X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Bideoartea Sortzeko MULTIBERTSO Beka
BBVA Fundazioa - Bilboko Arte Ederren Museoa (2018ko deialdia)

BVA Fundazioaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko 2018ko Bideoartea Sortzeko MULTIBERTSO Beka ospetsuen testuinguruan egina, Queer eramaileak: doblea eta errepikapena lana Ana Laura Aláez artistaren (Bilbo, 1964) azken bideo-sorkuntza da.

Lana (2020an egindako 15 minutu eta 39 segundoko bideo bat) gaur aurkeztu du lehen aldiz artistak berak museoko 32. aretoan -eta han ikusi ahalko da irailaren 5era arte-, Juan Pujol, zuzendariaren ondokoa eta Komunikazio Sozioekonomiko eta Kulturaleko zuzendaria; Bilboko Arte Ederren Museoaren Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzaile Miriam Alzurirekin; eta Museoaren zuzendari Miguel Zugazarekin batera.

Euskadin jaso zuen prestakuntza 80ko hamarkadaren bigarren erdian, eta haren lehen lanek «Euskal Eskultura Berriaren» aurreko belaunaldiak planteatutako gaien bereganatze-prozesu bat erakusten dute; aldi berean, genero-ikuspegiarekin lotutako elementu zuzentzaileak sartzen dituzte, material eta estrategia prozesualak erabiliz, tradizioz eskulturaren berezkotzat jotakoez gain. Artistak berak dio oraindik ez dakiela zer esan nahi duen «eskultura» hitzak, eta hain zuzen ere horrek, ez jakiteak bultzatzen duela lanean jarraitzera.

2001ean, Estrella de Diego historialari eta arte-kritikariak Aláez aukeratu zuen Javier Pérezekin (Bilbao, 1968) batera parte har zezan Veneziako 49. Bienaleko Espainiako pabiloian, eta 2013an Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria jaso zuen, bere ibilbide artistikoaren aitorpen gisa. Gaur egun, Azkuna Zentroan (Bilbo) «Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik» izeneko erakusketa monografiko handi bat dago ikusgarri, zeinetan Aláezen gaur egungo lanek eta aurreko beste lan batzuek elkarrizketan diharduten.

Queer eramaileak: doblea eta errepikapena lana 2019an zehar eta 2020 hasieran egin zuen, eta askotariko sailkapenak onartzen ditu, guztiak eta bat ere ez aldi berean: manifestua, musika-bideoa, performancea, egunerokoa, katalogo bisuala, trailerra... Obrak askotariko erreferentziak egiten dizkio dantzari, marrazkiari eta eskulturari. Pandemiaren agerpenak indarrez aldatu zuen jatorrizko gidoia eta Aláez proiektua eta haren garapena malgutzera behartu zuen; hala, beste aukera batzuk probatu zituen eta, amaierako edizioan, kapitulu guztiak askotariko sekuentzia-planoen continuum bisual bat bihurtu zituen, zeinetan musika lokailu bat eta hari gidari bat den.

Aláezek dio inoiz ez zaizkiola gustatu kategoriak: homosexualitatea, bisexualitatea, heterosexualitatea... Uste du gatazka beste bat dela. Harentzat, queer mugimenduarekin lotzen den sexu-identitatearen finkapen-falta hori berezkoa da. Ez da ezohikoa. Arauz «naturaltzat» jotzen dena da arraroa Aláezentzat. Lan honek queer delakoaren bere kontzeptu propioa dakar, hala bizitzan nola bere arte-prozesuetan. Bizitzeko jarrera jakin batera jotzen du iragate hori arinagoa izan dadin.

Lanaren soinuzko alderdia Daniel Holc alemaniar musikagileak egin du (Hanburgo, 1974); Ascii.Disko izenaz da ezaguna -musika elektronikoan eta esperimentazioan ospetsua da eta askotariko ezagutzak ditu soinuaren arloan- eta Stillstand (paralizatzea) musika-pista konposatu eta interpretatu du. Aláezen hitzetan, «proiektu bisual honen % 50 musika elektronikoko proiektu espezifiko batean oinarritzen da... euskarri ezin hobea da errepikapena, abstrakzioa, iraultza eta energia anarkikoa azpimarratzeko».

Bideoan musika elektronikoa sartzearen bidez, 2000 eta 2008 artean artistaren lanean oso elementu garrantzitsua izandakoa baina ordutik haren prozesu sortzaileetatik kanpo egondakoa berreskuratzen du. Hala, erritmo errepikakor horretan eta in crescendo horretan dago bideoaren xede guztia, hots, 4 minutu eta 48 segundo igaro arteko zatian, zeinetan interpretatzaileen erorikoak agertzen diren -New Yorkeko irristalariarena eta Bilboko performerrarena-. «I can't get away from myself» (ezin dut nigandik ihes egin) leloak nolabaiteko narrazioa sustatzen du.

