X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

2001. urtetik hona, Obra Gonbidatua Programaren helburua da jendeari zenbait museo edo bildumatako obra bereziak helaraztea, betiere, Bilboko Arte Eder Museoaren bilduma iraunkorrean dauden egileen gaineko ikuspegia aberasteko edo ordezkatuta ez dauden egileak erakusteko asmoz. 2004an, Banco Santander Fundazioa ekimen honetan sartu zen, eta edizio berri guztiak babestu ditu; modu horretan, urtean zenbait bider antolatu izan da programa hau, eta, batzuetan, Fundazioak bere bildumako obrak ere laga ditu.

Hogeita zortzigarren edizio honetan, Lucian Freuden (Berlin, 1922) Isla bi umerekin (Autorretratua) margoa aurkezten dugu. Koadroak 1965eko data dauka, eta Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoaren bildumakoa da. Bizirik dauden arte garaikideko margolarien artean, Freud garrantzitsuenetakoa da, eta bere belaunaldiko esanguratsuenetakoa, funtsezko zeregina izan du-eta XX. mendeko pintura britainiarreko tradizio figuratiboaren jarraipenean. 

Isla bi umerekin (Autorretratua) lanean, margolariak bere burua islatu zuen, bi seme-alaba txikiekin batera. Koadroa bere estilorik pertsonalenaren barruan sartzen da; izan ere, gizakia erretratuetan eta biluzietan erakusten du, errealismo gordin eta zehatza erabiliz, eta kolore neutrodun paleta aplikatuz.

Freudek –psikoanalisiaren aitaren iloba da– izaki atsekabetu gisa irudikatu nahi izaten du gizakia. Joera hori gerrarteko giro existentzialista europarraren barruan sartzen da, eta beste artista batzuen pinturan ere nabaritzen da; besteak beste, Freuden lagun handia zen Francis Baconen margoetan. 1945ean ezagutu zuten elkar, Londresen. Izan ere, Freud bertan bizi zen, 1933an, nazismotik ihes eginez, bere familiak Alemania utzi zuenetik. Elkarren arteko adiskidetasunari eta interes piktoriko komunei esker, sarri egin zizkioten erretratuak batak besteari. Baconen estiloak ere eragina izan zuen Freudengan, eta, apurka-apurka, pintzelada askeagoa hartuz joan zen, Thyssenetik ekarri den eta orain ikusgai dugun lan honetan nabaritzen den bezala.

Lucian Freuden Isla bi umerekin (Autorretratua), Thyssen Museoaren jabetzakoa, eta Francis Baconen Ispiluan etzandako figura, Bilboko Museoaren jabetzakoa, 6 urteko aldearekin daude pintatuta, eta, orain, batera daude ikusgai. Giza figurarekiko eta ispiluaren baliabidearekiko (zeinak errealitatea islatzen eta deformatzen baitu) interesa konpartitzen duten bi ikuspegi horiei esker, existentzia garaikidearen bakardadeari buruzko hausnarketa pizten da.

 



Berlinen jaiotako Lucian Freud artista britainiarraren lana (Sigmund Freud psikoanalistaren iloba da), errealitatearen eta materiaren arteko tentsiotik elikatu izan da beti, ikusten eta ukitzen denaren arteko tentsiotik. Berrogeiko hamarkadan datatutako bere lehenengo margoetatik hasita (lan haiek zehaztasun primitibista eta nolabaiteko aire neorromantiko eta surreala zuten), arte figuratiboaren alde egin zuen, garai hartan nagusi ziren korronte abstraktuei muzin eginez. Gainera, giza gorputzarekiko obsesioaren eraginez, erretratuaren generoaren berrinterpretazio originala egin zuen.

Bere autorretratu ugarietan, margolaria keinu behartuarekin agertzen da beti, begiak kliskatuz, zeharka edo beherantz begiratuz, bere burua ispilu baten bitartez islatzeko egin behar duen ahalegina erakusten duen begiradarekin. 1965eko Isla bi umerekin (Autorretratua) lanak bi elementu uztartzen ditu: alde batetik, artistaren kontrapikatu handia, non argi ikusten baita nola bihurritu behar duen gorputza bere burua ispiluan ikusteko (ispilua bere oinetan dago, zoruan); eta, bestetik, bere gainean dagoen lanpararen forma abstraktu samarra.

Konposizio osoa isla ikusgarri hutsa da. Berau indartzeko, atzealdea gris lisoa da, eta, ondorioz, aurpegian eta eskuetan biltzen diren argi-ukituak are gehiago nabarmentzen dira. Irudia ez da hasiera-hasieratik antzematen, Freudek bi ispilurekin esperimentatu zuen lehenengo autorretratuetako bat da eta. Hori horrela, ikusleak behetik gora begiratu behar dio figurari, artistaren begiradarekin zuzenean topo egin arte.

Beste alde batetik, Rose eta Ali seme-alaba txikien irudia (Suzy Boytekin izandako harremanetik jaio ziren, eta, koadroan, beheko aldean daude, ezkerrean) Seneb nanoaren eta bere familiaren hilobiari buruzko ilustrazio batean dago inspiratuta (hilobia Kairoko Museoarena da). Aipatutako ilustrazioa Egiptoko arteari buruzko J.H. Breasteden Geschichte Aegyptens eskuliburuan agertzen zen, eta, hain zuzen ere, liburu hori funtsezkoa izan da Freuden margolari-karrera osoan.

Erabilitako teknika piktorikoa, brotxakada handi eta espresibokoa, Frans Halsen erretratuekin lotu daiteke. Izan ere, Freuden ustez, Hals artista modernoa zen, zeukan zakartasuna zela eta. William Feaverrek honelaxe definitu zuen Freud, eta ez kasualitatez: "berehalakotasunerako joera duen Paddingtongo Hals". Maisu holandarrak modu irmo eta zuzenean aplikatzen zituen pintzeladak, zurda zurruneko pintzela pinturaz blaituta, modeloak mihisean islatzeko orduan artistak zeukan zeregina nabarmendu ahal izateko; bada, Freud lan egiteko estilo horretara hurbiltzen da.

 


Testu: Paloma Alarcó
Pintura Modernoaren kontserbatzailea, Thyssen-Bornemisza Museoa

 

Lucian Freud (Berlín, 1922)
Isla bi umerekin (Autorretratua), 1965
Olioa mihisean, 91 x 91 cm
Thyssen-Bornemisza Museoa, Madril

Babeslea:
Isla bi umerekin (Autorretratua)

Zerrendara itzuli