X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Barne-izaerako pintura kabinete honek margolari baten egongelaren barrualdea erakusten du. Diseinu klasikoko arkitektura noblekoa da, eta atlanteek eutsitako neurri handi samarreko tximinia nabarmentzen da. Horren aurrean, Magdalenaren Jasokundea eta Deidamiaren bahiketa irudikatzen duen mihise eder bat daude. Lehen planoan, zenbait liburuk, esfera batek eta buru klasiko baten eskulturak pertsonaiekiko distantzia areagotzen dute. Atzeko aldean, konposizioa zentratuz, Senekaren heriotza irudikatzen duen koadroa dago, eta koadroaren albo banatan, Gurutziltzaketa eta Erregeen adorazioa. Azken horren aurrean, mentsula baten gainean, enperadoreen buruen eta atleta baten eskulturak ageri dira.

Eskuineko mahaitxoaren kutxan agertzen den Frans Francken sinadura, “D ou F. Franck”, artistak bere aita, Frans Francken Zaharra (1544-1618) zendu zenetik erabiltzen duena da. Estiloa Frans Fracken Gaztearena da. Frans Fracken Gaztea Jan Brueghel de Veloursen eta garai hartako beste margolari batzuen ohiko lankidea zen. Estilo hori zaila da identifikatzen, pintzelkada bigun eta arinaren erabileraren ondorioz, baina ukitu beltz berezia islatzen du pertsonaia batzuen begietan, ohikoa artistaren lan egiteko moduan. Margolariaren aurpegiak, hazpegi indibidualizatuekin, erretratua dela erakusten du, artistarena berarena, seguru asko. Izan ere, haren fisonomiak Van Dyckek egin eta Pierre Jodek grabatutakoa ekartzen du gogora.

Lehen planoan antzinako eskulturako buru bat marrazten ari den gaztea ez da ustekabeko betegarria, sinbolismo jakin bat transkribatzen baitu: ikastunak margolari nobleengandik hurbil eta euren tutoretzapean daude, euren eskulanekin. Maisuaren eta artisauaren arteko diferentziak agerikoak dira, eta, beste ikuspuntu batetik ikusita, ezagutzaren grina xede zuen ideal humanistarekin loturiko irudia da.

Artista marrazten ari den modeloa biluzik dagoen neska gaztea da; esku artean belo gorria du, eta oinak bola baten gainean jarrita ditu, pertsonifikatzen duen Zoriaren ezegonkortasunaren sinboloaren gainean, hain zuzen ere; zori zalantzagarriari eta gizakiaren aldagarritasunari egiten die erreferentzia, eta, agian, modu berezian, artistarenari.

Konposizioaren ezkerraldean irudikaturik dauden grabatuen liburuak horien erabileraren motibo adierazgarriak dira, eta euren edukia, berriz, gaien inspirazio, mihisetan erakutsitakoak margolariaren prestakuntza humanistaren emaitza diren bezala. Beraz, artisau-ekintzaren eta jakintza humanisten arteko bereizketa dago. Liburuak eta Lurra Zientzien eta Arteen bat-egitearen sinbolo dira, eta margolaria, ederki asko jantzita, prestigioren sinbolo da.

Erdiko pinturak Senekaren heriotza irudikatzen du, bizitza heriotzaren prestaketa gisa ulertu eta giza loriarekiko asperkizuna erakutsi zuen pentsalariarena. Lurreko gauzen hutsalkeriaren ideia islatzen du; motibo hori tximiniaren goiko aldean dagoen Kreso eta Solon lanean errepikatu du. Hauxe da, seguru asko, pinturaren mezua: dena da heriotzarako bide eta inozoa da giza loria Senekaren doktrinan. Garai hartan oso sustraiturik zeuden sentimenduak ziren horiek, eta Rubensek zabaldu egin zituen bere pintzelen bitartez.

Texto: Matías Díaz Padrón
Belgikako Arkeologia eta Historiako Errege Akademia



Frans Francken Gaztea (Anberes, 1581–1642)
Pintorearen kabinetea, c. 1623
Olioa oholean. 54 x 69 cm
Bilduma partikularra, Areeta (Getxo)

Babeslea:

Pintorearen kabinetea

Zerrendara itzuli