X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Banco Santander Fundazioaren babespeko Obra Gonbidatua Programaren 51. deialdian, Carmen Thyssen Málaga Museoko Raimundo de Madrazoren Mozorro-dantzaldiko irteera margolana (c. 1885) aurkeztuko da. Horrez gain, oso ondo dator Bilboko bildumagile batek dohaintzan eman berri duen Federico de Madrazoren Bernar kondesaren erretratua olio-pintura (1857) familia horretako kideen beste lan batzuk biltzen dituen erakusketa txikian testuingururatzeko: José de Madrazo (Santander, 1781-Madril, 1859), Federico de Madrazoren aita (Erroma, 1815-Madril, 1894); azken hori, gainera, Raimundo de Madrazoren (Erroma, 1841-Versailles, Frantzia, 1920) eta Ricardoren (Madril, 1852-1917) aita da.

1.- José de Madrazo, Francisco Javier Gardoqui kardinalaren erretratua, 1816
2.- Federico de Madrazo, Pierre Hippolyte Eyquemen erretratua, 1854
3.- Federico de Madrazo, Bernar kondesaren erretratua, 1857
4.- Federico de Madrazo, Agustín de Obietaren erretratua, 1852
5.- Raimundo de Madrazo, Mozorro-dantzaldiko irteera, c. 1885
6.- Raimundo de Madrazo, Damare baten erretratua, urdinean, c. 1897-1905
7.- Raimundo de Madrazo, Dama gaztea lorategian, 1900etik aurrera
8.- Raimundo de Madrazo, Federico de Madrazoren erretratua, margotzen ari dela, 1875
9.- Ricardo de Madrazo, Juan de Barroetaren erretratua, 1884

 

 

Pariseko Hôtel du Norden alboan kokatutako Valentín jai-aretoko ateetan, mozorro-dantzalditik irten berri diren zenbait pertsonaia mozorrotu daude. Kaleko bakardade gautarrean, sarrera apaintzen duten gasezko faroltxoen argipean, gizon batek maskara daraman neska gaztea gonbidatzen du hoteletik hurbil dauden zalgurdietako batera igotzera. Bien bitartean, atearen orpoan bermatuta dauden soldaduek oharkabean hitz egiten dute aretoko atezainaren aurrean, eta mozorrotutako beste batzuk espaloitik aldentzen dira.

XIX. mendeko azken laurdeneko Paris mundutar eta gautarreko eszena ezin ederragoa oso adibide esanguratsua da Raimundo de Madrazok bizitza osoan nazioarteko merkaturako margotu zituen genero-eszena ugarien artean. Bertan, Madrazok mozorroen dantzaldiak jorratu zituen berriro. Gai hori, hain zuzen ere, beste batzuetan ere landu zuen artistak, eta oso erakargarria ere bazen Europa osoan tableautinean ziharduten artistentzat, urte haietan moda-modan baitzegoen. Besteak beste, artistak Sortie du bal masqué margolan ikusgarria aurkeztu zuen lehiaketatik kanpo Pariseko 1878ko Erakusketa Unibertsalean, eta oso laudatua izan zen bere garaian, azalkeria limurtzailean lekuratutako trebezia teknikoaren eta aberastasun apaingarriaren adierazgarri paregabea zen-eta.

Kasu honetan, ordea, argudioak suspertzen dituen faktore anekdotiko eta apaingarrienak nabarmendu beharrean, artistak eszenaren azaleko irakurketa baino ez du iradokitzen ironia sotil-sotilaz, gizonak neska gazteari egindako gonbitaren bidez. Izan ere, konposizioko erabateko protagonista bihurtzen ditu, aretoko atariaren aurrean haien siluetak garbi-garbi ebakitzean. Bitxia bada ere, gizonaren aurpegiak antz handia dauka Raimundo de Madrazoren beraren aurpegierarekin. Garai hartan, hain zuzen ere, oso ezaguna zen haren aurpegia, aitak, Federico de Madrazok, 1875ean margotu zion erretratu zoragarriagatik. Gaur egun, Prado Museoan dago margolan hori. Edonola ere, sekuentziako narrazioaren inguruko interesa artistak kaleko giro gautarrari buruz egiten duen interpretaziopean dago neurri handi batean. Argi artifizialpean agertzen denez, establezimenduetako errotuluak nabarmentzen dira, eta dantza-aretoko, ardo-tabernako eta hoteleko barrualdeak iradokitzen ditu modu zoragarrian. Horrela, bada, argi eta garbi adierazten da Madrazo oso liluratuta zegoela –bere garaiko beste hainbat artista bezala– Cité lumièreko gasezko argipeko giro gautarrekin.

Madrazoren ohiko ezaugarriak kontuan hartuta, oso paleta soila bada ere, berriro ere ezin harrigarriagoa da pinturarako duen trebetasuna. Izan ere, Mariano Fortuny koinatuaren trebezia preziosistaren jarraitzaile duina da. Era berean, behaketarako zentzu ezin zorrotzagoa ere badauka, eta hori eszenako xehetasun guztietan dago ikusgai, baita bigarren mailakoak diruditenetan ere; esate baterako, lehen planoko ur-putzuan, gurpilen erradioetako islaetan, errotuluetako letretan edota zalgurdietako faroletako zenbakietan.

Testua: José Luis Díez
Madrilgo Ondare Nazionaleko Errege Bildumetako zuzendaria



Raimundo de Madrazo (Erroma, 1841-Versailles, Frantzia, 1920)
Mozorro-dantzaldiko irteera, c. 1885
Olioa oholean. 49 x 80,5 cm
Carmen Thyssen-Bornemisza Bildumak Carmen Thyssen Málaga Museoari dohainik egindako mailegua

Babeslea:

Raimundo de Madrazo

Zerrendara itzuli