenatzen duten lau banda. Axonometria eta isometria hiriak eta paisaiak airetik irudikatzeko erabiltzen dira, eta baliabide hori Metro Bilbaoren proiektuan ere erabiltzen du.

Braun

1960ko abuztuan, Otl Aicherrek eraikuntza-sistema industrializatua diseinatzen du. Dokumentuak 91 lamina ditu, esku hutsezko marrazkiekin eta landare-paperaren gainean mekanografiatutako testuekin ilustratzen direnak. Ariketa pertsonala den arren, xehetasunez egina dago eta haren eraikuntza balioetsi daiteke. Sistema Braunentzako pabiloietatik abiatuta egiten du; 1955ean, Hans Gugelotekin batera, estalkidun azoka-esparruetarako proiektatzen du hura –erakusketan dago– eta, 1959an, berriz, kanpoaldeetarako. Ziurrenik, Aicherrek Braun konpainiari eskaintzeko garatzen du; izan ere, garai hartan, Braun bere langileentzako auzo bat eraikitzeko ideia aztertzen ari zen Frankfurten, Roter-Hang-Siedlung.

Rotis

1968an HfG Ulm itxi eta 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetarako lanen aurreikusitako amaieraren ondoren, 1970ean Otl Aicherrek bere familiaren bizilekua eta lantokia ezartzeko toki berria bilatzen du. Rotisko errota, bere erabilera ugariekin, diseinatzailearentzat etorkizuneko konpainiari buruzko bere kontzepzioaren paradigma da. Komunikazio bisualaren esparruko hainbat diziplinatako profesionalak bertan biltzeko ideiari ekiten dio. Rotisen, Aicherrek errota eta ukuiluak birmoldatzen ditu (1972) eta itxura industrialeko sei eraikin berri proiektatzen ditu: bere estudioa eta argazkigintza estudioa (1972), planta energetikoa (1973), garajea (1978), txabola txikia eskultura-estudio bezala (1985) eta azkenean eraikitzen ez duen eta proiektu gisa geratzen den estudio bat (1976).

Rotis Aicherrek, ERCOren diseinu korporatibo berritik abiatuta, 1988an diseinatutako tipografiaren izena ere bada. Horren bidez, groteskoen eta erromatarren familien arteko zubia sortzen saiatzen da. Horrela, tipografiak bi bitarteko estilo garatzen ditu: semi-groteskoa eta semi-erromatarra. Metro Bilbaorako, 65eko (erdi lodia) edo 55eko (normala) Rotis semi-groteskoa erabiltzen du.

Isny Ällgau

1979an, Otl Aicherrek sustapen-materialak diseinatzeko enkargua jaso zuen Ällgau eskualdeko turismo-bulegorako; eskualde horretan dago Rotis. Inguruan zehar ibilaldiak eginez, zuri-beltzeko 80 marrazki biltzen dituen albuma prestatu zuen. Jendearen, animalien, landareen, eraikinen eta paisaien eskemek osatzen dute saila. Zuri-beltzeko grafikoen bidezko sustapen turistikoak agerian uzten du Aicherren erradikaltasuna, baina sistema eraginkorra dela erakusten du aldi berean, marrazkiek argi eta garbi jasotzen baitituzte Ällgauko paisaia eta kultura. Marrazkiak funtsezkora murrizteak aukera ematen du horiek hainbat formatutan eta hainbat hamarkadatan erabiltzeko. Gainazal garbien zuri-beltzak paisaien eta objektuen koloreak irudikatzera gonbidatzen du, erretinan eta oroimenean inpresio handia sortuz.

Metro Bilbao

1988ko martxoan, Norman Fosterrek Bilboko metroa eraikitzeko lehiaketa irabazten du. Proposamenaren paneletan dagoeneko metroaren seinalea agertzen bada ere, behin lehiaketa esleituta, Otl Aicherrek urte bereko udazkenean «azterketa osagarri» bat egin zuen bere diseinua definitzeko. Berrehun bat laminak osatzen dute, Bilboko metropoli-eremuko historia, heraldika, kultura eta formak grafikoki aztertzen dituztenak, baita eskuz idatzitako hainbat gogoetak ere. Argitaratu gabeko lan hau aurkezteko, 59 lamina aukeratu ditugu, lau multzotan antolatuta.

