X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Azken urteotan, museoak joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan ezagutzera eman ziren euskal artisten lana ikertu eta hedatu du, formatu ertaineko erakusketen bitartez eta erakusketa horiei zegozkien katalogoen bitartez. Modu horretan, bi adibide aipatzearren, joan den urteko udazkenean José Ramón Anda (Bakaiku, Nafarroa, 1949) eskultorearen lanari buruzko erakusketa antolatu zen, eta, aurrekoan, Daniel Tamayoren (Bilbao, 1951) azkenaldiko margolanen aukeraketari buruzkoa.

Helburu horri jarraituz, orain, BBK Fundazioaren babesari esker, erakusketa hau aurkezten da, Ramón Zuriarrain (Donostia, 1948) margolariaren 78 lanekin. Gehienak, batez ere, azken hamarkadan sortutakoak dira, baina lehenagoko kronologiadun adibideak ere badaude, eta batzuk berriki egindako margolanak dira, orain lehen aldiz jartzen direnak ikusgai. Erakusketan, 44 olio (horietatik, dozena bat neurri handiko lanak dira), 33 akuarela eta teknika mistoko eskultura bat daude.

Zuriarrain euskal eszena artistikoan hirurogeita hamarreko hamarkadan sortu zen belaunaldiko kidea da. Hain zuzen ere, belaunaldi horrek nazioarteko panoramari eta surrealismoak, abstrakzio lirikoak, pop arteak eta figurazio berriak sartutako aldaketei begiratzen die, eta erabat desberdintzen da gerraosteko euskal talde artistikoetatik, azken horiek alderdi geometriko edo informalistako abstrakzioaren eragin handiagoa izan baitzuten.

Hasieran, erreferentzia surrealistak sartu zituen bere pinturan; hain justu, erreferentzia horiek beste artista garaikide batzuengan ere agertzen ziren; esate baterako, bere laguna zen Vicente Ameztoyren (Donostia, 1946-2001) lanetan. Gero, Zuriarrainek, bere ibilbide zabalean, keinu bidezko abstrakziorantz jo du, kontraste kromatiko handiekin, sarri askotan neurri handiko mihiseen bitartez. Paisaia (erreala edo subjektiboa) eta erretratua dira bere gai nagusienak.

Lan egiteko modu zaindua eta pinturarekiko berezko zentzumena dauzka; hori horrela, Zuriarrainek imajinazio-energia handiko eszenatoki enigmatikoak antolatzen ditu keinuaren, mugimenduaren eta kolorearen bitartez. Batzuetan, elementu figuratiboak sartzen ditu, tarteka autobiografikoak, eszenari izaera narratiboa eta bizitasuna emanez. Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko joan-etorri horretan, Zuriarrainek bere mundua zehazteko erabiltzen duen pinturarekiko gustuak eta indar sortzaileak bizirik dirau.

 

Ramón Zuriarrain

Ramón Zuriarrain Cortázar 1948an jaio zen Donostian. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, Arkitekturako ikaslea zela, Madrilgo Círculo de Bellas Artes erakundera joaten hasi zen, eta horrela sartu zen artearen munduan. Pinturarekiko zeukan interesaren ondorioz, 1968an, Parisko Arte Ederren Eskolara joan zen, eta, han, oinarri artistikoak ezagutu eta praktikan jarri ahal izan zituen. Bere jaioterrira bueltatuta, Vicente Ameztoy margolariaren adiskide egin zen, eta azken horrek garai hartako euskal panorama artistikoan sarrarazi zuen eta sorkuntza piktorikoan gidatu zuen. Ameztoyrekin, Carlos Sanzekin eta Marta Cárdenasekin batera, erakusketa egin zuen San Telmo Museoan, 1970ean. Artista horiek, aurreko belaunaldikoek ez bezala –Gaur taldearen belaunaldia, alegia–, pintura figuratiboaren alde egin zuten, garai haietan Euskal Herrian nagusi zen konpromiso sozialaren espirituarekin bat etorriz. Zuriarrainen kasuan, figurazioa oihartzun surrealistekin nahasten da, Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako Eraldaketa lanean ikus daitekeen moduan.

1971n, Parisen egin zen Arte espainiar garaikidea erakusketan parte hartu zuen, eta, 1973an, bere lehenengo erakusketa indibiduala antolatu zuen, Donostiako El Pez Galerian. Urte hartan Euskal Pinturaren Sari Handia ere jaso zuen.

Laurogeiko hamarkadan, Zuriarrainen pintura eraldatu egin zen, eta, horrela, abstrakzio informalistara hurbildu zen, batez ere paisaietan; bertan, margolaria naturarekin identifikatzen da, eta, denborarekin, hori izan da gehien errepikatu izan duen gaietako bat, baina ez bakarra. Bere paisaiak sentsorialak dira eta itxura abstraktua dute, naturaletik hartuak izan arren. Ustez, halabeharrez sortzen dira, ustekabeko formak sorrarazten dituzten orban berde, urdin, okre, siena eta gorrien bitartez. Koloreak espazio piktorikoa antolatzen du eta protagonista nagusia bihurtzen da, lanaren gaia eta objektuak albo batera utzita.
 
Rax Rinnekangas argazkilari, zinegile eta idazlearen bitartez, Zuriarrainek Finlandiara bidaiatu zuen 1987an, eta hiru hilabete eman zituen han. Egonaldi horrek beste metamorfosi bat ekarri zion bere pinturari; izan ere, erreflexiboagoa eta funtsezkoagoa egin zen formetan eta koloreetan. Artistaren kezka sortzailea pinturaren genesirantz eta aukera espresiboetarantz joan zen. Modu paraleloan, akuarela ohiko teknika bihurtu zen berarentzat, konposizio iradokitzaileekin, non pintzelkadak modu leunean banatzen baitira paperean. Aro finlandiar horrekin batera, erakusketa ugari egin zituen nazioartean.

Paisaiari buruz egiten zituen ametsekin batera eta kontrapuntu gisa, Zuriarrainek erretratu, autorretratu eta barrualdeko eszena interesgarriak egiten ditu maiz, oinarri narratiboarekin. Horren adibide argia bere seme Martínekin batera Egipton egin zituen marrazki eta akuarelak dira, 2011ko iraultzaren kronika pertsonal gisa. Bere ibilbide osoan, umorea eta ironia konstanteak izan dira, eta hori sarritan agertzen da bere marrazki txikietan eta azkar egindako lanetan; esate baterako, iritzi-oharretan edo errealitateari buruzko txantxetan.
Bere ibilbidean beti nagusitu da aldaketaren, eraldaketaren eta denbora azeleratuaren ideia. Bere lanetan, kontrakoen arteko etengabeko batuketa eta borroka nabaritzen da –figurazioa-abstrakzioa, zuzenguneak-bihurguneak, ura-lurra…–, itxura batean amaitu gabeko prozesu batean. Hainbat erreferentzia artistiko ditu; izan ere, gazte-gaztetatik, Alberto Durero eta pintura holandarra, Claude Moneten inpresionismoa eta Georg Baselitzen espresionismoa miretsi izan ditu.

Testu: Arantxa Pereda
(erakusketaren katalogotik ateratakoa)

 

Irudian:
Izenbururik gabe, 2010
Olioa mihisean, 45 x 50 cm
Artistaren bilduma

Babeslea:

Ramón Zuriarrain

Zerrendara itzuli