X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Banco Santander Fundazioak babestutako Obra Gonbidatua programaren 2018ko lehenengo proposamenak barne hartzen du Erresuma Batuko pinakoteka publiko zaharrena den Londresko Dulwich Picture Gallery-ren aldetik jasotako mailegua: bertako artelan ospetsuenetakoa den Neskatila leihoan lana. Margolanaren eskuineko beheko ertzeko sinadurak eta datak aditzera ematen dutenez –"Rembrandt /ft. 1645"–, Rembrandt Harmenszoon van Rijn (Leiden, 1606–Ámsterdam, 1669) holandarrak margotu zuen 1645ean.

Dulwichen lan honek maisuki biltzen ditu XVII. mendeko holandar tradizio artistikoari eta, bereziki, Rembrandt jenioaren produkzioari ospe handiena eman zioten bi generoak: pintura kostunbrista eta erretratua. Baina, gainera, XVI. eta XVII. mendeetan ezaguna egin zen pintura mota ondo errepresentatzen du. Horretan, modeloa ikuslearen espazioan sartzen dela ematen du, zenbait konposizio-baliabideren bidez, adibidez, leiho batera atera edo koadroaren markoa gainditu. Baliabide horiek sortzen dituzten ilusio optikoek zalantza sortzen dute ikusten ari garenaren errealitatearen gainean.

1640ko hamarkadatik hasita eta hurrengoaren erdialdera arte, Rembrandtek eta bere tailerreko ikasleek teknika honek eskaintzen zituen aukerak esperimentatu zituzten- trompe l'oeil deitutakoa- konposizio ugaritan. Neskatila leihoan errepresentazio mota horren eredu onenetariko bat da, holandar margolariaren produkzioaren barruan. Pertzepzioaren eta errealitatearen arteko jokoa maisuki lortzen da hemen, eta posatzen ari den zehaztugabeko barrualdean gu sartzea lortzen du modeloak. Ikuspegiaren efektua neskatoaren kokapen diagonalarekin indartzen da: oso argiztatuta
dagoenez eta begietara zuzenean begiratzen digunez, argi-itzaleko espazioan sartzen gaitu, eta, agian, baita bere munduan ere.


 

1645ean margotutakoa, Rembrandtek 39 urte zituenean, koadro hau genero-pinturaren eta erretratuaren artean kokatzen da. Ez dakigu neskatoa nor zen, iraganean gortesaua, neskalagun judutarra edo pertsonaia historiko edo bibliko bat bezala identifikatu da. Onarpen handiagoa du zerbitzari bat izatea defendatzen duen ideiak: aurpegiaren kolore arrosak eta besoetako kolore beltzaranak kanpoan lan egiten zuela adieraz dezake.

Leiho-ertzean jarrita, konposizioaren kanpoko alderantz begiratzen du, lepokoarekin jolasten duen bitartean: urrezko kate bat edo kordoi bat, eskumuturrean eta janzten duen alkandora askeko josturetan ere ikus daitekeena. Orrazkera txiki bat ere badauka, ziurrenik Holandako iparraldean erabiltzen zutenen antzekoa, eta ilea bizkarrean kordoi gorri batekin bildua du.

Roger de Piles (1635-1709) frantziar teorikoak eta koadroaren jabe ohia denak askotan aipatutako anekdota bat da Rembrandtek lana bere leihoan jarri zuenean oinezkoek neskatoa pertsona erreal bat zela uste izan zutela. Istorioa guztiz erreala ez den arren, pintoreak erretratu errealistak sortzeko zuen gaitasunaren irudi orokor bezala baliagarria da, ikusleak liluratzeko gai direnak. Trompe l'oeil pintura mota hau XVII. mendean egin zen ezagun. Hori dela eta, Rembrandtek konposizio hau bere karrera osoan erabiltzen eta egokitzen jarraitu zuen.

Pintzelkada seguruak eta pinturaren enpaste lodiak 1640ko hamarkadako Rembrandten estiloaren berezkoak dira. Obra kontserbatzeko duela gutxiko prozesuan, kolorerik gabeko berniza ezabatu da, eta horrek modeloaren aurpegiko kolore nahasketa bizia atera du. Askotan Rembrandtek pintura espatularekin eta bere atzamarrekin ere margotu zuen.

Dulwich Picture Gallery

 

Rembrandt Harmenszoon van Rijn (Leiden, 1606-Amsterdam, 1669)
Neskatila leihoan, 1645
Olioa oihalean. 81,8 x 66,2 cm
Dulwich Picture Gallery, Londres

 

Babeslea:                                                       Laguntzaile:
Rembrandt

Zerrendara itzuli