Bideo-edizioko prozesuak artistaren aurreko beste bideo batzuk berriz bisitatzeko balio izan du, esaterako, The darlings (1999) eta Superficiality (2003). Eguneroko bizitzako ekintzen (oinez ibiltzea, motor bat gidatzea, skatean ibiltzea) edo ekintza sofistikatuagoen (koreografia butoh direlakoak eta performanceak) bikoiztasunaren eta errepikapenaren bidez, Queer eramaileak: doblea eta errepikapena lanak ekintza bakar bat konposatzen du, zeina parte-hartzaile guztiek errepikatzen duten eta azkenean emakumezko identitate anizkoitz bat eraikitzen duten, ikuslearen adimenean osatzen den pertsona bakar batean.

Etengabeko mugimenduan eta irmotasunez oinez doan pertsona bat, queer izateaz harro, hots, ezarritako genero-ereduetan bat ez datorren genero-identitate ez bitarrak irudikatzeaz harro. Batzuetan erori egiten da eta, lekualdatzean eta erorikoan, ikusleari genero-identitate horren galdera eta «arraro» izaera horren ziurgabetasuna helarazten dio.

Ekintzak gertatzen diren tokiak funtsezkoak dira bideoan. Hiri handien (New York, Tokio, Towada City), artistaren jaioterriaren (Bilbo) eta oraingo bizitokiaren (Mallorca) sinbolismoa, hain zuzen ere, artista bizi izan den edo lan egin izan duen tokietatik dator.

Tokion, Norihito Nishi, ezohiko artista bat, zeinak ordu eta erdiko butoh dantza-pieza bat egin zuen (butoh dantzaren gaiak hauek izaten dira: identitatea, genero-eraikuntza, sexu-joera, antsietatea, kaosa, gerraosteko gizarteari kritika, heriotzaren irudikapena, etab.). Tradizioa eta abangoardia nahasten dituzten norabiderik gabeko mugimenduak. Artistak dioenez, zati horren edizioa zaila izan zen, materialak balio handia zuelako. Azkenik, interpretatzailearen mugimendu moteletan arreta jarriko zuten plano laburrak erabiltzea erabaki zuen; badirudi mugimendu horien bidez gainerako performerrak gidatzen ari dela, urrutitik.

Aláezek Japonia iparraldeko Towada Art Center museoan erakusgarri duen Bridge of Light pieza iraunkorra Sayaka Mitomeren atzealdea da. Sayaka Mitome kimono tradizionala jantzia duen neska bat da, eta haren jantziaren zurruntasuna gainerako protagonisten mugimendu-askatasunaren erabat aurkakoa da. Halaber, ibiltzearen ekintza gertatzen da Tokion Kurasaki Akirekin eta Shen Ye Zhenekin. Japonian Harley Davidson Choppers motor zahar batzuk gidatzen dituzten eta Biker Girls deitzen diren emakumeen talde batekin jarri zen harremanetan. Asuka Akiyamak Tokio erdigunean gidatzen du, lurra bustita dagoela, ekaitz handi baten ondorengo gauean.

Bilbon, gela txiki batean, Amparo Badiolak, dantzaren mundutik etorririk, zenbait aldiz erortzeko ariketa bat egiten du. Jessica Bailey irristalaria -hau ere, motorista bezala, sare sozialen bidez aurkitua- New Yorkeko kaleetan zehar doa bere patineteaz, Lola Jiblazeeren, Hop Nguyenen eta Yess Gironen erabakitasun berberaz, eta aurretiko inolako estilismo-lanik gabe agertzen dira, beren berezko estetika pertsonalaz.

Azkenik, 9 minutu eta 36 segundo igaro direnean, musika-pista amaitzen da eta bideoa aldatzen da. Magdalena Planas artistak esprai batez lo dagoen saguzar baten irudiaren txantiloi bat margotzen du eta «Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik» esaldia gehitzen du (Madrilgo CA2M museoan egin zen erakusketaren eta, gaur egun, Bilboko Azkuna Zentroan ikus daitekeen erakusketaren bertsio zabalaren izena).

Aláezek honela laburbiltzen du bere lana: «Bideoaren egitura protagonisten lekualdatzeen batura da. Mugimendu horiek hasiera batean ez zuten inolako asmorik, baina, errepikatu direnez, funtsezko bihurtu dira. Etengabeko banatze horretan agertzen da ibilbidea eteteko beldurra, erortzeko ageriko aukeraren aurrean. Ibilbidea zaila, erortzea erraza. Eroriko horiek erakutsi nahi diren eta noraino erakutsiko diren negoziatu beharko da».

Queer eramaileak: doblea eta errepikapena bideoak «Music Video International Audience Award» kategoriako saria irabazi du Oberhausengo (Alemania) International Short Film Festival jaialdian, 2021ean.

 

 

Artistarekin topaketa

Asteartea, ekainaren 22a, 19:00etan, Auditoriumean (edukiera beteta)

Streaming bidez emango dugu gure YouTubeko kanalean

 

 

Babeslea:
Queer eramaileak: doblea eta errepikapena

Zerrendara itzuli