X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Bilboko Arte Ederren Museoak, Obra Gonbidatua programaren barruan, eta Banco Santander Fundazioaren babesarekin, Comme des Garçons prêt-à-porter japoniar etxearen 2016ko udazken-neguko bildumari dagokion sorkuntza lan bat erakutsiko du. Aipatutako japoniar etxe hori Rei Kawakubo diseinatzaileak sortu zuen, eta bera da bertako zuzendaria. Lana Palais Galliera (Parisko Modaren Museoa) museoaren bildumakoa da.

Lehenengo aldia da, 18 urtez gure museoan Obra Gonbidatua formatua egiten ari garenetik, moda lan bat aurkezten dela; izan ere, aurreko 61 edizioetan, bereziki pinturak erakutsi dira jendaurrean, baina baita eskulturak, paper gaineko lanak, tapizak, arkeologiako lanak, instalazioak eta performance bat ere.

Modako erakusketek, aldiz, oso aurrekari gutxi izan dituzte Bilboko Arte Ederren Museoan, baina benetan nabarmenak izan dira gutxi horiek, Balenciaga. Mugaren diseinua eta 50eko hamarkada. Moda Frantzian 1947-1957 erakusketen barruan. Lehena 2010ean izan zen, eta bigarrena, berriz, 2015ean. Azken horretan ehun modelo eta osagarri bildu ziren, Pallais Galliera museokoak gehienak eta orduko hartan bertako zuzendari zen Olivier Saillardek hautatuak. Bilboko erakusketa hartarako Miren Arzalluzek jardun zuen komisario laguntzaile moduan, eta gaur egun bera da, hain zuzen ere, Parisko museoaren zuzendaria.

Arzalluz aditua da trajearen eta modaren historian, eta Comme des Garçons abangoardiako etxearen jantzi garaikide ikusgarria hautatu du oraingo honetarako. Elkarrizketa arina sortzen da jantziaren forma organikoen eta Bilboko museoko alfabetoaren Ñ (ñabar / multicolor) aretoko pinturek dituzten kolore bizien artean.

 

 

Comme des Garçons, Rei Kawakubo
Prêt-à-porter, 2016ko udazken-negua
Soinekoa
Brokatu loreduneko ehuna, damasko motako lurex irisatu loreduneko ehuna, eta kotoi gorriko belusa
Palais Galliera, Musée de la Mode de la Ville de Paris
Jabea, Vogue Paris Foundation 2016, GAL2017.17.9.1 à 3

 

Pieza hau Palais Gallieraren (Pariseko Modaren Museoa) funtsetakoa da. 2016ko udazken-negu sasoiko soineko bat da, Rei Kawakubo diseinatzaileak sortu eta zuzendutako Comme des Garçons japoniar prêt-à-porter firmarena.

Comme des Garçons etxeko diseinu guztiak manifestuak dira. 1981ean Parisen lehenengo desfilea egin zuenetik, Kawakubok beti egin du jantziak deseraikitzearen aldeko apustua; azkenik, 2014an, diseinatzailearen siluetak, berez sofistikatuak, sekulako egiturak bilakatu ziren. Bilduma bakoitzaren gaiak askotariko interpretazioak izan ditzake, egileak apenas azaltzen ez dituenak.

2016ko udazken-neguko sasoiko bildumak "XVIII. mendeko punkak" dakartza gogora, eta Lyonen du jatorria, zetazko manufakturengatik ospetsua den hiri horretan; hain zuzen ere, handik ateratzen du diseinatzaileak piramide-formako jantzi hau osatzen duten hiru lore-brokatuen aberastasuna. Baina, horretarako, luxuzko materialetatik egitura mailakatura bideratzen du arreta. Egiturak XVIII. mendeko tontillodun soinekoak ekartzen ditu gogora, baina baita kakalardo baten hegoak edo auto baten aurreko sareta ere.

Aitzitik, ile artifizialez apaindutako zapatek leuntasuna ematen diote soinekoaren armadura harrigarriari, XVIII. mendeko zenbait zapata apaintzen zituen larruari keinu eginez.

Rei Kawakubok beti hiru dimentsiotan sortzen ditu bere lanak; hala, guztiz interpretatu ahal izateko, inguratu egin behar dira.

 

Sarrera Erosi

ERAKUSKETAREN EDUKIA: Rei Kawakubo

Zerrendara itzuli