Kalitate grafiko paregabeaz gain, diseinatzailearen lan-metodoaren adibide ona da azterketa; izan ere, metrorako seinaleak eta informazio-sistema definitzeko, lan egingo duen hiriko ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren diagnosia egiten du. Prozesu hori azken diseinuak izango dituen ondorio ekonomiko, sozial eta kulturalen kontzientzia argiaren gainean egiten du.

Lufthansa

1962an, abiazio zibileko konpainiak HfG Ulmeko E5 garapen taldea, Otl Aicherrek eta Hans Gugelotek zuzendua, kontratatzen du bere irudi korporatiboa berritzeko. Proiektuak Lufthansaren elementu esanguratsu guztiak konfiguratzen ditu: logotipoak, seinaleak, paper-gauzak, txartel-zorroa, baxera, uniformeak... 1974tik 1984ra bitartean, Rotisen dagoeneko, Aicherren bulegoak enpresaren promozio-argitalpenak eta -kartelak diseinatzen ditu. Lankidetza horren emaitza da Im flug über Europa [Europa gainean hegan] katalogoa. Argitalpena kontinentearen historia eta kultura ospatzen duten hiri eta paisaietako goitik ikusitako argazkiek osatzen dute. Aireko argazkigintza Aicherrek Metro Bilbaoren proiektuan (1988) erabiliko duen baliabidea da, bai hiri zaharra irudikatzeko, bai aztertzeko.

1972ko Municheko Olinpiar Jokoak

1967an, Otl Aicherrek Municheko Olinpiar Jokoen komunikazio sistema diseinatzeko lehiaketa irabazten du. Batzorde antolatzaileak eta diseinatzaileak berak Mendebaldeko Alemaniaren irudi berria eskaintzea dute helburu. Bertikalak eta horizontalak saihesten dituzten dinamismo handiko irudien gaineko jai giroko kolorea, lerro «zikin» kurbatuen eta norabide zeiharren argazkiekin, ekitaldiaren eta herrialdearen irudi bizia helarazteko erabiltzen da. Koloreak olinpiar ikurretik hartzen dira, baina Aicherrek gorria eta beltza erabiltzea ekiditen du, horiek zirelako, zuriarekin eta urre-kolorearekin batera, hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarkadetako aleman gizartearen kolore nagusiak, baita 1936ko Berlingo jokoenak ere.

ERCO

ERCOren enkarguz, 1975etik 1978ra bitartean, Otl Aicherrek 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetarako diseinatutako piktograma sistema garatzen du, konpainiak oraindik merkaturatzen duen eraikin eta espazio publikoetarako komunikazio-sistema bihurtzeko. Municheko piktogramak 1967an egin ziren, Matsuri Katsumik 1964ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako egin zuen lanetik abiatuta. Katsumi eta Aicher, aldi berean, Otto Neurath, Marie Reidemeister eta Gerd Arntzen Wiener Methode der Bildstatistik (1925-1934) [Ikusizko estatistikako vienar metodoa] delakoaren zordun dira. Sistema hori ekonomiaren eta soziologiaren datu eta kontzeptu konplexuak klase herrikoiei helarazteko pentsatua izan zen, zeinuaren eta irudikapenaren arteko erdibidean dauden Isotype izeneko figurekin.

Bulthaup

Laurogeiko hamarkadaren hasieran sukalde fabrikatzaile bat Rotisera doa Otl Aicherri bere enpresa txikiaren irudi korporatiboa eskatzera. Diseinatzen hasi baino lehen, Aicherrek sukaldaritza zer den ikertzea proposatzen du. Helburua XX. mendeko bigarren erdialdeko sukaldaritza berriak nolakoa izan behar duen ulertzea da. Landa-sukaldeak marrazten ditu, Erdi Arokoak, grande cuisineko jatetxe burgesetakoak, Ernst Mayren Frankfurteko sukaldea, bai eta horiek hornitzen dituzten objektuak eta ehunak ere. Gaur egun ospetsuak diren Bulthaup sukaldeak Die Küche zum Kochen: das Ende einer Architekturdoktrin (1982) [Sukaldean aritzeko sukaldea: doktrina arkitektoniko baten amaiera] liburuan jasotako ikerketa horren emaitza dira.

Activismo

Hala HfG Ulm (HfG, Ulmeko Goi Mailako Diseinu Eskola) nola Ulmer Volkshochschule (Ulmeko Herri Unibertsitatea) erregimen naziek Alemaniako eta Europako gizartean eragindako kalteei aurre egiteko ekintza hezitzaile eta kultural bezala jaiotzen dira. Otl Aicherrek gizartearen eraldaketa ekonomiko eta kulturalerako tresna gisa ulertzen du diseinua. Diseinuaren morala garatzen du eta bere konpromiso politikora ere eramaten du, Alemaniako alderdi sozialdemokratari babesa emanez eta ekologiaren eta erasorik ezaren aldeko hainbat ekintzen bidez.

Sophie y Hans Scholl

1943ko otsailaren 22an, Hans eta Sophie Scholl anai-arrebak, Christoph Probstekin batera, gillotinara kondenatzen dituzte epaiketa sumarisimo batean aberriari traizio handia egiteagatik. Haien delitua Hirugarren Reicharen potentzia osoari beren esku biluziekin eta ziklostil batekin aurre egitea da, Hitlerren eta haren gerren aurkako aldarrikapenak erreproduzituz eta banatuz. Scholltarrek eta Probstek 1942an Municheko unibertsitatean sortutako Die Weiße Rose [Arrosa Zuria] erresistentzia taldea osatzen zuten.

Inge Schollek eta Otl Aicherrek hildako anai-arreben eta lagunen oroimena ohoratzeko modua bilatzen dute, nazien ideologiaren pean hazi diren eta, neurri handi batean, jazarpenaren eta exekuzioen konplize izan diren bizilagunen hezkuntza baino «monumentu» eraginkorragorik ez dagoela ulertuta. Horrela, 1946an Ulmer Volkshochschule eta 1951n Hochschule für Gestaltung Ulm sortzen dituzte.

1985ean, Otl Aicherrek txabola txiki bat eraikitzen du Rotisen, estudioen barrutitik eta bere etxetik pixka bat banandua, eta han 1946an bertan behera utzitako eskulturaren praktikari ekiten dio ezkutuan. Bertan modelatzen ditu Sophie eta Hans Schollen bustoak 1991ko abuztuaren 26an, hil baino egun batzuk lehenago.

 

Hitzaldiak online


Erakusketaren komisario den Gillermo Zuaznabarrek bi hitzalditan azalduko dizkigu Otl Aicherren lanaren hainbat ikuspegi.

“otl aicher: was ist bilbao? proyecto metro bilbao” hitzaldian, Aicherrek 1988 eta 1991 urteen artean egindako azterketa osagarria aurkeztuko da, zeinetan diseinatzaileak hiriari buruz zuen ikuspegia eta proposatu zituen konponbideak hauteman daitezkeen.

Bestetik, “otl aicher: mundo, vida y diseño” hitzaldian, Aicherrek bere gizarte-konpromisoaren ondorioz diseinuaren arloan garatu zuen morala azalduko da. Bere lanbidearen bidez, diseinatzaileak bere auzkoen, diseinuen erabiltzaileen eta Alemaniako gizartearen bizitzak eraldatzen lagundu zuen. Hitzaldian, Aicherren lan- eta bizi-ibilbidearen alderdi erabakigarri hori azalduko da. 

Abenduaren 4 eta 11tik aurrera YotuTubeko gure katean.

 

Babeslea:
Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta paisaia

Zerrendara itzuli